Hainbat lan ildo martxan, Bergarako Kirol Kontseiluak

Miren Arregi Amasorrain 2013ko abe. 4a, 19:38

Makinaria martxan dago 2012ko otsailaz geroztik, eta herritarren eskura kirol eskaintza kalitatezkoa eta erakargarria ipintzeko prozesu parte-hartzaileak badu dagoeneko bidetxoa eginda. Dagoeneko lau bilera egin ditu Bergarako Kirol Kontseiluak eta batzorde iraunkor bat ere badago sortuta–horiek bi bider elkartu dira–. Datozen bost urtetarako helburuak eta lehentasunak zehaztuta dituzte. 

Besteak beste honakoak jasotzen ditu proposamenak: kirola saretzea; kirola eta euskara uztartzea; kirol elkarteen berrantolaketa bat egitea; kirol ekipamenduen hobekuntza edota kirol zerbitzuen kudeaketa hobetzea. Azken helburu honetan, badihardute etengabeko hobekuntza kontzeptuarekin lanean, Euskalit eta Foru Aldundiarekin batera landutako 3K programa oinarri. Beste helburu batzuk lortze bidean ere egin dira hainbat ekintza bukatzear dagoen urte honetan.

Bigarren lan ildo nagusia da udal kirol plan estrategikoan jasotzen dena. Helburua, garbia: herritar aktiboak lortzea. Plan honek jasotzen dituen ildo nagusiak ere Kirol Kontseiluko bileratan erabaki dira. Epe luzera planteatutako proiektua da honakoa; herritar guztien ekarpenei zabalik dagoena eta datozen hilabeteetan lanean jarraituko duena. Jarraian, Kirol teknikari Iñaki Ugartebururi egindako elkarrizketa:

Iñaki Ugarteburu

Iñaki Ugarteburu: "Jende konprometitua dagoela ikusi dugu, bere iritzia emateko gertu dagoena eta hori positiboa da "

Emankorrak izan dira hilabete hauek?

Hasierak dira. Ez genuen horrelako ekimenetan esperientziarik eta ikusi dugu badagoela jende konprometitua bere iritzia emateko gertu dagoena. Alde horretatik balorazioa positiboa da.

Zein jarduera nabarmenduko zenituzke?

Hasierako bileratan ondorioztatu zen beharrezkoa zela herritarrak kirola egitera bultzatuko zituen plan bat. Bide horretan, esaterako, iaz bizikletaren inguruko jardunaldiak antolatu genituen; aurten Kirola Kalera ekimena egin dugu– eta tartean 'Euskaraz bizi nahi dut' lasterketa–, kirola eta euskara uztartzen zituena. Osasun sailarekin ere haur loditasunaren inguruan ari gara ikerketa bat egiten... urrats batzuk eman dira.

Kirol antolatuari dagokionez ere aurreikusten duzue aldaketaren bat...

Herriko klubak indartzeko plan bat ere aurreikusten dugu. Hausnarketa bat egin eta irtenbide egoki bat eman gura zaio. Helburua da klub sendo bat sortzea, non taldeak egongo diren klub nagusi horri lotuta. Bestetik, eskola kirolari dagokionez, ikusten dugu eskaintza oso zabala dela, baina eskaintza hori ere ordenatu beharra dagoela. Hori da lantzen dihardugun beste lan ildo bat.

Instalazioak dira puntu garrantzitsuetako bat.

Desoreka bat dago kirol instalazioei dagokionean. Agorrosin, esaterako, instalazio berria da, kirol eskaerari ondo erantzuteko egoeran dagoena. Aldiz, Pilotalekuak edota Labegaraieta kiroldegiak, esaterako, hobekuntza beharra dute. Badakigu zein garaitan gauden, ez gaude inbertsioak egiteko, baina egunen baten horiek ere egin beharko dira.

Eta datorren urtera begira, zer?

Dinamikari dagokionean aldaketa bat planteatuko dugu seguru asko; hain justu, Kontseiluko bilerak monografikoak izatea. Bizikletaren eta mugikortasunaren gaiarekin ardura handia dago herrian eta gai horri heldu gura diogu. Ez dago erabat zehaztuta baina dinamika aldaketa bat egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak