Jagoba Arrasate: "Kirolak eta euskarak batera joan behar dute"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko abe. 5a, 13:32

Jatorra, apala eta argia. Halakoxea ageri zaigu hedabideetan Jagoba Arrasate Realeko entrenatzailea (Berritxu, 1978). Gertuan, baieztatu egiten da hasierako aurreiritzia. Bergaran izan da oraingo astean, Euskararen Egunean. Hurbileko agertu da eta bertsotan ere ausartu da, bat batean erantzuteko azkartasuna daukala erakutsiz.

Euskararen Eguna ospatu duzu?

Bai, etxean, goizean goiz, alabarekin. Eta, gero, Zubietan ere bai. Orri bat jarri dute jokalariek aldagelan, bakoitzari eskatuz ipintzea euskaraz gustukoen dugun berba. Jarri ditugu piloa, batzuk politagoak beste batzuk baino: maitasuna, musua… Baina bukatu dugu txortan-eta moduko berbekin. Barre batzuk egin ditugu. Polita izan da.

Zuk zeuk zein ipini duzu?

Kamamila etorri zait momentuan, bi bider pentsatu barik. Polita da, baina ez daukat berba faboritorik.

Kirola euskaratzeko geroago eta ahalegin handiagoak egiten dira. Ondo ikusten duzu?

Bai, beharrezkoa eta aberasgarria da. Kirola eta euskara ez dira bateraezinak, alderantziz, batera joan behar dute.

Bergaran zaude, besteak beste, kirola euskaratzeko lanean diharduten herriko kirolari eta kirol taldeei aitortza edo omenaldia egiteko ekitaldian. Beharrezkoak, garrantzitsuak, dira horrelakoak?

Jende asko dago kirolean, ezkutuan, isilean, lanean diharduena eta, horietako askok, lan hori euskaraz egiten dutela aitortzea beharrezkoa, komenigarria, da. Jendeak ikusteko zertan dabiltzan, ze lan egiten duten…

Realeko aldagelan euskaraz egiten da?

Bai, euskaldun asko dago eta haien artean euskaraz jarduten dute eta ni neu ere haiei euskaraz zuzentzen natzaie. Aginduak, taktika, zerbait zuzendu behar bada…, bai entrenamenduetan edo bulegoan, eta baita partiduetan ere. Mikeli, Ansori, Prietori edo Markeli zerbait esan behar badiet, beti euskaraz. Berez ateratzen zaigu eta, bestalde, abantaila ere bada, partiduetan, kontrarioak ez du-eta ulertzen.

Zela hartzen dute hori atzerritarrek edo euskaraz ez dakitenek?

Normal-normal. Haiek ere hiruzpalau berba egiten dituzte euskaraz, arraroenak edo grazia handien egiten dietenak… Batzuek ulertu ere egiten dute.

Euskarak 365 egun dio leloak. Zu zeu ere euskaraz bizi zara urteko egun guztietan?

Bai. Zubietan komentatu dugu gaur. Uste dut ona dela Euskararen Eguna ospatzea, egun bat egotea egutegian hori ospatzeko, baina, euskaraz, egunero, uneoro, bizi behar dugu, urteko egun guztietan.

Etxean, lanean, lagunen artean, modu naturalean bizi zara euskaraz?

Bai, lanak hartzen du nire egunerokoaren zatirik handiena, baina, bai, emaztearekin, alabarekin, aita-amarekin, lagunekin…, beti euskaraz. Nire ingurunea  oso euskalduna da.

Arrasaten egin zenuen debuta Realarekin. Ze oroitzapen duzu partidu hartakoa?

Oso polita izan zen. Berezia, benetan, ez bakarrik lehena izatearren, nahiz eta adiskidantzako partidua izan. Halako futbol zelaietan ibilitakoa naiz, bai jokalari eta baita entrenatzaile moduan ere. Debuta probintzian egitea berezia da. Eta partidu aurreko berbaldian jokalariei ohartarazi nahi izan nien partiduak zeukan garrantziaz, eman behar genuen irudiaz; izan ere, lurraldetik jende asko dator gu animatzera, zale asko dauzkagu atzean eta horiekiko errespetuz eta eskuzabal jokatu behar dugu. 0-12 irabazi genuen. Jakina, emaitza ez zen izan garrantzitsuena, baina, gogoan daukat amaieran presidenteak deitu zidala eta esan zidala, txantxetan: "Orain uzten baduzu inork baino palmares hobea izango duzu!".

Gogoratzen duzu non zeuden eta zeinek proposatu zizun Realeko entrenatzaile izateko?

Zubietan nintzen eta Anoetara deitu ninduten. Prozesu bat izan zen. Hiru batzar. Lehenengoan esan zidaten ea zela ikusten nuen neure burua kargu horretarako. Eta, jada, orduan, ustekabez hartu nuen mezua. Bigarren batzarrean esan zidaten aukerak nituela Realeko entrenatzaile izateko eta hirugarrenean neu aukeratu nindutela. Ilusio handia egin zidan aukerak neuzkala esan zidatenean. Realarendako urte historikoa zen eta neurekin akordatzeak bakarrik poz handia eman zidan.

Realeko entrenatzaile moduan hedabideen aurrean aurkeztu zintuztenean erakutsi zenuen patxada, lasaitasuna, profesionaltasuna, harrigarria izan zen.

Lasai egon nintzen, egia esan. Futbola nire pasioa da, baina badaude gauza inportanteagoak.

Irakasle izateak lagundu dizu taldeak kudeatzeko, jende aurrean edo hedabideen aurrean komunikatzeko?

Bai, seguruen, bai. Jokalari askori entzun diet esaten ez dutela beren buruak ikusten futbola amaitzen zaienean 20-25 lagunen aurrean berbetan. Irakaskuntzan horrenbeste urte aritu izanak, harremanetarako-eta, lagundu dit, bai.

Asko aldatu zaizu bizitza Realeko entrenatzaile izatearren?

Egunerokoa, ohikoa, betikoa da: entrenatzea. Egia da gure rola aldatu egin dela. Erabaki inportanteak hartu behar dituzu eta zure erabakiek edo esaten dituzunak oihartzun askoz ere handiagoa dute orain. Itziarren bizi naiz ea tarteka Berritxura joaten naiz eta han gauzak ez dira asko aldatu. Ezagun nintzen Realeko entrenatzaile izan aurretik. Baina, beste herri batzuetara banoa, edo Donostian kalean banoa, jendeak geratu egiten nau. Horretan bai aldatu da nire egunerokoa.

Hedabideen presioa-eta zela daroazu?

Beti izan naiz kirol prentsa edo irrati saio bereziak entzutekoa, baina orain ez. Uste dut ez dela ona zeuri edo zeure taldeari buruz esaten edo idazten dena uneoro irakurtzen, ikusten edo entzuten egotea.

Montanierren laguntzaile izan zinen. Batez ere, zer ikasi zenuen harengandik?

Ordu asko dira elkarrekin eta, halakoetan, lehenengo baloratu beharrekoa da pertsona bera. Eta ni oso ondo hartu ninduen hasieratik. Oso ona izan daiteke entrenatzailea, baina pertsona moduan jatorra ez bada edo harremana egokia ez bada oso zail egiten da, ze ordu asko dira elkarrekin. Bestetik, entrenatzaile moduan, gauza berria izan zen niretako: Frantziako eskolakoa da eta han teknikari garrantzia handiagoa ematen diote taktikari baino.

Ezberdinak dira Montanierren eta Arrasateren Reala?

Egoera aldatu egin da. Hiru egunetik behin jokatzen dugu aurten. Eta faltan sumatzen dut ganoraz ezin entrenatzea. Okerra zuzentzeko ezin lanik egitea. Partidu bat amaitu eta hiru egunera berriro jokatzea, bidaiak, hara-hona ibiltzea… Ez dugu astirik izan talde osoarekin ganoraz entrenatzeko, gauzak analizatzeko, zuzentzeko.

Ze balorazio egiten duzu orain arte Realarekin egindako lanarena?

Ona. Helburu nagusia zen Europako Txapeldunen Ligarako sailkatzea eta lortu genuen. Egia da denok nahi genuela puntu gehiago ateratzea. Lehen bi partiduak erabakigarriak izan ziren eta gehiago merezi izan genuen. Taldeak, aurrera begira, esperientzia handiagoa izango du elitean lehiatzeko. Ligan, uste dut, sendo gabiltzala. Baina autokritika egiten dugu, hobetu nahi dugu.

Azken partidua duzue Txapeldunen Ligan Leverkusenen aurka etxean. Zenbaterainoko garrantzia ematen diozue partidu horri?

Garrantzia handia ematen diogu denok. Txapeldunen Ligako partidu bat irabazi gura dugu. Eta, bestetik, zaleekin zorretan ere bagaude. Azkenik, harrotasun puntu hori ere badugu jokalariok eta entrenatzaileok.

Zaila da Realeko entrenatzaile izatea?

Ez. Nire kasuan, entrenatzaile moduan egin dudan ibilbidea prozesu bat izan da, ikasgai bat. Berez etorri da guztia.

Ze moduz Txema Lumbreras eta Bittor Alkiza zeure laguntzaileekin?

Oso ondo. Lumbreras ez nuen ezagutzen; Alkiza bai. Hark ekarri ninduen Zubietara Elgoibarretik, harrobiko arduraduna zenean. Hura izan da nire nagusia eta beti izan dugu harreman ona; orain neu naiz bere nagusia. Atleticen eta Realean aritu zen jokalari moduan eta bietatik atera zen ondo. Horrek asko esaten du bere alde. 

Irakasle izan zara. Zumaian aritu zara azkenekoz?

Bai, etxetik, Itziartik, gertuko herri baten. Baina Euskal Herri osoan barrena ibili naiz luzaroan, baita Arabar Errioxan ere. Esaterako, Eskoriatzan eman nituen eskolak, Luis Ezeizan. Egunen baten berriro irakaskuntzara itzuli beharra izango banu ez nuke atzera pauso moduan hartuko.

Zer eman dizu irakaskuntzak?

Asko lagundu dit: jendearen aurrean egoteak, harremanak izateak pertsonekin, gurasoekin…

Neguko fitxaketen merkatua irekiko da aurki. Fitxatuko duzue?

Beti izan naiz daukadanari errendimendua ateratzen aldeko. Baina baloratuko dugu une heltzen denean. Sanseko gazteak ere hor daude.

Hurrengo hilabetean partidu garrantzitsuak dituzue, Errege Kopa, derbia…

Kontuz ibili behar gara Koparekin, disgustu handiak izan ditugu-eta azkeneko urteetan. Guretako oso garrantzitsua da eta ilusio handia egiten digu, baina zuhurtasunez jardun behar dugu, berbak neurtuz eta gauzak trankil hartuz.

Errege Bezperan, urtarrilaren 5ean, derbia Anoetan.

Urrun geratzen zaigu, baina bagabiltza kontuari bueltak ematen. Izan ere, Gabonetako etenaldiaren osteko lehen partidua da eta data konplikatuak dira: atzerritarrak euren etxeetara doaz, beranduago itzultzen dira, jan-edana kontrolatu behar da…, baina Erregeetako opari berezia egin nahi diegu zaleei, bizkaitarrei irabaziz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak