Udaletxe kanpoan utzi dituzte orain arte balkoietatik zintzilikatutako poltsak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko abe. 3a, 09:30

Bergara Garbiak deituta protesta ekitaldia egin zuten atzo Bergaran. Atez atekoraren kontrako desadostasuna erakusteko orain arte balkoietan zintzilikatuta izan dituzten zabor poltsak eraman zituzten herritarrek plazara, eta udaletxe aurrean utzi eta elkarretaratzea egin zuten orduerdiz.

Horrez gain, Bergara Garbiakoek ohar baten bidez Udalak atez atekoa ezartzearen gainean egin die berba herritarrei: "Zoritxarrez, azkenean atez atekoa inposatuko digu gure udal gobernuak. Ez dituzte kontutan hartu nahi izan egindako protesta, manifestazio, balkoietan jarritako poltsak ezta egindako kontsulta ere. Ekintza hauekin sistema onartzen ez dugula erakutsi dugu behin eta berriz, baina Bilduk eta Aralarrek gehiengoaren nahia zein den jakinda ere, atez atekoa inposatuko dute modu diktatorial batean jasotzen dituzten aginduak jarraituz, eta ez herriak nahi duena. Guztiok ezagutzen ditugun herrietako beste agintari batzuek aldiz, egoera berean egonda, errealitatea zein den ikusi eta 5. edukiontzia ezartzea erabaki dute. Baina hemen, Bergaran, argi dago demokrazia falta nabaria dela. Pena bat da horrelako agintariak izatea".

Bergara Garbikoek, bestalde, diru kontuak aipatzen dituzte oharrean: "Bitartean, hainbatek plataformari galdegin dio... eta orain zer? Erantzuna ez da batere erraza. Ez dakigu zer gertatuko den, baina gertatzen ari diren gauzak salatzen jarraituko dugu. Batetik, guztiok aldez aurretik genekien zerbait baieztatzen da, atez atekoa askoz ere garestiagoa dela. Oñatiko Udalak, adibidez, dagoeneko 250.000 euroko zorra du eta sistemarekin hasi besterik ez dira egin. Gainera, ez dute proiektu seriorik hondakinekin ondoren zer egin zehazten duena, guztia inprobisazio hutsez egiten dute. Azpimarratu behar da horrek guztiak diru gastu handiak ekartzen dituela, azken egunotan prentsan irakurri ahal izan dugun modura. Aldundiak bere gain hartutako milioika euroko kalte ordainak gipuzkoar guztiek ordaindu beharko ditugu. Beraientzat oso erraza da berauena ez den diru batekin jolastea. Okerrena ez da hori! Dirutza horrekin orain artekoa desegingo da bakarrik, berriz ere 0tik hasteko. Dirua horrela gastatzeak ez du zentzurik, are gutxiago aurrekontu-partida guztietan doikuntzak egiten ari direnean".

Plataformak egungo krisia aipatuz eta aukera bakarra hauteskundeetan dagoela esanez jarraitzen du: "Beren gobernatzeko moduaren ondorioz udalak zorpetzen ari dira, eta zor horiek kitatzeko urte asko pasa beharko dira. Hori guztia bizi dugun krisi egoeraren baitan; jende asko gaizki pasatzen ari dela jakinik, are gehiago gure bailaran. Ez zaie axola! Ez zaie inporta ere beren jarrerarekin eta inposaketekin herritarren arteko liskarrak areagotzea, kontsulta egunean gertatu bezala. Egoera honen aurrean, esatea atsegina ez bada ere, gure aukera bakarra datorren hauteskundeetan dago. Egiten dutena salatzen eta beren iruzurrak desegiten jarraituko dugu. Ikusitakoak ikusita, ea etorkizunean bergararrok gure udal ordezkariak hobeto aukeratzen ditugun!"

Horren aurrean, Bergara Garbikoek etxeko hondakinekin zer egingo duten ere gaineratzen dute oharrean: "Zer egingo dugun guk? Gure hondakinak poltsetan jarriko ditugu, organikoa eta errefusa banatuz, eta betiko lekuetan utziko ditugu. Edukiontzirik ez badugu, lurrean utziko ditugu txintxilikarioen aldamenean".

Herritarrei eskerrak emanez amaitzen dute oharra plataformakoek: "Bergara Garbitik, beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkiegu bergarar guztiei egin ditugun ekimen guztietan parte hartu eta laguntza emateagatik, baita sortu ditugun kontu korronteetan jasotako diru-laguntzengatik ere, zuen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke eta egindako ekimenen gastuei aurre egitea, horregatik laguntzen jarraitzea eskatzen dizuegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak