Asteburu oparoa Bergarako gaztetxean

Imanol Gallego 2013ko aza. 21a, 12:28

Hamahiru urte pasatu dira kartzela zaharra izan zena gaztetxe bihurtu zenetik, eta, ordutik hona, herriko eta kanpoko kultura alternatiboaren etxe bilakatu da.

Gaztetxea izen historikoari eusten badiote ere, ez da Bergarakoa herriko gazteek elkar ikusteko eta ekimenak egiteko leku hutsa, mota eta adin guztietako jendearentzat zabalik dagoen askatasun eremua baizik. Gaztetxeetan ohikoak diren ekimenak ez ezik (musika jaialdiak, esaterako), bestelakoak ere egiten dituzte, hala nola liburuen aurkezpenak, antzerki saioak eta salsa tailerrak.

Asteburu hau, bada, haren izaera pluralaren erakusle izango da; zapatuan kontzertuak egongo dira. Bihar, aldiz, Jabier Lertxundik ekonomiari buruzko bi liburu aurkeztuko ditu. 

Ikuspegi kritiko bezain baikorra 

2008ko porrotaren ostean ekonomialari askok iraganari buruzko euren "nik susmoa neukan" eta "ikusten zen" guztien aurretik, Jabier Lertxundi aholkularia hasi zen gizarte honen inguruko analisi kritikoa egiten. Gaztetxean puri-purian dauden bi gairi buruzko bi liburu aurkeztuko ditu: La tecnocracia en MCC, el Opus Dei y el PNV eta Algunas ideas para susperar esta maldita crisis. Biek kutsu ekonomikoa izan arren, ez dira hor geratzen. Izenburuak soilik irakurrita, argi dago Lertxundik bere ikuspuntua garbi erakusten duela.

Kontzertu bikoitza 

Horrenbestez, aste bukaeran astindu bat nahi dutenek Gaztetxean izango dute horretarako aukera paregabea. 

El Desvän del Macho talde arrasatearra ez da inoiz desegin, baina ohitura du lozorroan luze egoteko. 80ko hamarkadako Matrona Impudica eta Jugos de Otros talde ilunetatik abiatuta, El Desvän del Macho sortu zuen 90eko hamarkada hasieran J.G. Izkuek. 

Hermana Violencia, Lumbar eta Vida a partir del huevo diskoekin eta batez ere euren zuzenekoekin, hirukoteak erakutsi du Estatu osoan ez dagoela euren pareko talderik. After-punka oinarri, muturreko gitarrak, ezinezko erritmoak eta melodia ilun bezain itsaskorrak, gero eta osasungaitzagoak. Orain, Simplicis diskoa kaleratu berri dute eta aurkezpen biran murgilduta daude. Bergarakoa etxetik gertu jotzen duten hitzordu bat denez, ziur ederto astinduko dituztela bertaratzen diren jarraitzaile eta entzuleak.

Larunbat gaueko emanaldian, baina, ez dira bakarrik egongo,  oholtza gainean SOT talde katalanaren laguntza izango dute. Haiek ere eskarmentu handiko musikariak dira. Bartzelona, Nisei, Le Fou eta Entartete Kunst taldeetan aritutako hirukotea. Post-Punk eta Touch & Go zigiluko soinuen artean koka daiteke euren musika. Jo duten toki guztietan aztarna uzten duen talde horietako bat da SOT.

Berezia izango den kontzertu bikoitz hori 22:30ean hasiko da, eta ikuskizunaz gozatu nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dituzte. Argi dago Bergarako Gaztetxea askok pentsatzen dutena baino gehiago dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak