Bergara Garbiarentzat, "%18 inguru legoke atez atekoaren alde"

Jon Berezibar 2013ko aza. 13a, 19:16

Domekako emaitzengatik zorionak eman eta parte-hartzea eskertzeko, agerraldia egin du gaur Bergara Garbia plataformak. Datuak eskuan, estimatu dute "%18 inguru" legokeela "atez atekoaren alde" eta "tamalgarria" iruditu zaie "piketeen jarrera". Ustezko iruzurra salatuz sarean zabaldutako bideoari erantzunez, diote horretarako "jendearen borondate onaz baliatu" zirela.

Domekan jasotako emaitzekin pozik, Bergara Garbiak balorazioa egin du gaur. Euren datuak eskuan, esan dute herrian beste behin ere bosgarren edukiontziaren aldeko iritzia plazaratu dutela.

Salaketa ere egin dute "piketeen" jarreraren aurka eta "argazkiak atera eta kontrolatu" egin zituztela esaten dute. Balorazioarekin batera, berriz ere, zaborrontziak ez jaso eta zaborra, zintzilikarioetan barik, ohiko lekuetan uzteko deia egin dute.

Eskerrak emanez hasi dute agerraldia Bergara Garbia taldeko kideek. Eskertu diete domekako kontsultan parte hartu zuten herritarrei eta, bereziki, boluntario bezala jardun zutenei.

Atez atekoaren alde, %18

Zorion mezua, haiekin ere partekatu gura dute Bergara Garbia taldekoek. Haiek argitara emandako datuen arabera, hala, "4.843 pertsonek" hartu zuten parte, hau da, %41,7ak, eta parte-hartzaileen artean %98,51k "bosgarren edukiontziaren alde" egin duela dio Miguel Angel Alvarez taldeko kideak.

Datu horiekin estimazioa egin dute "azken urteetako hauteskundeetako parte-hartzea %60koa" kontuan izanik. Hala, "portzentaje horri %41,7a kentzen badiogu, abstentzioa %18,3a litzateke", euren kalkuluen arabera. Zera eransten dio Bergara Garbia taldeak: "Azken emaitza honi, halaber, ehuneko zati bat ere ken diezaiokegu presioak direla-eta botoa ematera joan ez zen jendearengatik". Ondorioztatzen dute, hortaz, "%18 inguru" egongo litzatekeela atez atekoaren alde.

Datuak emanda, salaketa ere egin gura izan dute gaurko agerraldian. "Tamalgarria" iruditzen zaie "pikete" moduan izendatu dituzten horien jarrera; gerturatu zirenak "kontrolatu" nahi zituztela diote eta zenbaiti argazkiak atera zizkietela. "Beren eskubide demokratikoa bermatzeko bertaratu zirenen izaera bakezaleari esker ez zen istilurik gertatu", haien arabera. Taldekoek diote "horrelako metodo diktatorialak ahaztuak zirela pentsatzen" zutela.

Boto-iruzurra

"Asmo txarrez boto-iruzurrak emateko saiakerak" ere egin zirela salatzen dute, argituz, atzeman eta atzera bota zituztela. Domeka gauean bertan ustezko iruzurra salatzeko Youtube-en zabaldutako bideoari ere erreferentzia egin diote gaurko agerraldian. Hitz gogorrak dituzte plataformako kideek honi buruz, esanez "erakunde politiko honek duen moraltasun gabezia bistakoa dela, erakundea baino mafia" dirudiela eta "jendearen borondate onaz baliatu" direla "ekintza horiek aurrera" eramateko. Jarrera lotsagarria dela diote taldekoek eta galdetzen diote Jaione Isazelaia alkateari ea, "bergarar guztiak errespetatzen" dituela esaten duenean, "zein errespetuz" ari den.

Azkenik, kuboak ez jaso eta zabor-poltsa ohiko lekuetan ala zintzilikarioen oinetan uzteko deiaren berrespena egin dute Bergara Garbiakoek gaurko agerraldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak