Balkoietako zabor poltsak zintzilikarioen ondora ateratzeko dei egin du Bergara Garbiak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 26a, 12:47

Udalak edukiontzi berdeak erretiratzen dituenean, hala egingo dutela iragarri dute Bergara Garbia plataformako ordezkariek, "Udal gobernuaren bidegabekeriaren aurrean alternatiba bakarra desobedientzia zibila delako". Oharra kaleratu dute, 'Eta orain zer?' izenburupean. Albiste barruan, osorik.

Oharra, hitzez hitz:

"ETA ORAIN ZER?

Dudarik gabe, hori da bergarar guztiok azken asteotan buruan dugun galdera bizi dugun egoera berezia dela eta. Herri plataformatik uste dugu galdera honi eta beste batzuei erantzuna emateko beharrezkoa dela aurretik hausnarketa sakona egitea:

1. Azken hilabeteetan bergarar askok eta askok argi utzi diogu Bildu-Aralar gobernuari atez ateko sistemaren aurka (sinadura bilketa, poltsak leiho eta balkoietan, manifestazioa, kontzentrazioa, kontsulta) eta 5. edukiontziaren alde gaudela gure herriko hondakinak jasotzeko.

2. Egia da, zoritxarrez, eta oinarrian dauden arrazoiak ulertu gabe, gobernuak ez dituela gure eskakizunak kontutan izan eta gainera, horiek deskalifikatu eta manipulatzen saiatu da guztien nahiak betetze asmoz irtenbide bat bilatu ordez.

3. Hori guztiagatik, eta herri kontsultaren arrakastaren ondoren (5. edukiontziaren alde 4771 boto eskuratuta) bergararrak beren haserrea eusten saiatu dira inposaketa honen aurrean, baina honako galdera hauek egin dizkiete euren buruei:

Zer gehiago egin dezakegu? Ez al dago argi zer pentsatzen dugun?

Horregatik, iritzi publikoari ondorengoa helarazi nahi diogu:

1. Bildu-Aralar Udal Gobernuak badaki, aski ondo, herri babesik ez duen sistema inposatuko duela. Gainera, gai honen inguruan jarrera erabat desegokia izan dute, kontrakoa pentsatzen dutenak deskalifikatu eta mespretxatu dituztelako.

2. Udal gobernuaren bidegabekeriaren aurrean, gure alternatiba bakarra desobedientzia zibila da, etikoki uka ezina, eta horregatik:

EZ DITUGU KUBOAK JASOKO

EDUKIONTZI BERDEAK KENTZEN DITUZTENEAN ZABORRAK BANANDUTA ETA BI POLTSETAN ATERA ETA LURREAN UTZIKO DITUGU, TXINTXILIKARIOEN ALDAMENEAN

INPOSATUTAKO SISTEMA GARESTI, BIDEGABEKOA ETA EZ ERAGINKOR HONEKIKO, GURE HASERREA ADIERAZTEKO
ABENDUAREN 2an ARRATSALDEKO 19:30EAN PLAZAN ELKARTUKO GARA,

ETA HILABETEETAN BALKOIETAN IZAN DITUGUN ZABOR POLTSAK TXINTXILIKARIOEN ALDAMENEAN UTZIKO DITUGU".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak