'Slow food' proiektuak irabazi du Ideia Zaparrada lehiaketa

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko abe. 26a, 17:22

Irabazleak saria eskuan dutela Jaione Isazelaia alkatearekin.
Jon Montiel eta Mikel Asentzio gazteak dira proiektuaren egileak. Ideia onenaren saria, berriz, Valen Moñuxek jaso du danborrada egokitzeko aurkeztutako proposamenarekin.

Astelehenean banatu zituzten Udalak antolatutako Ideia Zaparrada lehiaketako sariak. Jaione Isazelaia alkateak lehiaketa antolatzerako orduan azaldu zuen moduan, "imajinazioarekin gauza politak egin daitezke, krisi garaian, bereziki". Eta halaxe izan da. Proiektu eta ideia interesgarri eta argiak jaso dituzte.

Proiektu irabazlea: Elikadura ohitura osasungarriak

Jon Montiel eta Mikel Asentzio gazteek egindako proiektu irabazlea da horren adibide. Slow food proiektua aurkeztuta lehen saria jaso zuten astelehenean osoko bilkuren aretoan egindako sari-emate ekitaldian.

Gaur egungo gizartean elikadura ohiturak eta hauek prestatzeko moduak gero eta okerragoak eta kezkagarriagoak dira gazteon ustez. Hori horrela, euren proiektuarekin elikadura ohitura osasuntsuak bultzatu nahi dituzte oinarri moduan Slow food-aren filosofia hartuz. Horretarako, guztia gertatzeaz arduratuko den lan taldea sortzea proposatzen dute: "Kontzientziazio prozesu baten bitartez, Erresuma Batura egindako bidaia bat eta hainbat ekintzaren bidez Bergara osasuntsuago bat lortuko dugu", diote.

Bigarren saria: Erabilera askotako eszenatokia Munibe plazan

Nerea Madariagak jaso du proiektuetan bigarren saria, Munibe plazan erabilera askotako eszenatokia proposatuta: "Bergara bizitza kultural handia duen herria dela kontuan izanik eta helburu horretarako dauden azpiegitura urriak kontuan izanik, proiektu honen helburua plaza horretan eszenatoki egonkor bat gauzatzea da", dio Madariagak.

Espazio horretan umeen aisialdirako gune estali bat jartzea ere proposatzen du, "Bergaran ez baitago ezaugarri hauek dituen toki askorik". Bestalde, proiektua osatzen duten bi guneak elkarlotuta daude eta elkar aberasten dira. "Eszenatokia erabiltzen ari den bitartean euria egiten badu, aisialdi guneko estalkiak ekintza horretarako estalpe moduan funtzionatuko du. Horrez gain, euria egiten duenean erraz jar eta ken daitekeen beste estalki bat ere egongo da. Gaur egun dagoen aukera bakarra Udalaren karpa jartzea da, horrek dakarren lan guztiarekin. Proiektu honek guztia erraztuko du, estalkia bakarrik jarri beharko delako".

Bergarar onenari saria: Irisgarritasuna Mizpirualde egoitzara

Zetabi arkitektura bulegoko Aitor Zubiak eta Xabier Zabalak jaso dute bergarar onenari saria proiektuen sailean, Mizpirualde egoitzarako irisgarritasuna hobetzeko egindako proposamenarekin. Azaltzen dutenez, "eraikinaren kokalekua dela eta, bertako erabiltzaileek zailtasunak dituzte bertatik irtetzeko. Aukera erabiliena Mizpirualde kalea da; orain dela gutxi konpondua gurpildun aulkiekin jeisteko, baina kalearen malda %10ekoa da luzeera guztian, irisgarritasun legea ez beteaz". Hori horrela, proiektuaren helburua egoitzaren erabiltzaileei beste bi ibilbide egitean datza.

Ideiei dagozkien hiru sariak ere banatu zituzten astelehenean Jaione Isazelaia alkateak eta Nagore Narbaiza Hezkuntza eta Gazteria teknikariak.

Irabazlea: Danborradarako ideiak

Valen Moñuxek jaso du lehen saria danborrada hobetzeko egindako proposamenarekin. Moñuxen arabera, San Martinetako danborrada indarra hartzen doa, azken danborradan 400 bat lagunek hartu zuten parte nagusien zein umeen danborradan. Ikusleen aldetik ere, herritar asko hubiltzen dira danborrada ikustera Moñuxen arabera, eta uste du horrek adierazten duela "bergararrok gustuko dugula gure antzinako tradizioa". Hori horrela, danborrada egokitzeko zenbait ekarpen egin ditu.

Bigarren ideia onena: Olerkiak eta irudigintza

Larraitz Madinabeitiak jaso du bigarren saria ideien atalean olerkietan eta irudigintzan oinarritutako ideiarekin: "Kantuetako poesia ezagutzera eman nahi dugu euskal iruditeria, sormena eta pentsaera lantzeko eta garatzeko. Poesia musikatuz herrixa jantzi: dendak, tabernak, elkarteak, sarea, herriko hedabideak e.a. Ikusi, entzun eta barneratu, etorkizunean kanporatzeko".

Bergarar onenari saria: Autobusa hondartzara

Kale hezitzaileek Gorka Goenaga eta Bujari Mohamedekin batera jaso dute bergarar onenari saria ideien atalean. Uztail eta abuztuan Debara, hondartzara joateko autobusa da proposatzen dutena.

Udalak erabakitako epaimahaiak eta herritarrek euren botoekin erabaki dituzte irabazleak. Hain zuzen ere, 325 pertsonek eman dute bozka –318k web bitartez eta zazpik udaletxean bertan– eta astelehenean jakinarazi zituzten, era berean, bozka emandako guztien artean nortzuk izan diren Udalak egindako zozketaren irabazleak. Hori horrela, Tamara Calvillok jaso du herriko dendetan gastatzeko 150 euroko bonoa; Maria Pilar Fernandezek, jatetxean otordua egiteko saria; eta Maribel Arsiniegak, Agorrosinerako urtebeterako bonoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak