"Oso gustura egon gara, hunkituta". "Ederra izan da; 5. Sinfonia, oso ederra". "Sinestezina izan da; aldian behin etortzen dira, eta aprobetxatu egin behar da".
Atzo gauean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Bergaran eskaini zuen emanaldiaren ostean ikusleei entzundako batzuk dira horiek. EOSek Bergara bisitatzen zuen bosgarren aldia zen, eta oraingoan motibo berezi batekin: Miguel Angel Gonzalez Bastida musikari bergararra omentzea, hain zuzen ere.
Udal Pilotalekua, beteta
Udal Pilotalekuan izan zen kontzertua, eta goraino bete zen berau: sarrera guztiak agortu ziren, eta 800 pertsonak gozatu ahal izan zuten ordu eta erdi inguru iraun zuen emanaldiaz. Bergararrak asko, baina baita beste herri batzuetatik joandako musikazaleak ere.
Iragarrita zegoen moduan, omenduaren pieza batekin hasi zen kontzertua, Lorea-rekin, hain zuzen ere. Une berezia izan zen gainera, omenduaren seme Alfredo Gonzalez Chirlaquek zuzendu zuen-eta pieza horretan Euskadiko Orkestra sinfonikoak.
Johannes Brahmnsen Biolin, biolontxelo eta orkestrarako kontzertua-rekin jarraitu zuen emanaldiak. Kasu honetan, eta gainontzeko emanaldi guztian Lorenz Nasturica-Herschowici izan zen zuzendaria; zuzentzeaz gain, bakarlari moduan ere ibili zen biolina jotzen. Bakarlari lanak egin zituen baita ere Juan Ignacio Emmek, bere kasuan bilontxeloarekin.
Atsedenerako tarte bat hartu ostean, ikusle askori oiloipurdia jarri zion Beethovenen 5. Sinfonia jo zuen EOSek. Berez hor amaitzen zen programa, baina egon zen azken oparirik: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Agur jaunak jo zuen, eta ikusleek, aulkietatik zutituta, ahotsa jarri zioten musikari. Txalo zaparrada luzearekin eskertu zuten Udal Pilotalekuan bildutako musikazaleek EOSen emanaldia.
Familia, oso hunkituta
Emanaldia amaitutakoan, pozik zeuden iaz zendu zen omenduaren senideak. "Oso berezia izan da, oso polita; dena primeran irten da, eta familia guztia oso hunkituta gaude" zioen Patrizia Gonzalez, Miguelen bilobak. Jende asko egongo zela uste arren, Udal Pilotalekua betetzerik espero ez zutela gaineratu zuen, eta adierazi zuen aita ere gustura geratu zela Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzendu ostean: "Oso ondo geratu da Lorea, gozoa, maitasun handiarekin". "Pozik egongo da" adierazi zuen bilobak aitonaz galdetzean.
Egubakoitzean, Goiena telebistan
Goiena telebistak osorik grabatu zuen atzoko kontzertua eta datorren egubakoitzean, hilaren 24an, ikusteko aukera izango da, 22:15etik aurrera.