Bergara Garbiak dei egin du herri galdeketan parte hartzeko eta desobedientzia zibilerako

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urr. 31a, 14:21

Azaldu dute bosgarren edukiontziaren edo atez atekoaren alde edo kontra bozkatzeko herri galdeketa egingo dutela datorren asteburuan, hau da, azaroaren 9 eta 10eko asteburuan eta herritarrak bozkatzera joateko animatu nahi izan dituzte. Bestalde, herritarrei eskatu diete hondakinen kuboak ez jasotzeko.

"Udal gobernuak hondakinen mahaia apurtu eta hasieratik pentsatuta zuten asmoari jarraiki bergararrei atez atekoa inposatu diete", hitz horiekin hasi du goizeko prentsaurrekoa Bergara Garbiako Jose Antonio Aperribaik. Eta jarraitu du esaten herri galdeketa egingo dutela eta dei egin dute galdeketa horretan parte hartzeko eta desobedientzia zibilerako.

Herri galdeketa

Bergara Garbia plataformak herri galdeketa egingo du datorren asteburuan. Galdeketa horretan, herritarrei eskatuko zaie bosgarren edukiontziaren edo atez atekoaren alde edo kontra bozkatzeko, eta Bergarako notarioak egiaztatuko ditu jasotako botoak.

18 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute galdeketan eta ohiko hauteslekuetara joan beharko dira euren botoa ematera NAN-arekin. Galdeketa datorren asteburuan izango da, esan moduan, azaroaren 9an, zapatua, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara eta azaroaren 10ean, domeka, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara eman ahal izango da botoa.

Boto pertsonalaz gain, ordezko batek ere eman ahal izango du botoa. Eta hori eman ahal izango da ondorengo kasuetan: Bergaran erroldatuta egon gabe ere etxebizitza ohikoa bertan dutenek eta baita Bergaran erroldatu gabe dauden baina hondakinen tasa ordaintzen duten merkatariek ere. Azkenik, asteburu horretan bozkatzera joan ezin direnek ere erabili ahal izango dute ordezkoen botoa.

Botoa ordezko batek eman ahal izateko baina, derrigorrezkoa izango da botoa pertsonalki eman ezin duen pertsonaren NAN-aren edo azken hondakinen tasaren ordainagiriaren fotokopia erakustea.

Bergara Garbiatik esan dute datorren eguaztenerako banatuko dituztela botoak emateko gutunak buzoietan eta herri galdeketan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute.

Desobedientzia zibila

Dei hori egiteaz gain, desobedientzia zibilerako deia ere egin dute: "Ez jaso kuborik. Ez larritu, ezin dute isunik jarri ez baitago kuboak ez hartzearen edota hondakinak txintxilikarioetan ez jartzearen aurkako ordenantzarik. Horregatik, banatu dezagun organikoa eta errefusa poltsetan, eta jar ditzagun beti utzitako lekuetan, eta posible ez bada, utz ditzagun txintxilikarioen aldamenean lurrean" esan du Aperribaik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak