Iñigo Alberdi: "EOSek euskal konpositoreekin konpromisoa du"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko urt. 13a, 11:00

Iñigo Alberdi, EOSeko zuzendari orokorra.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miguel Gonzalez Bastidaren omenezko kontzertua egingo du urtarrilaren 17an, egubakoitzean, 20:00etan, Bergarako Udal Pilotalekuan. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 eurotan, Bergarako Kultura Etxean eta Lazkano oinetako-dendan; emanaldiaren egunean leihatilan ere izango dira, 12 eurotan. Xehetasunak jasotzeko, Euskadiko Orkestrako zuzendari orokor Iñigo Alberdirekin izan gara.

Euskadiko Orkestrak proposatu du Bergaran kontzertua egitea. Zer dela eta?

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak askotariko ekitaldiak egiten ditu, horien artean dago Orkestra Herrietan deiturikoa. Egubakoitzeko emanaldia, Bergarako Udalarekin elkarlanean, EOSek Bergaran egingo duen bosgarrena izango da eta oraingoan, Miguel Gonzalez Bastida maisuaren heriotza hain gertu egonda, kontzertua haren omenez egitea pentsatu dugu.

Ze harreman izan zuen Miguel Gonzalezek EOSekin?

Harreman zuzenena 1980ko hamarkadan izan zen. Bergarako Orfeoiarekin batera, 1982an, Haendl-en Messias egin zuten San Pedro elizan. Enrique Jorda maisuak zuzendu zuen orkestra; Miguel bera zen garai hartan Orfeoiaren zuzendaria. 1985. urtean, berriz, Alexander Nevsky kontzertua egin genuen elkarrekin. 2008. urteko abenduan egin genuen Bergarako pilotalekuan hurrengoa eta, besteak beste, Miguelen Lorea jo genuen, Migel bera ere han zela.

Horrelako omenaldi kontzertuak sarritan egiten dituzue?

EOSek euskal konpositoreekin konpromiso eta harreman berezia dauka. Sarritan, urteurrenak direla eta, egile ezberdinen omenezko programak edo grabaketak egin izan ditugu; beraz, orkestraren adierazgarria dela esan genezake.

Zelako kontzertua izango da errepertorioari dagokionez?

Oso erakargarria. Gonzalez Bastidaren Lorea zortzikoarekin hasiko dugu kontzertua, Miguelen seme Alfredo Gonzalez Chirlaqueren zuzendaritzapean. Gero, Brahms-en biolin eta biolontxelorako kontzertu bikoitza joko dugu, non bi bakarlariek beraien maila handia erakusteko aukera izango duten. Bigarren zatian, berriz, sinfonia guztien artean ezagunena den Beethoven-en Bosgarrena joko dugu. Beraz, hiru B batuko ditugu kontzertu horretan: Bastida, Brahms eta Beethoven.

Zelako emanaldia, berriz, musikariei dagokienez? 

Orkestra 65 musikarik osatuko dute; horien artean, biolontxeloan, bakarlari moduan, Juan Ignacio Emme izango dugu. Zuzendari-concertinoa, berriz, Lorenz Nasturica izango da, EOSeko concertinoa (lehen biolina) da eta baita Munich-eko Filarmonikakoa ere. Miguel Gonzalezen Lorean, berriz,Alfredo Gonzalez Chirlaquek, haren semeak zuzenduko du. 

Nori gomendatuko zenioke? 

Kontzertu oso erakargarria eta oso gustagarria da; beraz, musikazaleei eta kontzertuetara sarritan joaten ez direnei ere gomendatuko nieke. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zerbitzu publikoa da eta guztiona; horregatik uste dut etxetik hain gertu entzuteko aukera hori ez dela galtzeko modukoa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak