Erraldoiak gidatzeko txanda iritsi zaie Bergarako gaztetxoei

Mirari Altube Arrese 2014ko urt. 25a, 09:00

Bergarako erraldoiak kalejirarako gertu.
Inor jaietan gustura ibiltzen bada erraldoiak eta buruhandiak dira horiek. Taldeko kideek, orain, umeak gura dituzte konpartsaren bueltan, eta azken urtean horretan dihardute. Hala, domekarako, hilak 26, 6 urtetik gorako neska-mutikoak elkartu gura dituzte Zabalotegiko pilotalekuan (11:00).

Jairik jai topatuko ditugu edozein herritara joanda ere, baita Bergaran ere. Inauterietan lehenengo, Pazkoetan gero, San Martzialetan eta San Martinetan, gaitari eta txistularien atzetik, dantzan beti. Erraldoi horien barruan, baina, herritarrak behar dira, eta hori jakinik eratu zuten Bergarako Erraldoi Taldea orain dela ia 14 urte. Orain, umeak gura dituzte taldearen bueltan, eta azken urtean horretan dihardute. Hala, domekarako, hilak 26, 6 urtetik gorako neska-mutikoak elkartu gura dituzte Zabalotegiko pilotalekuan (11:00).

Iaz deitu zien lehenengoz umeei, eurendako moduko bi erraldoi egin ostean; Elhuyar anaiak. "Oso esperientzia polita izan zen; hiru egunetan deitu eta horietako batean 50 bat agertu ziren. Pentsa zer zen hura, ume mordoa eta erraldoi gutxi; baina, nekatu ere samur egiten direnez txanda asko egiteko aukera izan zuten", argitu du Bergarako Erraldoi Taldeko kide den Ibon Unamunok. Izan ere, a ze ohorea bizkar gainean erraldoi bat eraman ahal izatea: "Guraso batzuek bezpera arte ez diete esaten umeei erraldoiekin aterako direnik, bestela lorik ere ez dutela egiten diote", dio Unamunok.

Iazko maiatzean, Pazkoetan, aurkeztu zituzten jendaurrean umeendako egindako bi erraldoi horiek. Mikel Ibartzabal bergararrak egin zituen, eta 6 urtetik gorako neska-mutikoek eroan ahal izateko modukoak dira: 2,5 metro dituzte eta 10 eta 15 kilo artean. Bergarako historian zeresan handia izandako pertsonaia bi aukeratu zituzten, gainera, erraldoiok egiteko: Juan Jose eta Fausto Elhuyar. Eguraldiak ez zien lagundu aurkezpen egun hartan, baina, etxean geratzeko asmorik ere ez zuten, ez erraldoiek, ezta txikiek ere: "Beira-zuntzarekin egindako pertsonaiak dira eta ez da komeni izaten bustitzea. Hala ere, 13 urtean behin bakarrik egin digu euria, iazko jaietan hain zuzen. Pilotalekuan elkartu ginen orduan, eta zelan ez, jaiarekin jarraitu", argitu du Unamunok.

40 inguruko taldea

2000. urtea arte ez zegoen erraldoi konpartsarik Bergaran, "ez da egon tradiziorik gurean". Bi erraldoi bai, Joxe Bixente eta Mari Kattalin bazeuden –33 urtetik gora dituzte–, baina horien ardura zuen talderik ez. Beste bi erraldoi egiteko asmoa agertu zuen Udalak orduan, eta zortzi lagun elkartu ziren haien ardura hartzeko gertu. Orain, ostera, 26 lagunek jarduten du hiru metrotik gora dituzten pertsonaiok gidatzen, 18 eta 40 urte artean dituzten bergararrak; eta inguruan beste horrenbestek jarraitzen diete kalejira guztietan: "Bazkari bat egin dugu oraintsu lanotan ibiltzen garenok, eta 40 bat lagun elkartu ginen", dio Unamunok; izan ere, ez da komeni lanerako bakarrik elkartzea, harremanak ere zaindu behar dira: "Halako talde batek luzaroan iraun dezan eta indartsu manten dadin ezinbestekoa da giro ona, eta hori ere zaindu beharra dago".

Umeak taldera ekarrita jarraipena ziurtatu gura dute, "txanda hartuko duten herritarrak izango direla jakin". Hori buruan izanik sortu zituzten Felixin eta Guti erraldoi txikiak 2011n, eta era berean, herriko saltsa eta perrexila diren Felix Iñiguez eta Luis Mari Gutierrez omendu guran. "Umeendako zerbait egin gura genuen, eta erdibideko zerbait dira, ez handiak, ezta txiki-txikiak ere". Izugarrizko arrakasta dute gainera, ipotx txikien antza dutelako edo. Orain arte, baina, nagusiek erabili izan dituzte horiek biak, 2 metroko garaiera izanik eta begiendako zuloa goiko partean, umeek, gutxienez, metro eta erdiko garaiera behar dutelako erabili ahal izateko: "Asmoa da umeak Elhuyar anaiekin hastea lehenengo; gaztetutakoan, Felixin eta Guti eroatea, eta gero, erraldoi handiak. Hala, kate osoa egingo dute eta bitartean ikasi erabiltzen", azaldu du Unamunok.

Irailean, Bartzelonara

Herriko jaietan bakarrik ez, kanpoko ospakizunetara ere joan izan da Erraldoi Taldea, Bilbora, Donostiara, Azpeitira eta Soraluzera, esaterako. Bakarrik ez, gaitariekin ibiltzen dira hara eta hona, eta herrian ez dagoenez talderik Elgoibarkoak "adoptatu" dituzte. Aurten, gainera, Bartzelonako erraldoi konpartsa batek bidalitako gonbidapena jaso dute elkartrukea egiteko: "Irailean hara joateko proposamena egin digute, eta ezetzik ez dugu esan. Pentsatzen gabiltza eta baliteke animatzea", dio Unamunok.

"Ilusioarekin" gidatzen diren erraldoiak

Hamar erraldoik osatzen dute Bergarako taldea. Sei dira handiak: Joxe Bixente eta Mari Kattalin –bakoitzak, 20 kg eta 3,50 m– (1980); Madalena – 48 kg eta 3,60 m– eta Ximon –44 kg eta 3,65 m– (2000); eta Peru eta Marixa –bakoitzak, 38 kg eta 3,55 m– (2003). Ertainak bi dira: Felixin eta Guti –bakoitzak, 2 m eta 10 kg– (2011); eta txikiak beste bi: Elhuyar anaiak – 2,5 m eta 15 kg– (2013). Eta horiei beste bi erraldoi txikik egiten die lagun jai guztietan, Jon Errasti bergarar gazteak egindakoak (2012).

Bergarako erraldoi taldea.

Erraldoi horiek erabiltzeko ez da aparteko dohainik behar, samur gidatzeko modukoak direlako. Taldekideen esanetan "gogoa eta ilusioa izanez gero aise gidatzen dira". Dantzan jakin beharrik ere ez dago, oinarrizko lau pauso ikasita samur gida daitezkeelako kalean gora, kalean behera, Elgoibarko gaitarien atzetik

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak