San Antonio kaleko eraikin bat erosiko du Udalak

Iure Eizagirre 2013ko aza. 4a, 11:52

Aurreko asteko ohiko osoko bilkuran ordenantza fiskalez eta hondakinen bilketaz bestelako gai batzuk ere izan zituzten hizpide, besteak beste, urbanizazio lanak. San Antonio auzoko errehabilitazio lanekin jarraitu ahal izateko 3. zenbakiko eraikina eta berari atxikia dagoena erostea onartu zuen udalbatzak aho batez.

Maren Belastegi zinegotziak azaldu duenez, "kalearen errehabilitazioa azken urteetako auzotarren eskaria da. Kalea estutu egiten da eta inbutu moduko bat sortzen da. Gainera, ez dago espaloirik, ez oinezkoendako pasabiderik".

Lurralde Antolamendu eta Ingurumeneko batzordeburuak zehaztu zuen ezinbestekoa dela eraikin hori eraistea errehabilitazio lanak egiteko. Ondorioz, Udalak datozen asteetan sinatuko du jabetzako eskritura.

Udalak jada egin ditu gestioak etxejabeekin eta 101.500 eurotan erosiko ditu 3. zenbakiko eraikina eta berari atxikitakoa.

Jabetzaz aldatutakoan, eraikina bota egingo dute, baina ez osoa, "Udal Ordenantzaz kanpo dagoen zatia bakarrik", azaldu du Belastegik.

Behar adina espazio lortutakoan, "San Antonio auzotik kalera pasatzeko espaloia egingo da. Kalea urbanizatzea da asmoa". Oraindik, baina, izapideak hasteke daude, beraz, itxaron egin beharko da San Antonio egokitu eta erosoagoa ezagutzeko.

Epaiketen aurkako mozioa

Azken asteetan Madrilgo Auzitegi Nazionalean dozenaka euskal herritarren kontra egiten ari diren epaiketen aurkako Epaiketa politiko gehiagorik ez! izena zuen mozioa onartu zen. Epaiketa politiko gehiagorik ez egiteko eta elkarbizitzara demokratikorako oinarri sendoak ezartzeko eskatu zen, besteak beste, mozioan.

Gobernu Taldeak -Bilduk eta Aralarrek- mozioaren alde bozkatu zuen eta PSE-EEk, berriz, aurka. EAJko ordezkariak ordurako utzita zuten aretoa. Alkateari baimena eskatu eta Fagorren egoeraren aipamena egin ondoren, hondakinen gaiari heldu zion Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaileak. Gobernu Taldeak hondakinen bilketaren inguruan darabilen lan egiteko moduarekin ez daudela ados adierazi zuen Oiarbidek, eta ostean alderdiko bost zinegotziek aretoa utzi zuten, protesta gisa.

Egindako adierazpenaren amaieran, ordea, epaiketen aurkako mozioa aipatu eta Gobernu Taldea kritikatu zuen: "Oso erraza zen gurekin akordio batera heltzea epaiketa politikoak direla eta, erabat ados baikaude aurkeztutako mozioarekin, baina Bildu eta Aralarrek, berriz ere, gure parte-hartzerik nahi ez duzuela erakutsi diguzue, ezta bakegintza gaietan ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak