Botatzea azken aukera izan behar delako, Bergaran, Kafekonpon

Julen Iriondo 2014ko urt. 20a, 00:00

Disko-jogailua konpontzen, buru-belarri.
Hileko bigarren eguaztena; San Joxepe erretiratuen elkartearen egoitza. Eduardok txigorgailua zuen hondatuta eta Iñakik konpondu dio. Iñakik ez zuen bilobaren jostailua konpontzen asmatzen, baina Felipek lortu du lan askorik gabe. Pili pozik dago hondatuta eramandako gailu guztiak konpondu dizkiotelako, eta berak gauzak berrerabiliz berriak nola sortu erakutsi die lagunei; Juan Carlosi, besteak beste. Lanpara egiten ikasi du Juan Carlosek, eta mekanika alorreko ezagutza partekatu besteekin. Kafekonpon.

Bergaran, orain hilabete batzuetatik hona, hondatutako gailuak konponduz eta, ondorioz, berrerabilpena bultzatuz egiten ari diren ekimenean, bultzatzaileetako bat da Iñaki Alberdi. Kafekonponen, kafetxo bat hartuz elkartu ohi dira hileko bigarren eguaztenetan San Joxepe erretiratuen elkartearen egoitzako gela batean. Askotariko gauzak konpontzen trebeak diren dozena erdi bat lagun dira oraingoz –ateak irekita dituzte nahi duten guztientzako–, eta herritarrek eramaten dizkietenak konpontzen saiatzen dira, musu-truk, berrerabilpenagatik. Herritarrek, edozeinek eramandakoak, edo euren artean batzuek besteenak ere bai. Iñaki Alberdi bera ere ibiltzen da konponketa ahaleginean, baina bilobaren jostailuarekin ezin asmatu, eta Feliperi eskatu dio laguntza. Etorri da Felipe eta ekin dio konponketari. Eta, bien bitartean, Iñaki gurekin solasean. Ze hori ere bada Kafekonpon, solasa eta lagun artea.  

Botatzea "garesti" 

"Bilobak ekarri zidan jostailua eta esan zidan: 'Ea, aitaita, hau konpondu daitekeen'. Ez du balio handirik, baina konpontzeko ere ez du zailtasunik". Dakienarentzat, behinik behin. Eta gehitzen du: "Traste berri bat, adibidez, hutsarekin konpondu daitekeena, berriz martxan jarri daitekeena eta atzera ere erabili, hori hartu eta bota egitea penagarria da alde batetik, eta garestia bestetik". Eta horrela iritsi zen Iñakiren bilobaren jostailua Kafekonponera.

Hilez hileko zitara jendeak eramaten duena edozer dela ere, zail da aurkeztutako arazoari irtenbidea emateko gai den lagunik ez egotea Kafekonponeko mahaiaren bueltan: "Batzuek denetik egiten dute; Felipek, adibidez, mekanika, elektrizitatea... maneiatzen ditu, elektronika ere bai, eta beste batzuk gaude apur bat mugatuagoak, etxean traste batzuk-eta konpontzen ibilitakoak, ez ofizioz horretan jardundakoak, baizik eta ukitu edo konpondu beharreko trasteren bat esku artean ibili izan dugunak. Eta badira beste batzuk ofizioz mekanikoak, edo elektrikariak", azaldu digu Alberdik.

Europako hainbat hiritan berria ez den ekimen hau –repair cafe gisa ezagutzen da– Udalarekin batera jarri dute martxan Bergaran; Bergaran jarri dute, beste leku askotan ere egiteko modukoa dena: "Bailara honetan profesional asko daude gauza asko konpondutakoak; gu bezala edo gu baino askoz gehiago dakitenak seguru daudela mila bat", dio Alberdik. Eta batek ez dakiena beste batek daki: "Elkarrekin jardutea askoz errazagoa da, bakarrik baino". Hortik elkartzearen balioa. Eta batzuek bestengandik ikasten dutela horrela ere badio. Eta konpontzaileek elkarren artean bezala, baita besterik gabe euren trasteak eramaten dituztenek ere. Izan ere, posible den neurrian, hondatutako gailuak daramazkienei haiek konpontzen erakustea ere izaten da intentzioa.  

Askotariko gailuak 

Azken saioan, adibidez, lanpara  bat, irrati-kasete bat eta disko-jogailua konpondu zituzten, besteak beste. Ikustekoa izan zen hondatutako disko-jogailua eraman zuen Pili Arinek hartu zuen poza aparailua berriz ere soinua zeriola entzun zuenean. "Botatzea pena ematen dizun gauza zaharrak izaten dira. Laugarren hilabetea da natorrela, eta ekartzen ditudan gauza denak eramaten ditut konponduta", pozik Arin. 

Benetan irizten dio interesgarri ekimenari, nahiz eta atsekabe apur batekin esan jendeari kosta egiten zaiola gauzak konpontzen saiatzea: "Kontsumo gizartea da gurea, eta aldatzea kosta egingo zaigu. Errazera, erabili eta botatzera, oso erraz ohitzen gara, baina bestera... Kontzientzia hartu behar da, eta hori poliki-poliki gertatzen da". Eta Kafekonponen beste bertute bat ere nabarmentzen du Arinek, harremanetarako ematen duen  aukera, alegia: "Adibidez, nik hauekin [dio ondoan dituen bi lagunei erreferentzia eginez] ez nuen harremanik; baina, begira, orain taldekide gara". 

Iñaki Alberdiren arabera, ekimenarekin hasi zirenetik, eramandako gailuen %80-90 lortu dute konpontzea. Bai ala bai konpondu nahiaren ondorioz, halako konponketetan jarduteak engantxatu egiten ote duen galdetuta, baietz dio, ñabardurekin: "Engantxatu egiten du, desafio bat da. Baina da desafio bat oso sanoa, eramangarria. Gaur etorri da pertsona bat, berez lanean ibili dena lan askotan mantentze-lanetan, eta esaten zuen horrela gustura egiten dela lan, presiorik gabe: kafea hartu, berriketan egin, elkarrekin begiratu...". 

Pertsona hori zen Iñaki, Iñaki Bilbao: "Beti gustatu izan zait halako gauzak egitea, eta hementxe nago. Txigorgailu bat ekarri dute; ez zebilen, eta orain badabil". Bera ere "gauzak aprobetxatzearen aldekoa" dela dio Iñakik. Lehen aldiz izan da oraingoan Kafekonponen, eta hurrengoan itzultzekotan joan da, pozik. Baina lortu ez balu ere...: "Kafekonpon da hau, baina kafe hor konpon ere izan liteke", dio barrez Iñaki Alberdik.

----------

Konpontzeaz gain, berrerabiliz sortu 

Kafekonpon hondatutako gailuak konpontzeko ekimen gisa sortu zen, berrerabilpena bultzatzeko. Berrerabilpena bultzatzeko modu bat baino gehiago dago, baina. Pili Arin, adibidez, "hilero eguna itxoiten" egoten ei da Kafekonponera joateko. Hark ez du ezer konpontzen, baizik eta gauzak berrerabiliz sortu egiten du. Azkeneko saioan, adibidez, beirazko botila eta oskolak erabiliz lanpara oina egiten erakutsi zien mahai-lagunei. 

----------

Eduardo Lopez de Aberasturi (erabiltzailea): "Erosteagatik erosteari ez diot ondo irizten"

Txigorgailua eraman zuen Kafekonponera, eta konpondu egin zioten.

Zer deritzozu ekimenari? Oso ondo. Txigorgailua bigarren eskukoa zen; berria ez erostearren erosi nuen bigarren eskukoa, eta hondatu egin zait. Eta ekarri egin dut, ze ez diot ondo irizten erosteagatik erosteari, are gutxiago garai hauetan; deshazkundearen teoria babestu behar da apur bat eta gizarte iraunkor bat egin. Eta horretarako, ondo iruditzen zaizkit halako gauzak. Eta begira, bikain, ze konpondu egin didate. Arazo bat gutxiago!

Poza hartu duzu, bai. Gehien pozten nauena da beste bat erostera joan beharrik ez izatea, ze badakigu nola egiten diren gauza hauek. Txigorgailuak 30 euro balio ditu, eta pentsatzen dut jende erdi-esklaboak egiten dituela, herrialde horietako batean, eta hori saihestu egin behar da.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak