Bergarako bilketa sistema berriaren gaineko argibideak eman dituzte

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urr. 18a, 11:09

Abenduko lehen asteetan ezarriko dute hondakinen bilketarako sistema berria eta bertan edukiontziak eta esekitokiak konbinatuko dira. Material banaketa urriaren 29tik azaroaren 13ra egingo da.

Abenduko lehen asteetan ezarriko dute Bergaran hondakinen bilketarako sistema berria, eta sistema honetan edukiontziak eta esekitokiak, bika konbinatuko dira. Hala, papera, ontzi arinak, beira, arropak eta olioa edukiontzietan bilduko dira, ordutegi eta egutegi librean. Organikoa eta errefusa, berriz, esekitokietan kateatu beharko dira, ordutegi eta egutegi zehatzarekin: organikoa martitzenetan, egubakoitzetan eta domeketan jasoko da; errefusa, eguenetan. Kuboak 20:00etatik 23:00etara atera beharko dira.

Plangintza

Sistema berria martxan jartzeko honako plangintza zehaztu dute:

  1. Uda aurretik ekarpen-guneak eraiki zituzten landa auzoetako hondakinak jasotzeko.
  2. Urriaren 14ko astean posteak jartzen hasi dira Labegaraietan eta San Lorentzon. Herriaren kanpoaldetik erdigunerantz jarriko dituzte eta zenbait aste beharko dira.
  3. Oraingoz edukiontziak daudenez, lur okupazioa handiagoa da. Horrek eragin du posteak jartzerakoan aurreikusitako lekutik metro gutxi batzuk mugitzea, betiere leku egokiagoan jarriz, irizpide teknikoarekin.
  4. Material banaketa. Etxe bakoitzeko bi balde marroi –organikorako– eta bat gris kolorekoa –errefusarako– banatuko dira. Gida, hiztegia eta imana ere banatuko dira. Gidan funtzionamendua jasotzen da eta hiztegian, zer-nola bereiztu. Urriaren 29tik azaroaren 13ra egingo da banaketa, Oxirondoko azokan, azaroaren 8an izan ezik. Egun horretan Labegaraietako kiroldegian banatuko da eta Osintxun eta Angiozarren azaroaren 13an.
  5. Bando eta eskuorri bidez jakinaraziko da zein egunetan eta non jaso beharko den materiala. Etxebizitza bakoitzari dagokion bilketa puntua ere bertan adieraziko da.
  6. Ordutegia: 10:00-14:00 eta 17:00-20:00 izango da.
  7. Dagokion egunean joaterik ez duena azaroaren 13a arte edozein egunetan pasatu ahal izango da azokatik materiala jasotzera.
  8. Aurrerantzean, informazio bulegoa udaletxean, udaltzainen pareko bulegoan egongo da, astelehenetik eguenera, 10:00-14:00 eta 15:00-19:00 eta egubakoitzetan 10:00- 14:00. Materiala banatzeko, herritarren laguntza eskertuko dute; boluntarioek  943 76 46 18 telefonora deitu edo materialabanatzeko@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak