Miguel Gonzalez Bastidaren omenezko kontzertua eskaini zuen atzo EOSek Bergaran, eta Udal Pilotalekua goraino bete zen musikazalez. Indarrak eta zirrarak, biek egin zuten bat atzokoan.
"Oso gustura egon gara, hunkituta". "Ederra izan da; 5. Sinfonia, oso ederra". "Sinestezina izan da; aldian behin etortzen dira, eta aprobetxatu egin behar da".
Atzo gauean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Bergaran eskaini zuen emanaldiaren ostean ikusleei entzundako batzuk dira horiek. EOSek Bergara bisitatzen zuen bosgarren aldia zen, eta oraingoan motibo berezi batekin: Miguel Angel Gonzalez Bastida musikari bergararra omentzea, hain zuzen ere.