Manifestuan azaldu zuten moduan, "Bergara berdearen" apustua egiten duela adierazi zuen Zero Zaborrek: "erreka, kale eta mendiak garbi, hondakinen trataera on batekin. Guk ondo egingo dugu: hondakin gutxiago sortu, birziklatu eta berrerabili".
Taldea hondakinak biltzeko atez ateko sistemaren aldekoa dela berretsi zuten baina "sistema baino, helburuak eta herritarren iritzia" dela garrantzitsuagoa. "Horregatik, 700 herritarrek, Bergaran inoiz egindako parte-hartze prozesu handienean erabakitakoa gure egiten dugu. Hau da, sistema mistoan eta herritarren ahaleginean konfidantza dugu", adierazi zuten.
Azaroko herri galdeketan, abstentzioa
Bergara Garbia plataformak azaroaren 9an eta 10ean egingo duen herri galdeketan abstenitzeko eskatu du Zero Zaborrek. "Plataformak eskatzen duen bosgarren edukiontziak ez du birziklatzeko balio" adierazi, eta "errauskailua horrekin batera dator" gaineratu zuten.
Galdeketaren atzean "helburu partidistak daudela" adieraziz heldu ziren agerraldiaren amaierara: "beraien helburua ez da birziklatzea, alderdi politikoen arteko konfrontazioa eta herritarron arteko nahasmena sortzea nahi dute, benetako gaia desbideratuz".