Bergara Garbiak "desobedientzia zibilerako" deia egin du

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 23a, 16:34

Hondakinen gaikako bilketaren harira Udal gobernu taldeak aurreko astean egindako prentsaurrekoari erantzun egin dio Bergara Garbiak, prentsa ohar baten bitartez: "Atez atekoa inposatzea eta berehala ezartzea justifikatzeko, atez atekoaren kontra batutako sinadurekin sartzea baino ez zaio bururatu alkateari. Urte eta erdiz gordeta izan eta gero, sinadurak begiratzea otu zaie, sinadura batzeak zalantzak eragiten dizkiola esateko". Hori horrela, Bergara Garbiak uste du "orain hori esatea sinatzaile guztiekiko errespetu falta" dela.

"Denbora honetan guztian ez diete ez balorerik ez garrantzirik eman herriko 4.691 sinatzaileei, justifika ezina justifikatzeko erabiltzea otu arte. Bekaturen bat eta argumentu gutxi dituzte", dio plataformak. Eta honakoa ekarri du gogora: "Bilduk sinadura andanari aurre egiteko egindako gauza bakarra izan zen parodia bat muntatzea, antzezpen eta guzti, eta 250 sinadura batu zituzten bertan. Hori bai, bere garaian azaldu zuten moduan, jende garrantzitsuarenak ziren: irakasleak, intelektualak, eliteak... hau da, jende printzipala, eta, noski, inportanteagoa atez atekoaren kontra sinatu zuten 4.691 bergararrak baino". "Ahaztuta" zituzten gauzak "gogora erazi" zizkietela ere gehitu dute plataformatik: "Argumentuak ez zirudien oso demokratikoa, baina, orain, berriz darabilte sinaduren egiazkotasunarekin sartzeko".

Herri kontsulta, "zalantzak argitzeko"

"Adierazpen hauekin ikusten da alkate andereak zalantzak dituela oraindik ere, atez atekoaren alde eta kontra daudenen kopuruei dagokienez. Bergara Garbiatik behin eta berriz proposatu diegu herri kontsulta bat egitea, dituzten zalantza guztiak argitzeko behingoz, eta gure aldetik men egingo geniokeela herriaren gehiengoak erabakitakoari", diote Bergara Garbiatik. "Demokraziaren paladinak ez daude horretarako prest, ordea; nahiago dute inposizioa", gaineratu dute plataformatik: "Bidegabekeria-ahalegin horri erantzuteko, Bergarako herriari proposatu diogu kontsulta egitea, azaroaren 9an eta 10ean; bertan, aitzakiarik gabe ikusi ahal izango dute zer pentsatzen duten bergararrek. Kontsulta aurrera eramateko eta Bergarako herritar moduan ditugun eskubideekin, Udalari bere laguntza eskatu diogu kontsulta egiteko. Laster ezagutuko duzue emango diguten erantzuna".

"Ez ditugu jasoko atez atekoaren kuboak"

Bien bitartean, "desobedientzia zibila" proposatu dute, "atez atekoa inposatzeko egiten dabiltzan ahaleginak geldiarazteko". "Atez atekoak zikinkeria arazoak eta trabak  sortzen ditu eta, garai zailotan, bereziki, arazo ekonomikoak", azaldu dute. Atez atekoaren kuboak ez dituztela jasoko iragarri dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak