Ekitaldi amaieran, eskertze-ekitaldian, kirol entrenamenduak euskalduntzeko egitasmoan parte hartzen duten Bergarako kirol taldeak omendu zituzten.
Ariznoa Gimnasia erritmikoa; Bergara Kirol Elkarteko BKE Eskubaloia, Futbola, Pilota eta Saskibaloia; Beti-Busti piraguismo elkartea; Bergara Igeri Elkartea; Lokatza Ziklismo Eskola eta Shotokan Karate Do Kirol Elkartea omendu zituzten. "Entrenamenduak euskalduntzeko ahaleginean dabiltzan taldeei orain arte egindakoaren esker onez eta aurrera begira ere ahalegin horretan jarraitzera animatuaz".
Ordezkari bakoitzari kirol argazki bana banatu zieten, Arrasate, Irizar eta Arenaza hiru kirolari gonbidatuek, Maren Belastegi Bergarako Udaleko euskara batzordeburuak eta Nerea Mendizabal Jarduneko ordezkariak.
Kirola Euskaraz
Aurretik, ekitaldiaren hasieran, Estepan Plazaola Udaleko euskara teknikariak Kirola Euskaraz ekimenean orain arte egindakoak eta asmoak azaldu zituen. Bernardo Atxagaren berbak ekarri zituen gogora Plazaolak: "Hitzak, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago (...) horregatik dabil bizkor gaztelera eta makal euskara: jendeak berealdiko gauza pila egiten dituelako euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egin". Euskara erabili eta berba egitearen garrantziaz ohartarazi zuen; bereziki, kirolean.
Eskolaz kanpoko jarduerak
Hiztun eleanitzen premiaz jardun zuen eta eskolan euskararen alde egiten denaz gain, eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera bultzatu beharraz ohartarazi zuen Plazaolak. Eta eskolaz kanpoko jardueren artean, Bergarako Udala eta herriko beste eragile batzuk kirola euskalduntzeko lanean diharduela azpimarratu zuen.
Horretaz gain, era berean, euskara ludikotasunarekin aisialdiarekin, lotzearen beharra nabarmendu zuen.
Alor horretan, orain arte Udalak egin duena eta aurrerantzean egiteko asmo duena azaldu zuen, labur-labur. Adierazi zuen, esperientzia pilotu bat jarri nahi dutela martxan "gorputz hezkuntza eta kirola hartzen dituena helburu batekin: arlo horietan euskararen erabilera hobetzea kalitatez eta kantitatez".
Jagoba Arrasate bertsotan
Plazaolaren aurkezpenaren ostean etorri zen hiru kirolari gonbidatuen tertulia. Igor Arenaza Aretxabaletako UDA klubaren zuzendari eta Eskua proiektuaren bultzagileak moderatuta, laburra baina oso entretenigarria izan zen berbaldia. Eta amaitu ere gorenean amaitu zen, Jagoba Arrasate Realeko entrenatzailearen bertso batekin: "Halako jendetzarik ez nuen espero; euskararen inguruan hainbeste endredo; ea hobetzen dugun gaurko eta gero; euskaraz egin dezagun baina egunero".
Kirolarien tertulia
Jagoba Arrasateren bertsoekin amaitu zen tertulia, baina, bertsoaren aurretik, hainbat kontu plazaratu zituzten kirolariek eta jendeak arreta bereziarekin jarraitu zituen testigantzak, irribarrea ahoan. Hemen, esandakoen entresaka:
Markel Irizar, Trek taldeko txirrindularia:
- "Oñatiko gazteek euskaraz gehiago egite dute Arrasatekoek baino. Antza, guaiagoa da gaztelaniaz jardutea gazte batzuendako…".
- "Inguru euskaldunean hazi eta bizi izan naiz beti: txirrindularitzan euskaraz; koadrilan, etxean eta eskolan euskaraz...".
- "RadioSahark-en ikurrina jar dezatela elastikoan esaten diet beti. Ez espainola. Zergatik? Ez da ezeren kontra. Euskaldun naizelako eta hala sentitzen naizelako. Erosoago sentitzen naiz".
- "Tourrean, Andy Schleck-ek eskatu zidan eskertu nahi zituela euskal zaleek eman zioten animuak. Eta karrera amaitu eta lehen tuita euskaraz bota zuen, neuk idatzi niona. Esan zidan zer jar nezakeen zaleak eskertzeko eta esan nion euskaraz idaztea. Hala egin zuen".
- "Euskaltelen ez nuen ondo pasa azkeneko urteetan; Gorosperekin bai, hasieran. Tratu pertsonala oso inportantea da niretako, lanbidean ere. Ez nengoen gustura Euskaltelen. RadioShark-en oso gustura aritu naiz. Tratu pertsonala oso ona izan da".
- "Orain oso gustura nago. Nigatik balitz, denbora geratuko nuke. Taldean oso gustura, bizitza pertsonalean ere bai…".
Jagoba Arrasate, Realeko entrenatzailea:
- "Akatsa da pentsatzea eskolan euskaraz eginda nahikoa dela. Hori ez da hala. Eskolatik aparte inguru euskaldunetan hobeto. Eskolaz kanpo beste inguru euskaldun batzuk dira inportanteak" .
- "Berritxun euskaraz egin izan dugu beti. Itziarren ere euskaraz; zorte handia dugu bi herri txikiotan euskarari dagokionean".
- "Euskara plana dugu Zubietan. Realeko jokalariak euskaraz aritzen dira eta ni haiekin ere bai: mezuak, aginduak e.a. ematen. Aurkariaren aurrean abantaila da hori, ez dute-eta hizkuntza ezagutzen".
- "Reala Europan eta euskaraz!. Ukranian euskaraz!. Hantxe, Anso eta neu, berritxuar bi, euskaraz! Ez zara konturatzen daukan garrantziaz".
- "Futbola da nire pasioa. Berritxun ere bazen, hasi ginenean. Orain, Realean ere antzera da. Ez dago ezberdintasun handirik alde horretatik, Berritxun, Elgoibarren edo Realean jardun arren".
Igor Arenaza, UDAko kirol zuzendaria eta Eskua proiektuaren bultzagilea:
- "Bergarako Udalari zorionak eman gura dizkiot kirola euskalduntzeko egiten duen lanagatik. Udala, eskolak, klubak elkarrekin aritu behar gara bakoitza bere aldetik beharrean".
- "16 urte nituenean, Athleticera joan nintzen, Lezamara, eta, han, Javi Gracia gaur egungo Osasuneko entrenatzailearekin batera aritu nintzen, besteak beste. Erdaldunekin. Txarto pasatu nuen. Tristea da gaur ikustea 16 urteko gazte euskaldunak gaztelaniaz".