Erroskilla, barkillo, turroi, txokolate, ogi, gazta, patxaran, foie, ahate konfit, artisau produktu garrapiñatuak... postu askorik ez, baina kalitatezko produktuen eskaintza zabala izan da. Gustura hartu dute herritarrek, eta gaurko bazkaritarako ez ezik, Gabonetako otorduetarako erosketak egiteko ere aprobetxatu dute aukera.
Ondoan jarritako tabernan, gainera, salda eta txorizo pintxoa hartzeko nahiz trago bat edateko aukera izan dute eta gustura egin dute geldialditxoa bertan, barruak apur bat berotu eta haize hotzari aurre egiteko. Neska-mutikoek, berriz, ponien gainean ibiltzeko aukera izan dute. Alai taldeak, bere aldetik, musika jarri dio ospakizunari.
Gabonetako postalak
Festa giro horretan, eguerdian, Gabonetako postal lehiaketako sariak banatu dituzte: 3-6 urte bitartekoetan, Jon Luciok eskuratu du lehen saria; 7-9 adin tartean, Julen Pescadorrek; eta 10-12koetan, Irene Vallek. Aurten, 160 postal baino gehiago aurkeztu dituzte guztira.
Patatak okelarekin
San Antonioko VI. Sukaldaritza Txapelketa ere jokatu da. Herriko sei elkartek parte hartu dute eta goiza eman dute patatak okelarekin prestatzen. Guztiak zeuden onak nonbait, epaimahaiak luze jardun du-eta erabakia hartzeko lanetan: tapa jaso eta zein itxura duen ikusi batean, saltsak zenbaterainoko gorputza duen begiratu eta probatzen segidan, eta patata eta haragi zatiak ondo samurtuta dauden aztertzen eta dastatzen gero. Lapiko batean, bestean... eta berriz atzera ere.
Auzo bertako Gure Ametsa elkartekoei eman diete txapela azkenean; Lasai Toki geratu da bigarren; eta Artatsek egin du hirugarren.
San Tomas egunaz ez dira ahaztu, ordea, eta lapiko artean zartaginarentzat ere egin dute tokia, txistorra apur bat erre eta mokadutxoa egiteko.