Bergara Garbia: "Galdeketan baieztatu egingo da sinadurena"

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urr. 30a, 17:57

Bergara Garbiaren ustetan, hori da "armarik egokiena, gehiengoa atez atekoaren kontra" dagoela erakusteko. Plataformako kideek uste dute "alkateak maskara kendu" duela, plataformak berak batutako sinaduren harira alkateak aurreko astean esandakoei erreferentzia eginda.

"Bere proiektuaren kontrako 4.691 sinadurak, gainetik nola kendu ez dakien arlosa baten modukoak dira eta amarruak erabiltzen ditu justifika ezina justifikatzeko", diote erredakziora bidalitako oharrean. 

Plataformako kideen esanetan, "alkateak urte eta erdira esan du sinadurak ez zirela errealak. Ez dio axola notario-ziurtagiria egotea, ezta herritarren gehiengoak ere zaborra kalean, kanpoan, zikin eta usain txarrarekin nahi ez izatea". Horrekin batera, atez atekoa "askoz garestiagoa" dela ere badiote: "Gastu korrontea hirukoiztu egingo da, atez atekoa inposatu duten herrietan gertatzen ari den moduan".  

"Erreferenduma egin"

Sinadura kopuruak kezka eraginez gero, "hainbestetan eskatutako erreferenduma" egiteko ere proposatzen diote eta zeren beldur den ere galdetzen diote, baina gehitzen dute: "Zuk ez diozu beldurrik erreferendumari, emaitzari baizik, badakizulako 4.691 sinadurena baieztatu egingo dela emaitza horretan". 

Horrekin guztiarekin batera, honakoa ere gehitzen dute: "Herri galdeketa guk egingo dugu, azaroaren 9an eta 10ean, eta armarik egokiena izango da Bergarako zein Bergaratik kanpoko iritzi publiko guztiari erakusteko herritarren gehiengoak ez duela partekatzen egiten ari zaretena".

Eta amaitzeko, hauxe diote: "Kasurik egingo ez duten arren, gehiengo horrek legitimatu egingo ditu ondoren etor daitezkeen euren diktaduraren kontrako ekintzak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak