Proiektua berreskuratu zutenetik argiteria eta kableak jartzeko zutabeak egin dituzte "eskaera egin arren Gipuzkoako Foru Aldunditik ez dugu dirulaguntzarik jaso, horregatik, zatika garatzen ari gara proiektu guztia", azaldu du Ugarteburuk. Hala ere, aurten ere zenbait egokitzapen egiten jarraituko dute, tartean, oraindik bukatzeke dagoen Deba ibaira jaisteko aldapa. Kirol arduradunak azpimarratu moduan: "Kirol instalazio hauek osatzeko orduan, ibaia eta inguruak kontu handiz zaintzen ari gara".
Ingurumena ere kontuan
Lanak ez dira ohiko medio batean egiten ari, ibaia inguru bizia baita eta bertan kontuan hartzeko aspektu ugari baitaude. 2012an lanak egiteko ardura hartu zenetik ingurugiroa bereziki zaindu da. "Lanak hasi genituenean ingurua garbitu eta gero instalazioekin baino, ingurumenarekin zerikusia duten hainbat lan egin ditugu", argitu du Ugarteburuk. Ubidera eroritako zuhaitzen bat kendu eta landare inbaditzaileak murrizteko ere lanak egin dira. Bigarren kasu honetan, ibaitik kendutako landareen tokian bertako flora berria landatu da. "Ura eta natura horren presente dauden kirol batean, ingurugiroa zaintzea gakoa da" diote Udal ordezkariek.
Lan gehiago egingo dira
Egun hauetan Labegaraietako auzoan amaitzen ari diren aldapa ez da proiektuko azken lana izango. "Aurten beste lan batzuk egingo ditugu, eta aurreko urteetan moduan, laguntza ekonomiko eske Aldundira joko dugu", zehaztu du Ugarteburuk. Aldundiaren erantzuna jakin ostean erabakiko dituzte aurrerantzean aurrera eroango dituzten lanak.
Proiektua, baina, ez du Udalak bakarrik garatu. "Lanok Beti-Busti elkartearekin batera adostuak izan dira eta aurreratzean ere gauza bera egiten jarraituko dugu" dio Ugarteburuk. Momentuz data zehatzik ez dagoen arren, laster piraguistek ere instalazio egoki bat izango dute.