Bergarako EH Bilduk herri galdeketan parte ez hartzeko deia egin die herritarrei

Bergarako EAJko arduradun politikoek joan den astean alkatearen eta alkate ohiaren aurka eginiko irainak onartezinak direla adierazi dute EH Bildutik. Atzo egin zuten prentsaurrekoan, bestalde, herri galdeketan parte ez hartzeko deia egin zieten herritarrei. Pozik daudela ere esan zuten, Bergara laster zero zabor herria izango delako.

Bergara laster Europako herri aurreratuen pare jarriko da hondakinaren trataerari dagokionean, EH Bilduren esanetan. Hala, abian jarriko den sistema mistoaren bitartez, Europar araudia betez, Katalunian, Italian, Alemanian edo Austrian egiten duten bezala, adierazi zutenez, Bergara ere bere hondakinak bereizi eta birziklatzen dituen herria izango dela gaineratu zuten. Horregatik, pozik daudela adierazi zuten EH Bildutik.

"Urratsa normal ez bilakatzen"

Pozik dira eman behar duten urratsarekin, baina, urrats hori normala izan ez dadin beste batzuek euren eskuetan dagoen guztia egin dutela ere gaineratu zuten eta ez dituztela onartuko EAJko arduradun politikoek izan duten jarrera. "Arduragabekeria handiz alkate eta alkate ohia iraindu dituzte: faxista, totalitario, burdinazko dama edo inposatzaile bezalako irainak entzun behar izan ditugu. Hau al da herritarren aurrean arduradun politikoek eman behar duten eredua? EAJko buru diren Aintzane Oiarbide eta Victoriano Gallastegiri ardura politiko minimoa izatea eskatzen diegu: utzi ditzatela gezur, manipulazio eta irainak. Joka dezatela zintzo eta lasai", adierazi zuen Ibai Redondok.

"Akordioari ez"

Hala, EH Bildutik irain gehiago ez egitea eskatu zieten EAJko buruei eta herritarrei euren probokazioetan ez erortzeko deia ere egin zien. Gaineratu zuten Bergarako EAJko buruek duten jarrera, beste herri batzuetan alderdi bereko arduradun batzuk dutenaz alderatuta, ez duela inolako zerikusirik; Zumaia eta Azpeitia kasu. Herri horietan EH Bilduk eta Alderdi Jeltzaleak akordio eredugarriak lortu dituztela esan zuten. 

"Guk ere publikoki eta negoziazio mahaian behin eta berriz jarri ditugu akordio hauek: derrigorrezko bilketa selektiboa eta pertsonalizatuan oinarrituak; helburu zehatzekin %70-80ko birziklapen tasak; denbora tarte batean froga egitea. Baldintza hauek betetzen dituen edozein sistema praktikan jartzeko prest izan gara joan den 12 hilabeteotan. Behin eta berriz errepikatuz guretzat helburuak direla garrantzitsuak ez sistema", esan zuen Justina Elexpuruk. Honakoa ere gaineratu zuen: "Zer egin du oposizioak? Derrigorrez eta modu pertsonalizatuan birziklatzeari ezetz esan; %70-80ko helburuei ezetz; borondatezko 5.edukiontzia ez den edozein sistemari ezetz. Ezetzaren frontea izan dugu aurrean zoritxarrez, malgutasuna zero".

Hala, gaineratu zuten EAJ eta PSEk euren eskuetan zegoen guztia egin dutela akordiorik ez lortzeko eta bergararrak konfrontaziora eramateko. Udala adostasunak lortzen saiatu dela birziklapenari bai, sistema ezberdinak aztertzeari bai eta adostasunari bai esanez. Herri galdeketa bera ere, konfrontaziorako erabili nahi dutela esan zuten.

Herri galdeketan parte ez hartzeko deia

Demokraziaren ikur, arazoak konpontzeko tresna izan beharko litzatekeen herri galdeketa, konfrontaziorako erabili nahi dute. Gaineratu zuten planteatzen duten herri galdeketan 5. edukiontziaren aldeko hautua egiten dutela, eta hala, galdeketa horrek ez duela arazoak konpontzeko balio. Are gehiago, 5. edukiontziak ez duela birziklatzeko balio berretsi zuten. Eta horren adibide bat ere eman zuten: Bergaran 4 edukiontzirekin %26a birziklatzen ari direla esan zuten, eta Aretxabaletan 5. edukiontzirekin %1 gehiago bakarrik birziklatzen dutela.

Hala, iragarri zuten ez dutela herri galdeketan parte hartuko. Birziklatzeko balio ez duen sistema bat ez dutelako martxan jarriko. Eta naturaren eta osasunaren aurkako proposamenek ezin dutelako herri galdeketetan lekurik izan. Horrenbestez, herritarrei herri galdeketan parte ez hartzeko deia egiten diete. Eta bestalde, bi gauza eskatu dizkiete galdeketa antolatu dutenei: batetik, herri galdeketa modu demokratikoan antolatu dezatela, hau da, bergarar bat, bozka bat. Eta bestetik, kontsekuenteak izan daitezela euren ideiekin. Eta Gipuzkoan errauskailua egin behar bada, proposatu dezatela Bergaran egitea, garai batean egin zuten bezala.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.