"Allende los mares' esaldiak esanahi handia du niretzat"

Imanol Beloki Unamuno 2013ko urr. 24a, 16:42

Jon Suinaga (Bergara, 1967) ingeniari elektronikoa da lanbidez, baina idazlea afizioz. Lehen eleberria idatzi berri du, Allende los mares (Hiria) izenekoa.

Zer kontatzen da eleberrian?
XV. mendean kokatzen den eleberri historikoa da. Euskal Herriko kostaldean hasten da istorioa, baleak arrantzatzera joaten ziren garaian. Hortik aurrera, krimen bat gertatzen da eta intrigaz jarraitzen du eleberriak.
Zer dela eta idatzi duzu gai horren inguruan?
Idazten hasi aurretik garbi neukan interesatzen zaizkidan gaiez idatzi behar nuela. Baleen arrantza, garaia eta azken esaldia nituen pentsatuta eta eleberria osatzeko krimen bat sartu nuen hari gisa.
Zergatik Allende los mares izenburua?
Allende los mares esaldiak esanahi handia du niretzat. Ozeanotik haratago dagoena da. Abenturazko garai bat. Liburuan kontatzen denarekin lotuta dago.
Zergatik kokatu duzu XV. mendean?
XV. mende amaieran Nafarroako erreinua, Gaztelako erreinua, probintzia euskaldunen egoera, aurkikuntzen garaia da… joko handia ematen dute gai hauek. Asko irakurri dut gai hauen inguruan eta irakurtzen dudanaren gainean idaztea gustatzen zait.
Eleberria idazteak dokumentazio lan handia eskatu al dizu?
Bai, eleberriaren atal garrantzitsuena izan da. Eleberri bat idazteak dedikazio eta ordu asko eskatzen ditu, baina eleberri historiko bat idazteak idazten duzun guztia ikertzea, errepasatzea eta gaiaren inguruan irakurtzea eskatzen du.
Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Gaztetatik nuen irakurtzen nuenari buruz idazteko ohitura. Nahiz eta denbora batez alde batera utzi dudan idaztea;  lana, familia eta ikasketak direla eta, azken urteotan berreskuratu, eta hemen dago nire emaitza.
Non idatzi eta pentsatzen duzu?
Idazteko momentuan isiltasuna beharrezkoa da. Pentsatzeko, aldiz, ez dut leku finkorik; askotan, gauetan, ohean nagoenean edo kirola egiten ari naizenean pentsatzen dut.
Zein izan da lagunen eta familiakoen erreakzioa?
Lagunak ezustean harrapatu ditut. Jendeak ez zuen eleberriaren berri. Eleberria irakurtzeko animatuta eta gogoz daude. Batzuek dagoeneko erosi dute eleberria, eta, oraingoz, ez ditut kritika txarrak jaso.
Nola joan da eleberriaren aurkezpena?
Duela aste batzuk banatu ziren liburuak liburu-dendetan eta urriaren 23an Koldo Mitxelenan komunikabideen aurreko aurkezpena izan zen. Hilaren 30ean, aldiz, Bergaran lagun arteko aurkezpena izango da. Bergararra izanda, ezinbestekoa. Eleberriak sinatu eta liburua erosi nahi duenarentzat izango da. Aurrerago ere izango ditugu aurkezpen txikiagoak liburu-dendetan, Bergaran egingo dugunaren antzera.
Liburua zein formatutan dago erosteko?
Hiria editorialak ez du liburu elektronikorik eskaintzen. Paperean bakarrik dago, oraingoz; aurrerago, berriz, ikusiko dugu.
Hemendik aurrera proiekturen bat?
Ba, beste eleberri batekin hasi nahiz. Lehenengoarekin ez du alderik eta gaur egunean kokatzen da, serie beltzei eta detektibeei omenaldia da. Bilbon kokatzen da istorioa eta umorez beteta egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak