Fernando Cobos: "Txakurrarekin batera korrika egitean, tandema osatzen dugu"

Ane Miren Etxeberria 2013ko urr. 28a, 13:06

Fernando Cobos (Beasain, 1959) ingeniari teknikoa da, baina beti gustatu izan zaizkio txakurrak eta baita korrika egitea ere; beraz, bi pasioak uztartu, eta orain dela hiru urte canicross txapelketetan parte hartzeko esperientziari ekin zion. Azaroaren 9an eta 10ean Gorlan jokatuko den txapelketan izango da, baina aurretik, astebete lehenago Burgosen izango da beste lasterketa batean. Geldirik egoten ez den horietakoa da Cobos...

Azaroaren 9an eta 10ean lasterketa izango da Gorlan, 8 kilometroko ibilbidea; zein da zure asmoa lasterketa horri begira?

Nire asmoa ondo pasatzea da eta nire kategorian, hau da, beteranoen mailan, Gipuzkoako lehen hiru postuetako bat lortzea. Egia esan, ez gaude asko maila horretan lehiatzen, baina gaudenon artean lehiakortasun handia dago.

Zer ikusi eta bizi izateko aukera izango dugu Gorlan?

Zapatu arratsaldean lau proba ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek. Karro proban bi modalitate daude: bata, sei txakurrekin tira egiten dena; eta bestea, zortzi txakurrekin egiten dena. Beste proba bat txakurrek tira eginez eta bizikletaz ibilbidea egitea da eta beste bat, txakurrek tira eginiko patin lehiaketa. Patin horrek bizikleten moduko gurpilak ditu, balaztak ere baditu eta txakurra tira eginez joaten da. Horrenbestez, zapatuan, lau proba horietan parte hartuko duten kirolari eta txakurrak izango dira protagonistak. Domekan, aldiz, lau proba horietako bigarren txanda jokatuko da, goizeko bederatzietan. Eta 11:00etan ekintza garrantzitsuena izango da; hau da, canicross lasterketa bera. 100 bat txakur etorriko dira korrika egitera; beraz, txakur asko. Nik canicrossean parte hartuko dut, gehien gustatzen zaidan modalitatea da eta jokatzen diren lasterketa gehienak modalitate honetakoak izaten dira.

Eta zertan datza canicross modalitatea?

Txakurrarekin korrika egitea da canicrossa. Txakurra beti aurretik eraman behar da. Izan ere, txakurra atzetik joaten bada, epaileak puntuak kentzen ditu; hortaz, beti aurrean. Txakurrak arnes homologatua darama eta gu beti atzean goaz arnes batekin eta soka elastiko batekin kolpeak arintzeko. Lotuta goaz eta batera korrika egiten dugu. Garrantzitsua da txakurrarekin batera erritmoa hartu eta indarrak kontrolatzea, esfortzu handia baita txakurrarentzat. 

Eta erritmoa nork jartzen du, txakurrak ala zuk?

Erritmo berean joan behar dugu; biok indartsu bagaude eta biok ahal badugu, azkarrago joango gara. Tandem bat da, azken baten. Txakurrari aginduak ematen zaizkio, azkarrago joan dadin, aldapa behera lasaiago... Izan ere, bion artean elementu bakarra osatzen dugu.

Entrenamenduak, orduan, gogorrak izango dira...

Txakurrari erakutsi egin behar zaio norberaren aurretik joan behar duela, baina, behin ikasi duenean, txakurra solte eramatea gustatzen zait. Hori bai, lasterketa garaian arnesarekin lotuta eramaten dut. Kontua da oso gogorra dela kirol hau txakurrarentzat; izan ere, bularretik egiten du tira txakurrak eta oso gogorra da harentzat. Asko nekatzen da, oso esfortzu handia da. Txakurrarentzat, 8 kilometro arnesetik tiraka aritzea 30-40 kilometro solte egitea bezala da. Hori dela eta, lasterketa guztiek kilometro kopurua mugatuta dute, guztiak 6 eta 10 kilometro artekoak izaten dira.

Nolakoa da zure txakurra?

Bi txakur ditut. Azkenengo bi urteetan, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan erabili dudana ehizarako setter ingeles bat da. Iaz beste bat hartu nuen, tira egiteko txakurra da, korrika egiteko espezifikoa. Baina, egia esan, ez dago txakur konkreturik lasterketetan parte hartzeko, guztiek balio dute: handiak, txikiak... Edozelan ere, egia da tira egiteko eta korrika egiteko txakur aproposagoak ere badaudela.

Lehen aldiz jokatuko da canicross lasterketa bat Bergaran; pozik zaude etxean aritzeagatik?

Bai, oso pozik nago etxean aritzeagatik, beti eskertzen da. Kontua da Donostia aldean gure bailaran baino zaletasun handiagoa dagoela eta bertan daudela canicrossean aritzen diren korrikalariak. Hemen inguruan Elgoibarko bat eta ni gabiltza. Baina bai, oso pozik, ia horrela gure inguruan zaletasuna indartzea lortzen dugun eta datorren urtean ere lasterketa hau antolatu ahal dugun.

Zeu Euskanicross taldeko kide zara, ezta?

Bai; esan bezala, Donostia inguruan zaletasuna handiagoa da eta bertan daude talde gehienak.  Uste dut lau talde gaudela. Euskanicross Juan Mari Lujanbiok sortu zuen orain dela bi urte, emaztearekin batera. Poliki-poliki taldea handitzen joan da eta orain 30 bat pertsonak osatzen dugu taldea eta oso pozik nago; egia esatearren, talde bikaina osatzen dugu.

Zure hurrengo erronka zein da? 

Ba, egia esan, Gorlako lasterketaren aurretik, Burgosen egingo dut korrika azaroaren 3an. Espainiako Koparako puntuagarria da lasterketa, eta probatzera noa, ea zelako eguna dudan eta dena ondo ateratzen den. Gorlako lasterketa Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria da; beraz, bi proba horietan postu ona lortzen saiatuko naiz. Nire helburua lehenengo hiru postuetako bat lortzea da.

Mezuren bat bidali nahi duzu? 

Mezua baino gehiago, deialdi bat egin nahi dut. Herritar guztiei zuzendutako eta probaz beteriko asteburu borobila izango da azarorako antolatu duguna, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditut Gorlara igo eta lasterketaz gozatzera etortzeko. Poliki-poliki kirol hau gure bailaran ezagutzera eman nahi dugu, eta zaletasuna piztu. Gorla eta Hirubide lotuko dituen lasterketa polita da, bai parte hartzen dugunontzako, baita ikusleentzako ere. Anima zaitezte ikustera!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak