Napar feriara bertaratuek, pintxoa eta tragoa hartzeaz gain, Gabonetarako hainbat erosketa egiteko ere aprobetxatu zuten. Baina Nafarroako jakiak saldu zein erosteaz gain, lehiaketarako tartea ere izaten du Napar feriak. Hain zuzen, San Antonioko VI. Sukaldaritza Txapelketa jokatu zen eta herriko sei elkarte aritu ziren patatak okelarekin prestatzen. Epaimahaiari asko kostatu zitzaion txapelduna aukeratzea, eta luze jardun ondoren irabazleak auzokoak izan ziren, Gure Ametsa elkartekoak. Bigarren postuan Lasai Toki elkartea geratu zen; eta Artatsek egin zuen hirugarren. Gero, txapelketan parte hartu zuten guztiek bazkaria egin zuten giro ederrean.
Etxeko txikienek ere dibertitzeko aukera izan zuten Napar Ferian. Animaliak izan zituzten lagun, eta ponien gainean ibiltzeko aukera izan zuten. Horrez guztiaz gain, ferian klasiko bat bilakatu den Gabonetako postal lehiaketako sariak ere banatu zituzten. 3 eta 6 urte artekoetan, Jon Luciok eskuratu zuen lehen saria; 7 eta 9 urte artekoetan, Julen Pescadorrek; eta 10 eta12koetan, berriz, Irene Vallek. Aurten, 160 postal baino gehiago jaso dira.