Bergarako Sortu: "Hondakinen bilketaren gaineko galdeketak urtebeteko iruzur kanpainari ginda jarri dio"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 14a, 16:30

Bergarako Sortuk agerraldia egin zuen atzo iluntzean, asteburuan Bergara Garbiak egindako herri kontsulta baloratzeko. Kontsulta horrek "urtebeteko iruzur kanpainari ginda jarri" diola esan zuen; "arau hauste larriak" egon direla uste du, eta hori horrela, Aintzane Oiarbide eta Bitoriano Gallastegi jeltzaleen dimisioa eskatu du. Plataformako ordezkariei, bestalde, barne hausnarketa eskatu die, "aurrerantzean oposizioa modu garbian egiteko". Albiste barruan, agerraldian irakurritako testua, osorik.

Iruzurraren gainetik, Bergara aurrera izenburupean atera du prentsa oharra Bergarako Sortuk. Segidan, osorik:

"Lehenik eta behin zorionak eman nahi dizkizuegu Bergarar guztioi, izan ere, lortu dugu, Errauskailua gelditzea lortu dugu! Herriaren garaipen historikoa da, herri presioaren bidez, eta instituzioetan EHBilduk egindako lanaren ondorioz, osasuna eta naturarentzat horren mehatxu larria den errauskailurik ez bait da egingo Gipuzkoan. Natura eta herritarren osasunaren errespetuan urrats  galanta suposatzeaz gain, ekonomikoki ikaragarrizko onura izango du, ia 500 milioi euroko aurrekontua zuen proiektua ez egitearren 8 milioi euroko kalte ordaina eman beharko zitzaielako enpresei. Ondorioz, 400 milioi €tik gorako aurrezpena izango dute Gipuzkoako aurrekontuek, eta diru hau pertsonen ongizatean inbertitzeko aukera izango du orain Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Pozez eta harrotasunez betetzen gaitu albisteak, berriz ere erakutsi dugulako emandako hitza betetzen dugula. Esan genuen Zero Zabor politiketan oinarritutako Gipuzkoa berria eraikitzea zela gure asmoa eta horretan ari gara, errausketarik ez, eta birziklapenari bai leloa praktikara eramaten.

Urte grisa Bergaran

Dena den, dena ez da berde kolorekoa izan Bergaran. Grisa, izan da azken urtean hondakinen inguruan Bergaran bizi izan dugun egoera. Zikina izan da EAJ eta Bergara Garbiak hondakinekin egin duten kanpaina. Gezur eta manipulazioz josia, inongo helburu sozialik gabea, helburu elektoral hutsa izan du kanpaina honek, EHBildu desgastatzea. EHBildu desgastatzen saiatzea erabat zilegi da, baina horretarako iruzurrak eta herritarron arteko konfrontazioa erabiltzea ez. Hori  ez da onargarria, eta jokabide politiko eta etiko eskasa erakusten du horrek.

Lehenengo, zurrumurru eta prentsa bidez hedatu zituzten gezurrak izan ziren: usaina, arratoiak, hondakinen fakturak, intimitatea…  Jendearen, eta bereziki pertsona nagusien artean beldurra hedatzen saiatu dira kanpaina egiteko.

Aurrerago, presio eta irainen kanpaina gogorra etorri zen, alkateei frankista, totalitario, inposatzaile, burdinazko dama… bezalakoak esanez. Argi eta garbi, herritarrak herritarren aurka jartzeko kanpaina izan dela uste dugu. 

Eta ondoren, sinadurekin egindako manipulazioak: 600 izen errepikatuta tartean EAJko zinegotzi batzuena, 200dik gora izen pertsona berdinak idatzita egotea … eta amaitzeko, asteburuko galdeketa, sasigaldeketa hobeto esanda.

Urtebeteko iruzur kanpainari ginda jarri dio galdeketak:

  • Arau aldrebesak inon, inoiz ikusi eta onartu gabekoak: boto delegatua;  komertzianteen bozkak; begiralerik ez onartzea. Begiraleak hauteskunde eta galdeketa guzti guztietan onartzen dira eta boto delegatua inon. Hor dago adibide gisa asteburuan bertan Igeldon egin den galdeketa: Igeldotar bat bozka bat printzipio demokratikoa betez; zentsoarekin eta herri zein alderdi guztiak begirale izateko eskubidearekin.
  • Arau hauste larriak. Beraien arau bereziak ere ez dituzte bete eta Zero Zaborreko begiraleek dozenaka arau hauste jaso dituzte: dokumenturik gabe bozkatzea, erroldatu gabeko herritarren bozkak, Bergaran bizi edo lan egiten ez dutenek bozkatzea, komertziante batzuek bi aldiz bozkatzea... Ikaragarria! Gertaera batzuk demostratuak gelditu dira bideoen bitartez: Iraitz izeneko kazetariak Bergara Garbiakoak firmak faltsifikatzen grabatu zituen eta 4 bozka eman ahal izan zituen, horietako 3 delegatuak. Sortuk berriz, bideo batean Victoriano Gallastegi Bergarako Alkate ohiaren hitzak eta ekintzak jaso ditu: eskolaz eskola bozka delegatuak ematen aritu da; eskolaz eskola zentsoan ez zeuden pertsonen bozkak eraman dituela onartu du; Bergara Garbiakoek horrelakoak onartzeko nahikoa izan da bera pertsona ezaguna izatea. Kamaren aurrean hau onartu badu, zer egin ote du kamerarik gabe?

Gauzak horrela, Sortuk adierazi nahi du ziur dagoela bozkatzera joan ziren Bergararrak fede onez joan zirela, beraien iritzia eman besterik ez zuten egin. Gure errespetua adierazi nahi diegu beraz, Bergarar hauei guztiei, beraien eskubidea da egin duten bezala, modu zibilizatuan beraien oposizioa adieraztea: bozkatuz, mobilizatuz eta poltsak jarriaz. Eta aurrerantzean ere, iritzi bat edo beste izan, Bergarar guztiengandik jarrera bera espero dugu.

Dena den, politikariak eta herri mugimenduetako ordezkariak eredugarriak izan behar dira. Argi gelditu da ordea EAJko buruek eta Bergara Garbiako arduradunek jarrera erabat arduragabea, manipulatzailea eta zikiña erabili dutela. Gezurrean oinarritutako kanpaina, sinaduren faltsifikazioa eta herri galdeketan iruzur orokorra egin dute, bergararrak gure arteko liskarretara bultzatuz. Horregatik, EAJko arduradun Victoriano Gallastegi eta Aintzane Oiarbideren berehalako dimisioa eskatzen dugu. Era berean, Bergara Garbiari kanpaina zikin hau albo batera uztea eskatzen diogu, galdetako iruzurrak bistaratu ondoren hausnarketa sakona eskatzen diegu, iruzurraren arduradunak plataformatik kanporatzeko eta aurrerantzean modu zibilizatu eta garbian egiteko oposizioa.

Aurrera begiratzeko garaia

Bergara eta bergararrak kapitalismoaren krisiaren ondorioak larriki sufritzen ari gara: langabezia, etxe kaleratzeak, lan baldintza kaxkarrak, zerbitzu publikoen degradazioa … Aurrera begiratu eta herritar guztiok elkarrekin ditugun erronka sozial eta ekonomikoei aurre egin behar diegu. Inor baztertu gabe, elkartasunean oinarrituta, Bergarar guztion ongizatea bermatzeko auzolanean murgiltzea da gure konpromisoa. Ziur gaude, Bergarar guztiok kolore politiko batekoak edo bestekoak hor topo egingo dugula. Ekin diezaiogun lanari, elkarrekin lortuko dugu!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak