Bergara, errudun. Hala erabaki zuen On Prudentzio Piper Hautsa (Mikel Irizar Intxausti) epaileak Debagoieneko Toberan. Batetik, sarritan, "itxurakeria eta azalkeria" erabiltzea eta, bestetik, "auzoekiko begirune gutxirekin jokatzea" eta zentralismoa baliatzea leporatu zitzaion Bergarari.
Zilborkeria eta Debagoieneko Eguna
Talde lanerako grina aitortu zion Bergarari epaileak, baina beti bi bandotan banatuta aritzea ere bai, setakeriaz. Oraindik ere, lubaki gehiegi daudela esan zuen.
Baina, erru horiek, bailaran nahiko hedatuta daudela-eta, zigor kolektiboa ezartzea eskatu zuen On Prudentziok. Gogora ekarri zuen orain arte Tobera epaiketa Arrasaten, Oñatin eta Bergaran egin dela eta hiruretan akats bera ikusi duela: "Zilborkeria".
Horregatik, Bergara zigortu zuen atzo, beste bi herriekin batera, Debagoieneko Eguna antolatzera. Eta non egun hori? "Bailararen epizentroan", San Prudentzion, Elorregin. Eta jai edo egun hori, apiril aldean (San Prudentzio egunaren bueltan) ospatzeko eskatu zuen.
Benetako Besarkada
Gogora ekarri zuen epaileak unea heldu dela "lubakiak desagertzeko", eta benetako Besarkada egiteko, ez Bergaran egin zen "gezurrezko besarkada" hura, benetakoa baizik. "Debagoienak komunitate sendo bat behar du" esan zuen; "pertsona guztiei konfiantza eta errespetua emango diona, euskara erdian delarik".
Txaloen eta txistu batzuen artean hartu zuten epaia ikus-entzuleek.
Bergarako auzo "autonomoena"
Jon Martir (Jon Olivares Gallastegi), Bergarako auzo "autonomoeneko", Osintxuko, ordezkaria aritu zen fiskal lanetan eta Aupa Miren Etxebeste (Ane Miren Zabala Ibarra), ostera, Bergararen aldeko defentsa abokatu lanetan. Biak aritu ziren ondo.
Eta epaiketa aretotik desfilatu zuten, banan-banan, fiskalak zein abokatuak deituta, aldeko eta kontrakoek. Bergarako auzoetako eta inguruko herrietako ordezkariek Bergarako kaletarren zentralismoa eta itxurakeria berrestu zuten. Bestetik, abokatuak deitutako herritarrek, heldu eta gazteek, eta baita pertsonaia historikoek ere, Txomin Irala modukoak, esaterako, Bergaran kulturarako eta ondo janzteko gustua nabarmendu zuten eta auzotarrek leporatutakoak ukatu zituzten.
Zientzia fikziozko epaiketa
Baina epaiketa hasi orduko, lehen ustekabea: aretoan agertu zen benetako fiskala (Iñaki Madariaga Epelde). La Lagunako unibertsitate ospetsuan zuzenbidean doktoratua, Cum laude; bergararra bera eta harro dagoena bergararra izateaz.
Zientzia fikziozko epaiketa bat zirudiela esan zuen benetako fiskalak eta epaiketari legitimitatea kendu zion: abokatua bergararra ala aretxabaletarra den galdetu zuen; epailea, berriz, Goienakoa zela, Ingalaterrako gorteetako ileordearekin, eta honen laguntzailea, Bergarako bankeroetako bat. Azkenik, Jon Martir fiskala, osintxuarra.
Abokatuak, badaezpada ere, "Bergara-Bergarakua" eta, gainera, "mojetakua" zela gogora ekarri zion benetako fiskalari.
Angiozar Bergarakoa ez Bergararena
Fiskalak deituta, Angiozarko, Uberako eta Elosuko auzotarrek deklaratu zuten lehenengo, herriko gainerako auzotarrak ere ordezkatuz. Angiozar Bergara dela, baina "ez Bergararena" ekarri zuen gogora Angiozarko auzotarrak (Mertxe Altube Belar). Angiozarrek bere borondatez Bergaran sartzea erabaki zuela gogoratu zuen eta bailara zirela orduan, baina auzo bihurtu zituztela Bergaran sartzean.
Ubera eta eskailera mekanikoak
Uberako auzotarrak (Justina Elexpuru Arregi) esan zuen beti dabiltzala kamino bazterrean, zanga-zulora jausteko arriskuan, errepidea auzoaren erditik pasatzen delako eta Bergara izateari utzi eta Elgetara pasatzeko gertu agertu zen, sasoi baten bezala, eskailera mekanikoak jartzeko prest zegoelako Elgetako Udala.
Elosuko ordezkariak, azkenik (Julian Alberdi Muruamendiaraz), Elosu herririk garaiena dela gogoratu zuen. Auzoa bi zatitan banatuta dagoela esan zuen, erdia Azkoitikoa eta beste erdia Bergarakoa dela, eta bi herrietako plazetara dagoen distantzia berbera dela, 11 kilometro, hain justu ere. Baina baserri bat Antzuolakoa dela ere esan zuen. Elosuko Errege kabalgata Bergarakoa baino hobea dela esanez amaitu zuen.
Punkya eta joskina
Arrasateko punkyaren (Nagore Menor Uli) eta Joakina Joskinaren arteko (Blanka Narbaiza Erdabide) eztabaida etorri zen ondoren. Bergararren dotorezia, ondo janzteko nahia, gustu ona, kultura… azpimarratu zituen Joakinak. Gauza gutxiri etekina ateratzeko abilezia. Handinahia, harrokeria, deitu zioten horri Arrasateko ordezkariak eta fiskalak.
Lanera, mendira eta kalera arropa berdinekin joatea leporatu zion Bergarako joskin dotoreak punkyari. Abokatuak, berriz, dotore janzteko aitzakiak aurkitu beharra eta Maritxu Kajoi asmatu beharra.
Txomin Irala eta Lope Agirre
Txomin Irala Paraguayko konkistatzaile bergararrak (Aitor Eraña Fernandez de Arroiabe) Bergararen dohainak azpimarratu zituen eta Lope Agirre oñatiarrarekin aritu zen norgehiagokan. Iralak, bestetik, gogora ekarri zien auzotarrei, bergararrak izatearren Agorrosingo Kirol guneko "spara" (bainuetxera) joateko aukera daukatela. Agirrek mehatxu egin zien Irala eta Ondartza bergarar "pertsonajilluei", akabatu egingo dituela "potroetatik helduta". Eta "Araotzen, Aramaion edo Karakateko puntan", nahi duen tokian, jaiotzen dela esan zuen Lope Agirrek.
Era berean, Bergarako Besarkada "antzezpen hutsa, itxurakeria", besterik ez zela izan esan zuen Lope Agirrek. Benetako besarkada, edo Gerra Karlisten amaiera, "Oñatin sinatu zelako".
Soraluze zuloa
Antzuolako (David Martin Lucena), Elgetako (Nerea Villa Aranzeta) eta Plaentxiako (Ugaitz Catalan Eizagirre) ordezkarien akusazioei erantzuten ere jardun zuen Txomin Iralak. Plaentxiakoari esan zion bergararrak sekula ez direla egon interesatuta hango lurrekin eta horregatik pipertuta daudela. "Pentsa, hango baserritarrak, zelaietan, arnesekin lotuta egoten dira" esan zion, "erreka zulora ez jausteko". Plazentzian, "kaixolia zatarra, baina txorixa politta" erantzun zion Soraluzekoak.
"Sagar ustel eta erreak"
Antzuolarrak, bestalde, sagar ustel eta erreak, puztuak, izatea leporatu zien bergararrei. Beti udaberriko lehen eguzki izpien zain egon izana ere bai, beltzaran jartzeko berehala, herriko jaietarako. "Moreno? Etxeko leihoa zabaldu eta beti lainopean ikusten dut-eta Bergara!", erantzun zuen elgetarrak.
Unamuno eta Agirre Lehendakaria
Izagirreko Katalina (Maritxu Barrena Aranburu), Trantsizioko herritarra (Xabier Latorre Etxaniz) eta gaztetxeko ordezkaria (Irati Alberdi Iñarra) etorri ziren deklaratzera ondoren. Herriko kultura aberastasuna, garai bateko giroa, diskotekak, dantzaldiak, musika emanaldiak… gogoratu zituen Trantsiziokoak. Baita UNED, gorren eskola eta beste hainbat sortu izana Alkartu-nai eta beste herri mugimenduetatik ere. Eta alkateen mugimendua ere gogoratu zuen, ikurriña legeztatu zuten sasoia…
Eta Miguel de Unamunoren amandrea edota Agirre Lehendakariaren ama bergararrak zirela ere ekarri zuen gogora, eta bergararra ere bai lehendakariaren txoferra: Muruamendiaraz.
Bailarako gaztetxea Bergarakoa
Gaztetxeko ordezkariak, berriz, proposatu zuen Bergarakoa izendatzea bailarako gaztetxe (Kartzela zahar dotore askoa) eta, besteak, bigarren mailako zereginetarako gordetzea: musika taldeek entseatzeko…
Oñatiko ordezkaria, kalera!
Oñatiarra (Ibai Elorza Gorostiza) kalera bota zuen udaltzainak (Pello Garitano Mendibil) istiluak sortzearren. Adierazpen askatasuna aldarrikatu zuen hark. Eta, bestetik, frontoi zainak (Mikel Laskurain Agirre), behin eta berriro gogoratu zien ikus-entzuleei futbol partidua hastear zela (Euskal Selekzioa-Peru) eta amaitzen joateko, etxera joan beharra zeukala hark-eta. Tobera frontoian antzeztu beharra ere…
Azken traka: musikalak
Eta horrela heldu zen ikuskizuna amaierara. Azken traka gordeta zeukaten bergararrek eta horren ospetsu bihurtu diren eta Bergarako herritarren kulturarako dohainak han eta hemen zabaltzeko balio izan duten musikalen erakusle den Miserableak ikuskizunaren pasarte bat antzeztu zuten. Bukaera borobila.
Ez zen azken-azkena izan. Amaitu, Bergarako ereserkia abestuz amaitu zuten-eta ikuskizunean parte hartu zuten guztiek. Pregoilaria (Unai Azkarate Ilarduia) gitarra eta guzti, ekoizpen orokorraren arduraduna (Iraitz Agirre Aranguren) eta zuzendari artistikoa (Naroa Elortza Gorrotxategi) ere bertan zirela. "Golde, tratore, ehun da burdina. Bizitzeko zein leku atsegina. Gora Bergara berde eta urdiña". (Juan Martin Elexpuru Arregiren letra eta Alfredo Gonzalez Chirlaqueren musikarekin).
Hurrengoa, non?
Goi-goian amaitu zuen Toberak, beste behin, hirugarrenez ere goiari eutsiz. Lan izugarria egin dute antolatzaile, bultzagile, gidoigile eta aktoreek. Zorionak Bagarari, Bergarari!
Eszenografia, soila. Akaso, tristetxoa. Artifizio gutxikoa. Baina gidoi landua, ona, halakoetan ohi den moduan, topiko guztiekin bada ere. Pasarte barregarriak izan ziren. Une aparta, jenialak: Joskina, gaztea, Lope, Trantsizioko herritarra (Xabier Azkarate, Larrañaga, Arantzabal...), Angiozarkua, Frontoi zaina…
Aurreko Toberen mailara ez zen heldu, ordea. Eta datorren urtean non? Ikusi behar. Ez da samurra izango Oñatik jarritako langa gainditzea. Geroago eta zailagoa.
Azken kontsiderazio bat. "Hemen zaudeten zenbat egon zineten aurreko Toberan?", galdetu zien ikus-entzuleei, hasieran, epaileak. Faltan sumatu nituen aurretik Tobera aurkeztu den bi herrietako edo Leintz aldeko herritarrak, batzuk egon baziren ere. Eta baita musikaletan frontoia goraino bete ohi duten hainbat bergarar kale-kalekoak ere.
Goiena telebistan Gabon zahar egunean
Gogoratu dezagun, amaitzeko, Goiena telebistak oso-osorik eskainiko duela aurtengo Tobera, hilaren 31n gaueko 23:15ean.