Bergarako frontoia euskararen dantzaleku bihurtuta Kantarirekin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko aza. 30a, 21:30

Aurreko lanak ondo eginak zituztela erakutsi dute pilotalekuan gaur, zapatua, arratsaldean egin duten Kantari Flashmob-ean parte hartu duten Bergarako haur eta gaztetxoek. Udalak, Jardun elkarteak eta Goienak, euskararen egunaren aitzakian elkarrekin bultzatutako ekimenean, ederto abestu eta dantzatu dituzte euskarazko hiru abesti ezagunak. Grabaketa bukatuta, Amaia Txintxurretak taularen gainean jarraitu du, disko jartzaile lanak eginez, pilotalekua beste behin, euskal kantuen dantzaleku bihurtzeko asmoz.

Adi-adi eta seriotasunez jarraitu dituzte kantxan zeuden parte-hartzaileek Amaia Txintxurreta gidariaren aginduak eta entsegu orokorra egin ostean grabatu dituzte segituan, Kantari, Euskaraz bizi nahi dut (Esne Beltza) eta Vendettaren Begietara begira kantu ikurrak.

Harmailetan, berriz, artista gaztetxoen lagun eta senideak gehienak, etxean behin eta berriz egindako frogen emaitza onarekin gozatzen. "Alaba ikustera etorri naiz, etxean lan asko egin du eta asko gustatu zait ikuskizuna orokorrean. Oso ondo deritzot horrelako ekimenak antolatzea eta gu, nola ez, laguntzeko prest gaude" kontatu du ama batek saioa amaituta. Harmailetatik jarraitu du grabaketa Bergarako mutiko talde batek ere, eta horietako batzuk inbidiaz zeuden: "Ez dugu dantzarik egin, ez genuen-eta nahikoa entsegatuta, baina asko gustatu zaigu. Polita izanda," horiek erantzunda, kantxara jaitsi dira segituan, Amaia Txintxurreta DJak jarritako musikarekin dantzatzera.

Antolatzaileak ere gustura, helburua beteta

Musika, haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera bultzatzeko tresna paregabeba dela azaldu dute Udaleko Euskara batzordeko eta Jarduneko ordezkariek, saioa amaituta. "Oso pozik gaude, parte-hartzearekin, jende askok parte hartu duelako eta ondo egindako lana ikusi dugulako" kontatu dute, besteak beste. Eneko Azkarate, Goienako ordezkaria ere pozik: "Ikaragarria da Amaia Txintxurretak sortzen duen magia gazteengan, horren erakusle, besteak beste, grabaketa hasi aurretik sinadura eske joan zaizkion jarraitzaile gaztetxo mordoa. Poztekoa da ikustea, beste telebista batzuetako pertsonaiak bakarrik ez, gure gaztetxoendako Amaia Txintxurreta erreferentzia bat dela ikustea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak