Maite Aristegi: "LOMCE legeak izen ona du, baina ematen dituen pauso guztiak kontrako bidean doaz"

Iure Eizagirre 2013ko aza. 8a, 11:37

Madril eta Bergara artean ibiltzen da Maite Aristegi (Bergara, 1964), duela bi urte Amaiur alderdia Espainiako Parlamentuan sartu zenetik. Gaur jaioterrian izango da berriro ere, berak Zuzenbide ikasketak egin zituen UNED-Bergarak 19:00etan hasita egingo duen 2013-2014 ikasturte hasierako ekitaldian.

UNED-Bergara: bizitzako ezinbesteko lagunkide hitzaldia egingo duzu gaur arratsaldeko irekiera ekitaldian. Zertaz ariko zara?

Lehenengo partean neure esperientziatik hitz egingo dut: zer izan den UNED niretzako, zertan lagundu didan, zein balio eman dizkidan, bizitzarako zein ekarpen egin dizkidan eta horren garrantzia azalduko dut. Bigarren partean, berriz, hezkuntzaren garrantziaz eta gaur egunean dauden arriskuez ariko naiz: LOMCE legeaz, egoera ekonomikoaz eta krisiaz, hezkuntza jasaten ari den erasoez, kutxen lege berriaz, pribatizazioaz, eta abarrez.

Zein esanahi du UNED-Bergarak zuretzat?

Hitzaldiaren helburua bada esatea UNED ez balego sortu egin beharko genukeela. Nire bizitzan lagun on bat izan da, baina baita beste bizitza askotan ere. Hor lantzen diren balioak, nire ustez, oso garrantzitsuak izan dira: lana, diziplina, ezintasunetik positibotasuna ateratzea, erantzukizuna, lana egin beharra, elkarlaguntza… Horrek, gero, bizitzarako lagundu izan dit, horiek garatuta beste hainbat gauza atera ditut-eta aurrera. 

Balio horiek ekarri nahiko nituzke egungo gizartera, balioak airean dauden eta krisiaren enbatak denok noraezera eraman gaituen garai honetara.

LOMCE legea aipatu duzu lehen. Hezkuntzaren hainbat mailatan eragingo du.

Hezkuntza edozein gizarteren bizkarrezurra da eta lege honek izen on batekin, ze berez hezkuntza hobetzeko legea baita, ematen dituen pauso guztiak kontrako bidean doaz. Batetik, PPren ia lege guztien moduan, konpetentziak Madrilerantz eramaten ditu, zentralizatu egiten ditu. Bestetik, kalitateari erasotzen dio barren-barrenetik, eta oso ideologizatzailea eta bereiztailea da: azkarrak eta ez hain azkarrak, dirua daukatenak eta ez daukatenak, mutilak eta neskak... bereizten ditu. Atzerapausoa da. 

Euskal Herrian geure hezkuntza eredua jarri eta zer eta nola erakutsi nahi dugun zehazteko orduan eskuak lotzen dizkigu zeharo. Eta noski, unibertsitatera helduko denaren sarbidea ere mugatzen du, neurri bereziak jartzen dituelako. 

Hain berezia izateagatik, hainbesteko eragina duelako eta hemen hezkuntza komunitate guztia horren aurka dagoelako, ohartarazi behar dugu bat egin behar dugula gurean aplika ez dadin eta hemen intsumisioa edo antzekoren bat egiteko.

Eskumenak kontuan izanda, zer egin daiteke hemendik?

Hori da denon galdera. Jarritako ebaluaketarekin, errebalida horrekin, oso lotuta ditugu eskuak eta hau jada erabaki politiko bat da, erabaki politiko sendo bat: “Hau hemen ez da aplikatuko” esan behar da. Horrek denok bat egitea eta tinko eustea eskatzen du. Argi utzi behar dugu hau ez dela batzuen kontua bakarrik, baizik eta inork ez dugula beteko eta guk geurearekin aurrera egingo dugula. Benetako hordagoa jo beharra dago. Honek guztiak alde on bat du: hezkuntza komunitate guztia dagoela ados, administrazioa barne, beraz, orain da aurrera egiteko momentua. 

Azken asteetako gertakariak kontuan izanda, ezinbestekoa da Fagor Etxetresnak enpresaz galdetzea. Hartzekodunen konkurtsoan sartu da azkenean. Zer iritzi duzu?

Bailarako edonoren moduan, oso ukituta eta kezkatuta nago. Ez da bakarrik datorren kontu bat, egoera ekonomikoa oso gaizki dago lehendik ere, ekaitz asko izan dira eta enpresa asko joan dira jausten. Horri, gainera, honelako katastrofe bat gehituta, benetan izugarria da.

Honek eskatzen diguna da hasieran esandako balio horiei heltzea eta denok soluziorako bidean jartzea. Pentsatzen dut administrazioak, Mondragon Korporazioa eta Fagor bera horretan ibiliko zirela, honen mina ahalik eta arinena izan dadin, baita bideragarriak diren gauzak aurrera ateratzen eta horretarako ahalegin guztiak egiten ere. Horretarako, laguntzak behar dira, baina baita plangintza sakonak ere. Horrek ideia berritzaileak, gizarteak dituen premiei begiratzea eta denok makineria martxan jartzea eskatzen du.

Horri lotuta, uste dut badaudela esparru batzuk nahiko utzita egon direnak. Ni baserri mundutik nator, eta, bertan aritu izanik, uste dut berrikuntza horien artean nekazaritza bezalako beste mundu batzuei ateak ireki behar dizkiegula. Pentsatu behar dugu, esaterako, landaguneen %80 baserritarren esku daudela, baina gure bailaran %1era ez direla heltzen baserritik bizi direnak, eta baserrian aktibitatea dutenen %95ek beste lanen bat ere egiten dute. 

Nekazaritzan, orduan, sor daitezke aukera berriak?

Aukerak daude ingurumenaren arloan. Gure landa eta nekazari lurrek izugarrizko presioa, erasoa eta utzikeria jasan dute eta oinarri-oinarrizkoak ditugu. Hori lanpostuak sortzeko aukera bat bezala ere ikusi behar dugu.

Betiere, oso kontuan izanda balio kooperatiboak eta elkarri laguntzea ezinbestekoak direla. Horiek beti salbu geratu behar dute, denaren gainetik. 

Fagorrenaren harira, kooperatibismoarekiko zalantzazko  hitz batzuk entzun dira; zuk horren aldeko apustua egiten duzu, orduan?

Kasuaz ezagutzen dudan apurrarengatik esan dezaket zerbaitek huts egin badu, izan dela kooperatibismotik urrundu delako, zenbait operazio hortik aldendu direlako. Nik uste dut berreskuratu egin behar direla kooperatibagintzaren oinarrizko balioak: pertsona oinarri bezala, hurbiltasuna, elkarri laguntzea. 

Horregatik diot badaudela beste esparru batzuk; ingurumen premiak, adibidez. Orain kezkatuta gaude birziklatzearekin, ingurumenari kalte txikiagoa egitearekin… Izan dira urte batzuk kontrako bidea egin dena, eta honek birplanteatze bat eragin behar digu. Ziur oraingo egoera katastrofiko honek gauza onak ere ekarriko dituela: birplanteatze eta birkokatze bat.

Nola bizi da hau Madrilen?

Aste honetan ez da plenorik egon, eta tartean beste kontu batzuk izan dira; beraz, ez da askorik hitz egin. Hala ere, badu lekua, ikur bat izan direlako Mondragon mugimendu guztia eta Fagor bera; izena dute eta eredu bat dira.

Zuzenbide ikuspegitik zein irtenbide dute Fagorreko langileek?

Itxuraz, nahiko kaskarra, eta, saihestu nahi zen hartzekodunen lehiaketara jota, nahiko atzean geratzen dira aportazioak-eta egin dituztenak. Ez naiz espezialista honetan, baina, irakurri dudanaren arabera, zoritxarrez, hartzekodunetan boteretsuak beti jartzen du berea salbu.

Espero dezagun hemen beste zerbait gertatzea, eragindakoak pila bat dira eta beste izaera bat izan dezala kooperatibagintzak, beste errespetu bat eta pertsonek beste tratamendu bat jaso dezatela. Horretan saiatuko diren esperantza dut; bestela, oso gogorra izango litzateke-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak