Zumelaga jatetxearen mahaiaren bueltan izandako 70 urteak ospatzeko eguna

Imanol Gallego 2013ko aza. 29a, 17:49

Janariz betetako mahai bat beti izan da festaren sinonimo. Zumelaga jatetxea, 70 urtean, Bergarako eta inguruko mahai preziatuenetako bat izan da. Ibilbide luze honetan, jende askok ospatu ditu familiarteko data garrantzitsuenak herriko klasiko horretan. Orain, jatetxeari berari tokatzen zaio festa antolatzea.

Martin Zumelaga izan zen aitzindaria, eta bere Elorritik irten ondoren, egun Hiru Bide jatetxea dagoen tokian jarri zuen lehen Zumelaga. Anttoni Zumelagak bere aitarengandik jaso zuen jatetxea eta ostean Adrian Arrese-Igorrek (Txelen) hartu zituen jatetxeko ardurak. Gaur egun, laugarren belaunaldiak kudeatzen du Zumelaga.
Laburbilduz, jatetxe hori bergarar guztiei irekia egon den familia-etxea izan da. Horregatik, urteurren garrantzitsu hori ospatzeko, domekan, lagun eta familiartean baba-jana egingo dute.

Herri-ospakizuna

Jatetxe baten arima bezeroak dira, eta haiek ere ospakizun biribil horren parte izango dira. Domekan, 17:00etan, pintxo-poteoa egingo dute tabernan. 1,5 euroren truke ardo goxoa dastatzeko aukeraz gainera, etxean egindako pintxoa ere jasoko dute bertaratzen direnek.

Pintxo-poteoa, baina, berezia izango da: oso denbora laburrean ohitura bilakatu den maukaz gain, Zumelagan urdaiazpiko eta produktu iberikoen dastatzea egongo da, eta urdaiazpikoa mozten aditua den pertsona bat ere izango da bertan.

Horrekin batera, abenduaren 31ra arte, jatetxearekin lotutako argazkien erakusketa egongo da Zumelagan.

Aurrera begira

Jatetxe horretako laugarren belaunaldiak ez du erronka erraza izango; hala ere, Martin Zumelagaren birbilobek gogotsu hartu dute Zumelaga kudeatzeko ardura. "Kontziente gara jendea estu dabilela; horregatik, eguneko menua berreskuratuko dugu, betiere, gure kalitate mailari uko egin gabe", dio Joseba Arrese-Igorre jatetxeko jabeak. Zumelagara joateko ez da aitzakia handirik behar izan, eta menu berri horrek askori piztuko dio jatetxera bueltatzeko gogoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak