Erreileno eta tostoiak, Bergarako herriaren izena munduan zabaltzen

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 28a, 10:30

Gaur egun, oraindik ere, artisau eran ekoizten dituzte Larrañaga, Mujika eta Raizabaleko gozogileek. Tostoi eta erreileno horiek txokolatearekin batera dastatzeko aukera izango da, euro baten truke, zapatuan. 18:00etan da hitzordua, Munibe plazan.

Bergarak gozogintzarekin duen harremana luzea eta zabala da; horren lekuko dira Bergarako erreileno eta tostoiak, gaur egun ere artisau eran ekoizten direnak.

Hainbat bitxikeria historian barrena

Sukalekuren arabera, Euskal Gastronomiaren Ikertegia, antzinatik, gozogile bergararrek herriaren izena munduan zabaltzen lagundu dute, erreileno eta tostoi ezagunen bitartez. Diotenez, lehenengo bizkotxo beteak Felipe IV.ari oparitu zizkioten, Bergarara joan zenean. Ez dago jatorriari buruzko adostasunik: teoria baten arabera, Bergarako Goenkale kaleko komentuko ama frantziskotar klaratarren artisau-lana zen; beste batzuek diote tropa frantziarrek ekarri zituztela, XIX. mendearen hasieran, eta gero Bergarako gozogileek bertakoen gustura egokitu zituztela.

Diotenez, geroago, uda Aretxabaletako bainuetxean ematen zuen Isabel II.a erreginari Bergarako Juan Agirreolearen gozotegiko erreilenoak eman zizkioten. Asko gustatuko zitzaizkion erreginari, eta gozogile bergararrari gozoen bilgarrian "Errege Etxearen hornitzailea" zela jartzeko baimena eman zion.

Hiru gozotegi

Gaur egun, Bergarako gune historikoan daude, era tradizionalean, erreileno eta tostoiak egiten dituzten hiru gozotegiak: Larrañaga Gozotegia, Mujika Gozotegia eta Raizabal Gozotegia.

Larrañaga Gozotegia

1840. urtean Gotxotegia zegoen gaur egungo kokapenean, Felix Aranzadi eta Valentina Unamunoren agintepean. Ordurako Bergarako erreilenoak deituriko bizkotxoak egiten ziren bertan.

1870ean negozioa eta instalazioa Doroteo Unzurrunzaga Egiak hartu zituen 1905era arte. 1905. urtean Manuel Larrañagaren familiak hartu zuen negozioa eta, gaur egun, familiaren laugarren belaunaldiak jarraitzen du lanean.

Garai batean, argizarien ekoizpena eta kafetegi funtzioa ere bazituen arren, momentu honetan, gozotegiko eskaintza du.

Etxe honetan, 1860ko urtarrilaren 4an, Telesforo Aranzadi y Unamuno jaio zen.

Mujika Gozotegia

1916. urtean Francisco Mujikak sortutako etxea, Bilbon Otxoa Gozotegian ikasi ondoren. Bere seme Roman Mujikak jarraitu zuen eta, gaur egun, horren seme Xabierrek. Beraz, familiaren hirugarren belaunaldiak jarraitzen du Bergarako tradizioko artisau-gozoak ekoizten eta saltzen. Garai batzuetan, argizaria eta txokolatea ekoizten zituzten.

Raizabal Gozotegia

1908. urtean Basilio Raizabalek jarri zuen gozotegia, umetatik Piaren Gozotegian aprendiz lanetan ibili ondoren. Gaur egun, familiaren laugarren belaunaldiak jarraitzen du tradiziozko-gozoak egiten. Garai batean, argizaria ere egiten zen.

Arrautza eta azukrea

Erreilenoak arrautza gorringo eta azukre irabiatuaz betetako bi bizkotxo geruza finez osatzen dira eta almibar sendo batez estaltzen dira. Almibar hori labearen beroaren eraginez gogortu egiten da.

Tostoiak erreilenoak egiterakoan soberan geratzen diren zuringoak baliatuz sortzen dira. Zuringo horiei azukrea bota eta nahastu egiten dira, zatitxotan banatu, almendra xehatuz estali eta labean erre.

"Bergara goxoa ere bada"

"Gure Bergara ez da soilik monumental eta Bergara. Goxoa ere bada. Eta postre hauek gozotasuna eta goxotasuna oso ondo biltzen dituzte", azaldu zuen Juanje Amazorrain zinegotziak aurkezpen ekitaldian, eta haien baitan hainbat balore biltzen direla gehitu zuen: "Munduari begiratzeko ezinbestekoak diren baloreak, hain zuzen ere: postre hauek elkarlana iruditzen dute guretzat –gozogileen arteko elkarlana, Udala eta tokiko ekoizleen arteko elkarlana, bailara mailako elkarlana…–; ondo egindako lanaren eredu ere badira; eta lagunen arteko zein familiaren baitako ospakizunetarako ezin egokiagoak izanik, bizi poza ere irudikatzen dute. Hori dena postre xume baten bidez transmititu nahi du Udalak".

Zapatuan, 18:00etan

Zapatuan izango da hori: Bergarako erreileno eta tostoi artisauen aurkezpen-dastatzea egingo da, 18:00etan, Munibe Plazan. Bertan, Larrañaga, Mujika eta Raizabaleko artisauak egindako erreilenoak eta tostoiak txokolatearekin batera dastatzeko aukera izango da, euro baten truke. Debagoieneko XV. Jardunaldi Gastronomikoen barnean egingo da ekimena, hirugarren aldiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak