Gaur eta bihar, hondakin bilketa galdegai, Bergarako herri galdeketan

Ubane Madera 2013ko aza. 8a, 19:00

100 lagun. 10 hautesleku edo mahai. Bi pertsona hautesontzi bakoitzeko. Notario bat. Horiexek dira Bergara Garbia plataformak astebururako antolatutako herri galdeketaren bueltako zenbakiak. Gaurko kasuan, 10:00etatik 20:00ak arte izango dira zabalik hauteslekuak, eta domekan, berriz, 10:00etatik 18:00etara. "Edozein hauteskundetan izaten diren toki berak izango dira botoa emateko", azaldu du Josu Leturia Bergara Garbiako kideak. Hauteslekuak, beraz, honakoak: Udal Pilotalekua, Poligonoa (Martinez Irala eskola), Osintxu, Martoko eta Labegaraieta.  

Botoa eman dezakete 18 urtetik gorako bergararrek, nortasun agiria aurkeztuta. Baina horiez gain, Bergaran erroldatuta egon gabe ere, etxebizitza ohikoa bertan dutenak eta Bergaran bizi ez arren, herrian bertan negozioren bat dutenak ere gonbidatu dituzte herri galdeketan parte hartzera. "Bergaran komertzioren bat duten pertsonek bozka dezakete zaborraren azkeneko fakturaren (bere izenean) fotokopia aurkeztuz gero", dio Leturiak.
Eta ohiko hauteskundeekiko desberdina izango den beste ezaugarri bat da norbera joan ezin ezean, ordezkoa izendatu daitekeela botoa emateko. "Elkarteetan-eta askotan egiten da hori. Botoekin batera etxez etxe banatu ditugu ordezkoak izendatzeko papeletak". Hain justu, eguaztenean jaso zituzten bergararrek herri galdeketarako boto aukera biak:

1: Organikoa jasotzeko 5. edukiontziari ematen diot nire botua; Bergara Garbia plataformak defendatzen duen sistena.

2: Nire botua, organikoa eta errefusa jasotzeko atez ate; Udal Gobernu talde buruak (Bildu-Aralar) defendatzen duen bilketa sistema.

Emaitza, domekan
Behin herri galdeketa bukatuta, domekan bertan jakinaraziko dute emaitza: 19:00etan, Udal pilotakekuan. "Gero aztertu egin beharko dugu emaitza hori. Eta alde baterakoa edo besterakoa izan, ikusi egin beharko da zer egin. Nahi duguna da barometro lana egin, jakiteko zein den herriko egoera erreala. Emaitza izan daiteke positiboa edo negatiboa; hortaz, aztertu egin beharko da, eta gero erabakiko dugu zer egin", adierazi du Bergara Garbiako ordezkariak.

Botoa emateko aukera
Hain zuzen, Josu Leturiak azpimarratu gura izan du galdeketan jasotzen den erantzuna baino, antolatzaileen helburua dela herritarrei berba ematea: "Inportantea dena da jendeak aukera izatea botoa emateko, alde edo aurka egon. Guri benetan gustatuko litzaigukeena da kontra dagoen jendea ere botoa ematera joan dadila. Eskubide bera dauka. Eta kontrako botoa ematearren ez diogu elkarri agurra ukatuko. Izan ere, galdeketako botoa sekretua izango da, jakina; baina egia da, baita ere, Bergaran guztiok elkar ezagutzen dugula. Dena den, kontra pentsatzea ez dadila izan arrazoia elkarrekin haserretzeko. Hori larregikoa litzateke. Norberak bere ideiak defendatu behar ditu, eta batzuetan ondokoa konbentzitu ahalko du, eta bestetan ez". 

Zentzu horretan, eta nahiz eta Bergarako Udalak galdeketa ez antolatu, haren jarrera txalotu egin du Leturiak: "Eskertzen dugu Udalaren jarrera, erraztasun guztiak eman dizkigulako herri galdeketa antolatzeko".

Botoa eman bai edo ez
Asteotan ikusi den moduan, baina, herri galdeketak denetariko iritziak eragin ditu: parte-hartzearen aldekoak zein abstentzioaren aldekoak.

Herri galdeketaren antolatzaile den Bergara Garbia plataformak galdeketa antolatzeko emandako arrazoiak honakoak dira: "Bergarar gehiengoak argi eta garbi erakutsi du, gobernu buru taldeak, zaborra biltzeko atez ateko sistema ezartzeko hartutako erabakiaren aurka dagoela. Jasotako 4.691 sinadurak, manifestaldi jendetsuak eta zabor poltsez atonduriko Bergarako balkoi eta leihoak protesta moduan ikusi ondoren, ematen duenez ez dira nahikoa izan gobernu taldeak bere erabakia birplanteatzeko. Guzti honengatik, herri kontsulta hau aurrera eramatea erabaki dugu. Bergarar guztiak gonbidatuak daude".

Gainontzean, herri galdeketari babesa eman diote EAJ-PNV zein PSE-EEren udal taldeek. Aldiz, herri galdeketa horren zilegitasuna zalantzan jarri eta abstentzioaren aldeko deia egin dute Udal Gobernu Taldeak, Bergarako EH Bildu aderdiak eta baita Bergara Zero Zaborrek ere.

Parte-hartzearen aldekoak

Aintzane Oiarbide, EAJ-PNVren Udal Taldea: "Behin eta berriz eskatu diogu Bergarako Udal Gobernuari galdeketa egin dezala, berak antolatu dezala. Baina behin eta berriz ezezkoa eman digute, erantzun zehatza izan da galdeketa egin zutela udal hauteskundeetan eta horrekin nahikoa dutela. Guk uste dugu halako protesta maila ez dela sekula eman horrelako zerbitzu baten planteamenduaren aurreran, eta uste dugu galdeketa berezi bat egiteko modukoa dela. Udalak horri ezezkoa eman dionez, eta Bergara Garbia plataformak bere gain hartu duenez galdeketa hori herri galdeketa moduan planteatzea, guk horri babesa eman diogu alderdi moduan. Gu ados gaude. Hori bai, eskatu dugu berme guztiekin egin dezatela, baina babestu egiten dugu galdeketa".

Mari Carmen Barrenetxea, PSE-EEren Udal Taldea: "Erabat babesten dugu herri galdeketa. Hasieratik egin dugu bosgarren edukiontziaren alde. Ezin izan da hori gauzatu arrazoi politikoengatik, ze gehiengorik ez dute. Eta erabat ados gaude eta babestu egiten ditugu Bergara Garbiak egiten dituen ekimen guztiak".

Abstentzioaren aldekoak

Udal Gobernu Taldea: "Beti agertu gara galdeketen alde, baina ulertzen dugu badirela hainbat gai galdeketetara ezin direnak eraman. Guretzat giza eskubideekin eta naturaren babesarekin zerikusia daukaten gaien inguruan ezin dira galdeketak planteatu. Adibide erraz bat jarriko dut: enpresei ezin zaie galdetu ea eurek zikindutako urak garbitu nahi dituzten edo ez, ezta tabernari edo jatetxeei ea beraienak diren lokaletan erre daitekeen edo ez. Pertsonak eta ingurumena kaltetzen dituen gaien inguruko galdeketarik ezin da egin. Gaur mahai gainean dugun galdera bilketa sistemen ingurukoa da. Atez ateko bilketak frogatu du emaitza oso onak ematen dituela, erosoa da, garbia da eta herritarrei aldaketa txiki bat baino ez die eskatzen. Gainera, Bergarakoa sistema mistoa izango da, erosoago suertatzeko egungo kontenedore gehienak mantentzen dituena. Gaia guztiz teknikoa da, eta tamalez, etekin politikoak ateratzeko erabat kutsatu da. Herritarrei informazio zuzena jasotzera ez joateko deialdia egin zitzaien. Gezurrekin eta/edo egi erdiekin desinformazioa bultzatu da EAJ-PNV eta Bergara Garbiaren aldetik, gaia testuingurutik guztiz atera da Udal Gobernu taldea desgastatzeko asmoz. Honaino iritsi badira, argi dago interes politiko eta ekonomiko izugarriak dituztelako dela. Penagarria da Arrasaten akordioa lortzeko erakutsi duten jarrera Bergaran erakutsi ez izana. Penagarria da desinformazioa arma bezala erabiltzea. Eta penagarria da herri galdeketaren filosofia alderdikeriak maskaratzeko erabiltzea".

Bergarako EH Bildu: "Bergarar bat bozka bat printzipioa" onartzeko eskatu die EH Bilduk antolatzaileei, baina haien erantzuna dela-eta (botoa delegatu daiteke, eta Bergaran erroldatu bakoek ere bozkatu ahalko dute komertzioa edo ohiko etxebizitza bertan izanez gero), diote halako galdeketak ez direla onartzen "ez Europan eta ez inon. Monarkia bananero batean ere ez da homolgarria (…) Auzolotsaz begiratzen diogu galdeketa honi, herri galdeketetan sinesten dugulako". Politizatua, konfrontazioa bilatzen duena eta natura eta osasunaren aurkakoa dela ere azpimarratu dute. 

Bergarako Zero Zabor: "Birziklatzea derrigorra izatea ezin dugu aukeratu, eta hori da galdeketa honetan planteatzen digutena. Herritarron erantzukizuna da hondakinak selektiboki berezitea, beraz, gure ustez galdeketa honen terminoak ez dira zilegi. Ezin dugu hurrengo belaunaldiak hipotekatuz, kutsatzea edo ez kutsatzea erabaki". Bergara Zero Zaborrek botoa delegatzeko, eta botoa emateko Bergaran ez erroldatuta egoteko aukeren zilegitasuna zalantzan jartzeaz gainera, azpimarratu dute "galdeketa egin aurretik, zentsoa zein den jakin" egin behar dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak