Juanje Amasorrain: "Seminarioko bildumako piezak erakutsiko dituen museoa 2014ko Gabonetan irekiko da"

Irati Goitia 2013ko abe. 14a, 00:00

Juanje Amasorrain, Turismo eta Ondare batzordeburua, atzealdean Errekaldeko jauregia duela.
'Laboratorium. Zientzia, ondare eta gizarte topagunea' da Bergarako proiektu museologikoak izango duen izena eta Errekaldeko jauregian kokatuko da behin-behinekoz. Hala, urteetako nahiak eta lanak egoitza fisikoa izango du datorren urterako. Izenak berak dioen bezala, zientzia museoa baino askoz gehiago izango da eraikinean batuko dena. Turismo eta Ondare batzordeburu Juanje Amasorrainekin izan gara. Bada, hark eman dizkigu proiektuaren gaineko argibide guztiak.

Zergatik Errekaldera eta ez Errege Seminariora?

Hasiera baten, Errekaldera goaz, baina behin-behineko egoitza izango da. Izan ere, Errege Seminarioa da kokapen logikoa. Arazoa da UNED dagoela bertan. Garai batean trukaketa egitea erabaki zen. Hau da, UNED Arrizuriagara eramatea, Errege seminarioa udaletxearen esku gelditzeko eta museoa bertan kokatzeko. Permuta luzatzen doa, baina, eta museoa gauzatzea ezinbestekoa dela ikusita Errekalden jartzea erabaki da. 

Zergatik hartu da Errekaldera joateko erabakia orain?

Orain arte Euskadiko Ondare Dokumentalaren Zentroa (Irargi) zegoen bertan, baina orain Bilbora joan dira eta Udalak berreskuratu du eraikina. Oraindik ez dute eraikina guztiz hustu, baina bigarren solairua dagoeneko hutsik dago eta gainerakoa libre uzteko ere ez dute denbora luzerik beharko. Ezinbestekoa zen orain hartzea erabakia. 

Ezinbesteko hitza aipatu duzu. Orain ala inoiz ez?

Museoa egitearen ideia edo proiektua kultura sustatzeko herri mugimendua sortu zenetik dator, aspalditik. Orduan erabaki zen Errege Seminarioan zegoen materiala ezin zela zegoen egoeran egon. Izan ere, erabat hondatuta eta utzita zegoen. Hori berreskuratu egin behar zen. Hala, Jose Antonio Zabalaren garaian hasi zen museoaren proiektua lantzen eta ondorengo agintaldi guztietan egin da Errege Seminarioa berreskuratzeko ahalegina. Orain, Errekalde hutsik gelditu denean, zirt edo zart egin beharra zegoen. Eta ikusi dugu hauxe zela museoa egiteko unea. Gaineratu behar da oposiziotik (EAJ) ere proiektua bultzatzen dutela, aldi baterakoa den heinean. Horrek museo honek herrian duen garrantzia adierazten du.

Esan daiteke hogei urte baino gehiagoko nahia aseko duela?

Bai, bergararren ilusioa izan da urte askoan. Hogei urtean zehar izugarrizko berreskuratze lanak egin dira. Errege Seminarioa izugarrizko altxorra da, Euskadi osoan ez dago horrelakorik zientzia arloan. 

Noiz irekiko ditu Laboratorium delakoak ateak?

Aurrekontua orain onartuko da eta asmoa da datorren urteko Aste Santurako Turismo Bulegoa bertan egotea eta museoa Gabon inguruan zabaltzea. Eraikinaren eskriturak egindakoan eta egoitza gure eskuetan dagoenean hasiko dira egokitzapenak. 

Zeintzuk izango dira egin beharreko aldaketak?

Txikiak izango dira egin beharreko lanak. Barrutik ez dugu ia ukitu beharrik izango. Egin beharrekoak izango dira: arrapalak, igogailua, elbarriendako komunak eta larrialditarako ateak. Guztiak ere, beste proiekturen bat gauzatu beharko balitz egin beharrekoak. 

Eta museoari dagokionez, zeintzuk dira egin beharreko inbertsioak?

Bi gastu mota bereiztu behar dira: batetik, eraikina egokitzeko egingo den inbertsioa dago (irisgarritasun planaren barruan sartzen direnak). Esan bezala, horrekin eraikina etorkizunean beste zerbaitetarako erabili beharko balitz, prest egongo litzateke. Bestetik, proiektu museologikoaren gastuak egongo lirateke, baina horiek ere museoa Errege Seminariora eramaten denerako balioko lukete. Beraz, hor jarriko den guztia gero aprobetxatzeko modukoa izango da.

Zer da Errekaldeko eraikinean batuko dena?

Hiru sail batuko dira eraikinean: museoa, Turismo Bulegoa eta ondare historikoarena. Izena Laboratorium. Zientzia, ondare eta gizarte topagunea izango da. Horrenbestez, ez da museo klasiko bat izango; bizia baizik. Erakusleiho bat baino gehiago izango da eta diziplina anitz landuko dira; esaterako, ingurumenarena. Horretaz gain, hezkuntzari lotuta ere egongo da eta zeregin didaktiko garrantzitsua izango du. Laborategi bat egongo da, eta, adibidez, ikastetxeekin elkarlanean, bertan probak egitea aurreikusten da. Gizartearen tresna izateko jaioko da.

Museoari dagokionez, zein motatako piezak izango dira ikusgai?

Museoak, batetik, erakusketa iraunkorra izango du. Hor bildumako piezak erakutsiko dira. Bestetik, aldi baterako erakusketa ere egongo da. Horretan ere bildumako materiala egongo da, baina txandatzen joango dira bertan erakutsiko direnak. Errege Seminarioko bilduma hori 3.000 objektu zientifiko inguruk osatzen dute: fisikako tresneria, kimika arlokoak, mineralak, fosilak, giza anatomiako modeloak eta zoologia piezak. XVIII. eta, batez ere, XIX. mendekoak dira. Erakusketan, ikusgarrienak edo garrantzitsuenak jarriko dira.

Errege Seminarioan bertan erabilitako piezak ere badira, ezta?

Bai, Errege Mintegiko errektoreek, batez ere 1776tik 1892ra bitartean, tresneria zientifikoa komertzializatzen zuten zentro europar garrantzitsuetara jo zuten erosketak egitera, horiek Bergarako seminarioan erabiltzeko. Londres, Berlin eta, bereziki Parisen erosi zituzten punta-puntako tresneriak. Biltegi batean botata zeuden eta horiek berreskuratzeko lan handia egin da. Museorako departamendu bat sortu zen bere garaian Xabier Aranburu museologoaz, Iñaki Irizar zoologoaz eta Rosa Errazkin kimikariaz. Urteetan pieza horiek berreskuratzeko eta kontserbatzeko lanean aritu dira. 

Zein izango da Laboratorium horren helburua?

Orain lortu nahi dena da iragana, oraina eta etorkizuna erlazionatzea eta puntako gaiak lantzea. Hala, museoa berrikuntzaren erakusleiho izan dadin arlo ezberdinetan (ekonomia, industria, teknologia, gizartea...). Era berean, tendentzia berrien inguruko ekitaldiak antolatuko dira, sarritan esparru profesionaletik nekez ateratzen diren nobedadeak gizarteratzeko eta berrikuntzaren kultura zabaltzen laguntzeko. Gaineratu behar da Errege Seminarioko bilduma goi mailako materialek osatzen dutela eta ondare hori balioan jarriko du museoak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak