Irregulartasunak salatu ditu Bergarako Gobernuak atez atekoaren aurkako sinaduretan

Bergarako Udal Gobernu taldeak agerraldia egin du gaur eguerdian hondakinen bilketa sistema berriaren ezarpenaren eta gai honen inguruan azken hilabeteotan esan direnen inguruan azalpenak emateko. Salatu dute Bergara Garbiak eta EAJk herritar ugariren zilegizko desadostasuna manipulatu eta itsusitu egin dutela, eta sistema berriaren kontra egon diren sinadura bilketetan irregulartasunak egon direla.

Gaikako hondakin bilketaren eta horren bueltan azken hilabeteetan esan direnen inguruan agerraldia egin du gaur eguerdian Udal Gobernu taldeak. "Pozten gaitu adierazteak aurrera jarraitzen dugula hondakinak gaika biltzeko proiektuarekin eta laster izango dugula martxan emaitzarik onenak lortzen dituen bilketa sistema Bergaran", esan du agerraldian Jaione Isazelaia alkateak.

"Egia da gai korapilatsua" dela eta "oraindik ere herritarren artean tentsioa" sortzen duela esan du , baina "Gobernu taldeak tentsio hori apaltzeko saiakerak" egin dituela eta "prest azaldu diren pertsona eta talde guztiekin gaia lantzeko beti irekita agertu" direla ere azpimarratu du.

Hondakinen problematikari erantzuna emateko "ahalegin handiak" egin dituztela azaldu du alkateak: "Herritarrengana gerturatu gara, atariz atari bilerak eginda; hainbat informazio saio antolatu ditugu; sistemari forma emateko parte hartze saioak egin ditugu; eta, azkenik, oposizioarekin eta herriko beste hainbat eragilerekin batera mahai batean jesarri gara guztiontzako irtenbiderik hoberena bilatzeko. Onartu beharra daukagu, tamalez, azken honek ez duela ia fruiturik eman".

"Datuak ez dira errealak"

Gehitu duenez, kontziente ere badira "herritar batzuek ez dutela onartzen" proposatzen duten aldaketa. "Baina kontziente gara, era berean, ezin diegula entzungogor egin duela bi urte gugan konfiantza jarri zuten bergararrei. Are gehiago, herrian dagoen oposizioa kuantifikatzeko eman diren zifrak eta datuak errealak ez direla jakinda. Izan ere, Bergara Garbiak eta EAJk 4.691 sinaduraz hitz egiten badute ere, datu horiek egiazkoak izatetik urrun daude", gehitu du Isazelaiak.

Aurkeztutako dokumentuak udal idazkariaren laguntzaz aztertu dituztela azaldu du eta salatu nahi izan dute "Bergara Garbia plataformak eta EAJk herritar ugariren zilegizko desadostasuna manipulatu eta itsustu dutela".

Azalpenak eskatu dizkiete

Horren aurrean azalpenak eskatu nahi izan dizkiete publikoki Bergara Garbiari eta EAJri, zenbait galdera planteatuta: "Zer dela eta deitzen die sinadura bilketa dokumentu hauei, sinadurarik jaso ez denean? Zer dela eta daude orrialde osoak pertsona berak idatzita? Zergatik daude Bergara Garbiako eta EAJko hainbat politikariren izenak bikoiztuta? Zergatik daude Bergarakoak ez diren izenak zerrendetan?".

"Egia esan, iruzurrari buruzko informazio hau ez da berria guretzat", esan du Isazelaiak, "baina ez dugu publiko egin nahi izan, berez teknikoa den gai honi kutsu politikoa eta morbosoa ez ematearren. Gobernu talde bezala arduraz jokatzea egokitu zaigu, bergararren arteko tentsioa ekiditeko". 

Bergara Garbiak eta EAJko eta PSEko ordezkariek horren berri bazutela ere esan du, "baina egoera gogortzen jarraitu dute eta orain galdeketarako dei egin dute". Eta dei horren aurrean zera gehitu du: "Adieraz dezakegu ez dugula konfiantzarik, ez galdeketaren asmoetan, ezta emaitza posibleetan; izan ere, aurrekariak ditugu: batetik, Bergaran bertan, ustezko sinaduron iruzurra eta, bestetik, Gipuzkoan orain arte egin diren galdeketen sinesgarritasun falta".

"Arduraz jokatzea dagokigu"

Egoera horren aurrean "arduraz jokatzea" dagokiela uste du Isazelaia alkateak, Gobernu taldeko gainerako kideek bezala. "Herritarrak aspertuta daude gai honekin eta behin betiko erabakia hartzeko ari zaizkigu eskatzen", esan du. Eta gehitu du: "Gainera, hondakinen gaiaz gain, Bergarak eta Debagoien osoak baditu oso garrantzitsuak eta larriak diren gaiak eta hauen inguruan jarri nahi dugu gure arreta eta indar osoa legegintzaldiaren bigarren zatian".

Amaitzeko, "herritarren beldurrak uxatu" nahi dituztela azpimarratu du, eta lasaitasun mezua igorri. "Aldaketa oso txikia da eskatzen duguna eta ziur gaude herritarrek ondo egingo dutela", adierazi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.