Mikel Linazisoro: "Leku berean erortzen nintzen baina metodoa aldatuta lortu nuen igotzea; asko poztu nintzen"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 19a, 01:00

13 urte eta hiru hilabete eskasekin, 8C+ zailtasuna duen Koldoren Mundua igo berri du Mikel Linazisoro eskalatzaile bergararrak. Araotzeko beste horma aipagarri batzuk ere igo ditu azken urtean, baina 8C+ zailtasuneko bat igotzen duen Espainiako eskalatzaile gazteena da; badirudi Mikelen progresioak ez duela mugarik. Araotzen eta Ibarrako rokodromoan entrenatzen du normalean; Aretxabaletan hartu gaitu, lotsatuta. Ulertzekoa denez, horman erosoago sentitzen da kamera aurrean baino. 

Zorionak lorpenarengatik, hasteko. Pozik, ezta? 

Bai, oso pozik. Kosta zitzaidan, hormaren erdialdean dagoen igarobide baten erortzen nintzen-eta, beti berdinean. Lortu nuenean asko poztu nintzen. 

Zergatik aukeratu zenuen Koldoren Mundua?

Nire entrenatzaileak esan zidan teknikoki oso zaila zenez asko ikasiko nuela. Eta hala izan da, pasabide batzuk oso zailak ziren eta metodo berriak ikasi ditut. 

Zenbat saiakera egin zenituen helburua lortzeko?

15 bat egingo nituen. Esandako moduan, beti leku berdinean erortzen nintzen. Hala, helburua lortu aurreko egunean metodo berri bat aurkitu nuen; hurrengo egunean gainditu nuen metodo berri hori aplikatu nuelako. 

Egin dezagun atzera. Nola hasi zinen eskalatzen?

Nire anaiaren entrenatzaile batekin hasi nintzen. Egunen baten probatu gura nuen galdetu zidan, orduan 4 edo 5 urte nituen. Hortik aurrera familiakoekin hasi nintzen. Asko gustatu zitzaidan eta gero eta gehiago hasi nintzen joaten. Ordutik ez diot eskalatzeari utzi.

Zer da eskaladak ematen dizuna? Zergatik harrapatu zaitu?

Kirola bera asko gustatzen zait, oso kirol polita da. Gainera, helburu bat betetzen duzunean sekulako poztasuna ematen du, ezin daiteke hitzez azaldu. Era berean, eskalada munduan ari den jendeak asko betetzen nau, oso jatorrak dira.

Gomendatzeko moduko kirola dela esango zenuke? Zergatik? 

Kirolaz gozatzeaz gain, oso ondo pasatzen dugu hemen, familia txiki bat gara.

Zenbate entrenamendu egiten dituzu astero?

Aste bukaeretan Araotz inguruan ibiltzen naiz normalean. Ondo dago, etxetik gertu. Bestela autoan bidai luzeak egin beharko nituzke. Aste barruan, berriz, martitzen eta eguenetan Aretxabaletara etortzen naiz. Eguaztenetan ere entrenatzen dut batzuetan. 

Bergaran badago rokodromoa. Zergatik Aretxabaletakoa? 

Berria da eta oso ondo dago. Handia da eta Bergarakoa baino hobeto dago; heldulekuak-eta, dena dago berriago. Hona etortzen gara gehienok. 

Amaitzeko, ze asmo dituzu etorkizun hurbilerako?

Neguan Baltzola [Bizkaia] aldera joango naiz. Han baditut helburu batzuk eta horiek betetzen saiatuko naiz. 

-----------------

Josean Mulas: "Gozatzen jarrai dezala"

Ukaezina da Debagoienak eskalatzaileen harrobi ederra duela. Horren errudun nagusietako bat da Josean Mulas, harena izan zen-eta gure ibarrean eskola bat sortzearen ideia. Mikelek gurasoekin ezagutu zuen eskalada, eta eskolara heldu zenean hasieratik nabarmendu zuela gogoratzen du Mulasek: "Heldu eta berehala gailendu zen, eta lau hilabete eskas egin zituen eskolan. Gero nik hartu nuen, trebatuagoak daudenekin aritzen naiz-eta". Azken bi urteetan 8A egitetik 8C+ egitera pasa da eta hori "jauzi handia" dela dio Mulasek: "Oso denbora gutxian zenbakietan gora egin du oso azkar. Ez da izan helburuetan itsutu ginelako, baizik eta zailtasun berriak ondo gainditzen zituelako. Finean, gura izan duena igo du orain arte". Gaitasun handiak dituela agerikoa da: koordinazioa eta erresistentzia azpimarratzen ditu entrenatzaileak: "Eskaladan keinua esaten zaio. Koordinazio eta erresistentzia handiko eskalatzailea da, berezko dohaina du eskaladarako. Orain atzamarretan indarra hartzen ari da, hori ere oso garrantzitsua da-eta". Beraz, non dago muga?: "Ezin daiteke jakin. Beti esaten dudana esango dizut: eskaladarekin gozatzen jarrai dezala, besterik ez. Une bakoitzean joango da bere muga bilatzen. Orain arte 8C+ zen bere muga, orain beste baten bila joango da. Non geratuko den? Lesioek uzten badiote, Mikel denbora luzerako izango dugu". Noski, 13 urte besterik ez eta gehiagorako gose handia: "9A probatu gura du; joango gara, ez dago prisarik". Atzean utzi berri dugun aste bukaeran eta oraingoan Euskadiko txapelketan ari da parte hartzen –zapatu honetan, ez badago azken orduko arazorik, Aretxabaletan egingo da–. Amaitzeko, Debagoieneko eskalada osasunez nola dagoen galdetuta, honakoa esan digu Mulasek: "Euskal Herriko potentzial handiena dugu Debagoienean. Bailaratik kanpo badaude eskalatzaileak, baina oso gutxi. Hemen, proportzioan, askoz gehiago ditugu". Ikusi besterik ez dago Ibarra kiroldegiko rokodromoan zenbat lagun elkartzen diren, adin guztietakoak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak