EAJ: "Bilduren kudeaketa erabat kaotikoa da, Arrasaten edukiontziak eta Bergaran atez atekoa inposatzen"

Irati Goitia 2013ko aza. 4a, 15:26

Bergarako alderdi jeltzaleak gaur, astelehena, egin duen prentsaurrekoan adierazi du Bildu hondakinen bilketaren inguruko kudeaketa erabat kaotikoa egiten ari dela Gipuzkoan, batez ere, Debagoienean. Eta salatu dute zergatik ea Bergaran atez atekoa inposatzen duen, Arrasaten edukiontzien aldeko apustua egiten duen bitartean. Hala, Bergarako Bildu-Aralar Udal Gobernuari eskatu diote atez atekoa inposatzeari uko egin diezaiola.

Aintzane Oiarbidek adierazi du atez atekoaren aurkako adierazpen asko egin direla Bergaran azken urtean, eta gaineratu du ea zergatik jasan behar duen bergarar herriak atez atekoaren inposaketa, Arrasaten Bilduk edukiontzien alde egiten duen bitartean.  Eta gaineratu du Bilduren kudeaketa erabat kaotikoa dela."Bildu kudeaketa erabat kaotikoa egiten ari da Gipuzkoa osoan; bereziki, Debagoienean. Ez dakigu zer mankomunatuko dugun hondakin bilketari dagokionez, herri bakoitzean sistema ezberdina ezartzen ari denean: Antzuolan eta Oñatin atez ate; Elgeta eta Arrasaten edukiontziak; Gatzagan ez bata ez bestea; Bergaran atez atekoa edukiontzi batzuekin; eta Eskoriatza eta Aretxabaletan ez dakigu zer loteria tokatuko zaien", esan du Aintzane Oiarbidek.

Bestalde, Oiarbidek gaineratu du mankomunitateak 18 milioi euroko inbertsioa adjudikatu zuela mankomunitate osoan atez ateko sistema ezartzeko, baina ez bada herri guztietan ezarri behar gastu horri nork aurre egin behar dion galdetu du. "Nork ordainduko du inbertsio hori? Atez atekoa izango dutenek? Edukiontzien alde egin dutenek? Guztiok? Norbaitek eman beharko ditu diru xahutze horren azalpenak", exijitu du bozeramaile jeltzaleak.

Emaitzen iruzurra

Bergaran ezarri nahi den sistema garestienetakoa dela ere esan du Oiarbidek: "Edukiontziak husteko kamioiak beharko dira, eta horiez gain, kuboetako hondakinak jasotzeko beste kamioi batzuk beharko dira eta kuboak husteko langileak". Bergarako Udala zulo finantzario handiagoan sartu ez dezala eskatu du hala Bilduri.Atez atekoa sistema garestiagoa dela arrazoitzeko datuak eman ditu. "Anoeta, Alegi, Irura eta Zizurkilen edukiontziekin kostua 141.217 eurokoa bazen, atez atekoarekin 372.295 eurokoa da. Billabonan, bestetik, edukiontziekin 58.148 eurokoa zen kostua eta atez atekoarekin 235.494 eurokoa", zehaztu du jeltzaleak. Beheko taula banatu dute prentsaurrekoan:


2013 atez atekoarekin
2012 atez ateko gabe
Ehunekoa
Abuztua  115.328kg  177.582kg  %35 kilo gutxiago batu ziren
Uztaila  118.771kg  196.742  %40 kilo gutxiago batu ziren
Ekaina  116.483kg  177.067kg  %34 kilo gutxiago batu ziren
Maiatza  119.758kg  187.558kg  %37 kilo gutxiago batu ziren
Apirila  119.264kg  177.240kg  %33 kilo gutxiago batu ziren

Sistema "garestia" izateaz gain, birziklatzerako orduan, atez atekoaren eta 5. edukiontziaren artean  alde handirik ez dagoela adierazi du. Oiarbidek zehaztu du Bilduk ez dituela sekula datuak kilotan ematen, ehunekotan baizik. Eta honela, emaitzen manipulazio nabaria egiten duela. Astigarrako datuak eman ditu. "Esaterako, 2012ko abuztuan atez atekorik gabe 177.582kg hondakin batu ziren eta 2013ko hilabete berean atez atekoarekin 115.328kg (%35 gutxiago). Argi gelditzen da basuren turismoa delakoa existitzen dela. Atez atekoa ezarri den herrietan %30 eta %40 hondakin kilo inguru desagertzen dira. Honek adierazten duena da atez ateko sistemak ez duela Bilduk esaten duen bezala funtzionatzen".

Beraz, Oiarbidek esan du argumentu gabe utzi dutela Bergarako Udal Gobernua. Horrela, alderdi jeltzaletik Bildu-Aralar gobernuari exijitzen diote uko egin dezala atez atekoa inposatzeari eta entzun dezatela herriaren hitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak