Musikaren eta kirolaren alorretan bultzatuko dute euskara Bergaran

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 27a, 14:57

Euskararen egunean, abenduak 3, 'Kirola Euskaraz' ekitaldia egingo dute Agorrosinen, puntako parte-hartzaileekin: Jagoba Arrasate eta Markel Irizar izango dira, Igor Arenazarekin batera. Aurretik, zapatu honetan bertan, Kantari flashmoba eta DJ festa egingo dituzte, euskarazko kantuekin. Topaguneak nazio mailan bultzatutako leloarekin, 'Euskarak 365 egun', bat egin dute Bergaran ere.

Goizean aurkeztu dute egitaraua, Bergarako Udalak, Jardun euskara elkarteak eta Goienak, elkarrekin. Bertan azaldu dute aurten, bereziki, gazteen eta, batez ere, bi arloren inguruan egin nahi izan dutela indarra: euskarazko musika bultzatzea eta kirolean euskara bultzatzea.

Goienako Mireia Larrañaga, Jarduneko Nerea Mendizabal eta Bergarako Udaleko Maren Belastegi.

Maren Belastegik, Bergarako Udaleko Euskara zinegotzia, adierazi du azken hamarkadetan Bergaran aurrerapauso handiak eman direla euskaraz bizitzeko, eskolan, aisialdi-eskaintzan, kultur-eskaintzan… baina oraindik ere badirela esparru batzuk –adibidez, kirola–  hobetzeko tarte nabarmena dutenak. Horregatik, azken urteetan esfortzu berezia egiten dihardute kirol mundua euskalduntzen, Belastegik berri eman duenez, eta aurtengo Euskararen eguna orain arteko ahaleginen eta etorkizunera begira dituzten asmoen erakusleku izatea nahi dutela gaineratu du. Aurten, gainera, 20 urte betetzen dira bailaran Kirola Euskaraz programa abian jarri zela.

Jagoba Arrasate eta Markel Irizar

Kirolean euskara bultzatzeko ahalegin horri lotuta, ekitaldi bereziak antolatu dituzte: Euskararen egunean bertan, abenduak 3, Kirola Euskaraz ekitaldia egingo dute Agorrosinen, Realeko entrenatzaile Jagoba Arrasaterekin, Trek taldeko txirrindulari Markel Irizarrekin eta UDAko Kirol zuzendari eta Eskua proiektuaren bultzatzaile Igor Arenazarekin; eta eskertze-ekitaldi bat egingo dute, kirol entrenamenduak euskalduntzeko egitasmoan parte hartzen duten taldeei zuzenduta.

Horrez gain, astean zehar, Agorrosingo ikastaroetako musika euskarazkoa izango da, eta aurrera begira ikastaroetan erabiltzeko euskarazko musikaren bilduma bat osatuko dute.  

Kantari 'flashmoob'-a eta DJ festa

Zapatu honetan bertan, bestalde, Kantari flashmoob-a egingo dute. Bertan izango dira Kantariko Bergarako partaideak, baina espero dute beste jende mordoxka bat ere batzea. Saio horretarako dantzak ikasteko bideoak blogean daude zintzilikatuta; edozein kasutan, garrantzitsuena parte hartzea dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Jarraian DJ festa izango da, euskarazko kantuekin eta, horrekin lotuta, eskoletan DBHko ikasleen artean lanketa bat egin da: gazteei eskatu zaie euskarazko musika aukeratzeko, eta eurek aukeratutako musika horrekin osatuko da DJ festa.

Kartela leiho eta balkoietan

Topaguneak nazio mailan bultzatutako leloarekin, Euskarak 365 egun, bat egin dute Bergaran ere. Lelo hori daraman kartela egubakoitzean jasoko dute herritarrek etxean eta zapatuan ikusteko moduko toki batean jartzeko –balkoi, leiho, lantegi...– eskatu diete bultzatzaileek.

Egitaraua

Azaroak 29

  • 19:00 Kantu jira, San Martin plazatik irtenda.
  • 22:00 Napoka Iria taldearen kontzertua, Zabalotegi aretoan. Sarrera zortzi euro.

Azaroak 30

  • 18:00-18:30 Kantari flashmob-a, Udal pilotalekuan.
  • 18:30-21:00 Dj festa, Amaia Txintxurretak dinamizatuta, Udal pilotalekuan.

Abenduak 3: Euskararen eguna

  • 19:30 Kirola euskaraz ekitaldia, Agorrosinen.

Sarrera: Kirolaren garrantzia euskararen ikuspegitik eta kirola euskaratzeko proiektuen barri ematea.

Tertulia. Partaideak:

Markel Irizar, Trek taldeko txirrindularia.

Jagoba Arrasate, Realeko entrenatzailea.

Igor Arenaza, UDAko Kirol zuzendaria eta Eskua proiektuaren bultzatzailea.

Eskertze-ekitaldia, kirol entrenamenduak euskalduntzeko egitasmoan parte hartzen duten taldeei.

Abenduak 4

  • 20:00 81 amama zine-emanaldia, Zabalotegi aretoan. Sarrera hiru euro.

Abenduak 6

  • 19:00 Balitzen hioa antzezlana, Zabalotegi aretoan. Sarrera zortzi euro.

Astean zehar Agorrosingo ikastaroetako musika euskarazkoa izango da.

Mokolo Astearen barruan, zapatuan Miguel Altunako paretan euskararen aldeko grafitia egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak