Agustin Unzurrunzaga: "Etorkinekiko aurreiritzi eta zurrumurruak handitu egin dira"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urr. 18a, 10:00

Gazte-gaztetatik, 20 urte zituelarik, etxetik atera behar izan zen atzerrira, Francorengandik ihesi. Parisen aurkitu zuen bizitoki eta lantokia. Giroa borbor aurkitu zuen 1968ko Parisen eta horrek betirako markatu zuen. Augustin Unzurrunzagak (Bergara, 66 urte) bizitza osoa eman dio sindikalgintzari (ESK) eta etorkinen bizi baldintzak hobetzeko lanari.

Gipuzkoako SOS Arrazakeriako sortzaileetako bat, elkarte horretako koordinatzailea izan da urteetan. Gaur, erretiroa hartuta, bertan segitzen du kolaboratzen. Oraingo astean Bergaran izan da berbaldia ematen, San Joxepe erretiratuen elkartearen kultur hamabostaldiaren barruan.

Bergararra zara sortzez, baina gaztetan utzi behar izan zenuen herria, ezta?

Klandestinitatean politikan aritzeagatik atxilotua izan nintzen eta Martutenen eman nituen hilabete batzuk. Gerora, 1968ko udan, Meliton Manzanasen hilketa zela-eta, salbuespen-egoera ezarri zuten eta lankide bat etorri zitzaidan lanera —General Mecanican nenbilen— esanez etxe aurrean guardia zibil piloa zegoela. Ahal nuena hartu eta ihes egin nuen. Iparraldera, lehenengo, eta, handik, Parisera. Errefuxiatu estatusa izan nuen nik Frantzian. 1977ko Amnistiaren Legearen zertxobait aurretik, Bartzelonara joan nintzen; gero, Madrilera eta, azkenean, Donostiara. Emaztea bertakoa da-eta. Parisen ezagutu nuen emaztea. Harrezkero, Donostian bizi naiz.

68ko Maiatzaren iraultzaren usainean heldu zinen, hortaz, Parisera?

Bai. 1968ko abuztuan heldu nintzen. Askatasun giro jatorra zegoen kaleetan edo unibertsitateetan ez ezik, lantokietan ere bai. 68ko Maiatzean greba oso handiak izan ziren, 10 milioi langile atera ziren grebara. Renault langileek okupatuta egon zen… Eta ni hasi nintzen lanean bulegoak garbitzen, lehenbizi, eta Renault-en, ondoren. Trokelak-eta egiten eman nuen lanean.

Langileen aldeko mugimenduetan murgildu ziren?

Bai, CGT sindikatura afiliatu nintzen. Jatorriz komunista. Paris inguruko gerriko industriala oso ezkerrekoa zen. Langileen giroa zegoen. Fabrikan aniztasun handia zegoen, toki askotatik etorriak, ez bakarrik Frantzian jaiotakoak: garai batean Espainiako gerraren ostean ihesi joan zirenak edo haien semeak; algeriar jatorridunak, sasoi hartan jugoslaviarrak zirenak, italiar edo tunisiar jatorridunak… Eta horrek markatu ninduen. Oso inportantea izan dira nire bizitzan Frantzian bizitako urteak. Harrezkero, Frantziarekin oso harreman ona daukat eta gertutik jarraitzen dut Frantziako egoera, politika, gizartea…

Aita ere sindikalista zen…

Bai, nik ez nuen ezagutu Agustin aita, ni jaio baino hilabete batzuk lehenago hil zen-eta. Gerran ibilia zen eta ELAko kide zen. Gerra osteko lehen Maiatzaren Leheneko greba, 1947koa, zela-eta atxilotu zuten, Martutenera eroan eta han zegoelarik, traslado batean, trenbidera bota zuen bere burua. Aitak ez zuela ezer kontatu esaten zidaten orduan, askotan, Bergarako zaharrek.

SOS Arrazakerian diharduzu sorreratik?

Bai. Emazteak eta biok ikusten genuen 1989-90ean etorkinen egoera oso larria zela. Hasi ginen gauza sinbolikoak egiten Donostiako Bulebarrean-eta. Pateretan hiltzen baziren etorkinak, jartzen genituen gurutzeak, pankartak… Gero jarri ginen harremanetan beste euskal hiriburuetan etorkinen eta hauen eskubideak aldarrikatzeko eta egoeraren gainean sentsibilizatzeko zeuden taldeekin. 1991n etorkinen erregularizazio berezia egin zen eta orduan hasi ginen modu sistematikoan lanean. Bartzelonan ordurako sortuta zegoen SOS Arrazakeria eta haien ildotik hasi ginen Gipuzkoan ere, izen berarekin ondo antolatuta. 1993an erregistratu eta legezko bihurtu genuen. Aurten justu dira 20 urte.

Zertarako, ze helbururekin, sortu zen SOS Arrazakeria eta ze lan egiten du?

Asistentzia bulegoan lan egin izan dut eta orain ere jarraitzen dut. Etorkinak bertara datoz paperen gaineko informazio eske eta horrelakoen gaineko laguntza eske. 2.000 pertsona inguru igarotzen dira bertatik urtero. Mugak izeneko aldizkaria ere ateratzen dugu, sentsibilizazio kanpainak egiten ditugu, adin txikiko etorkinei laguntza emateko lerro berezi bat daukagu, urtero txosten bat ateratzen dugu, inkestak egiten ditugu, egunero sare bitartez emigrazioaren gaineko berriak banatzen ditugu, tailerrak egiten ditugu zurrumurru eta aurreiritzien gainean, hitzaldiak ematen ditugu han eta hemen…

Oraintsu argitaratu duzue SOS Arrazakeriaren urteroko txostena, Ikuspegi izenekoa. Bertan diozuenez, nabari handitu dira etorkinen salaketak. Ze salatzen dute zehazki?

Azpimarratzen dugu gure bulegoetan salaketa asko jasotzen ditugula, nahiz eta ez agertu hedabideetan. Etorkinen salaketak aurrera egitea oso zaila izaten da. Epaitegira heldu eta irabaztea zaila izaten da askotan, lekukorik ez delako edo salatzailearen iritzia eta poliziarena aurrez aurre egotean, epaileen artean joera dagoelako funtzionarioek esaten dutenari kasu egiteko. Hori gertatzen dela azpimarratu nahi izan dugu txostenean. 

Krisian gaudenetik okertu egin dira etorkinei eskaintzen zaizkien laguntza eta zerbitzu publikoak?

2008an itxi egin zen Erregimen Orokorra. Horrek eragin zuzena izan du eta krisiak ere bai. Orain, normala denez, etorkin gutxiago dator. 2007an, orain arte etorkin gehien sartu den urtean, milioi bat lagun inguru sartu ziren eta 2012an 314.000 izan ziren. Hori estatu osoan. Aldea izugarrizkoa da. Eta bada beste fenomeno bat, berria: jende asko hasi da hemendik ateratzen. Etorkin asko euren jaioterrira doaz eta bertan jaiotako asko ere kanpora doaz lan bila.

Noiz hasi da igartzen hori?

Batez ere 2010. urtetik aurrera. Gaur egun jende gehiago doa kanpora hona datorrena baino. Iaz 476.000 atera ziren kanpora. Hortaz, saldo negatiboa dago. Hori estatu mailan. Euskal Autonomia Erkidegoan, 10.500 erroldatu ziren, baina atera ziren 24.400 lagun. Hemen ere saldoa negatiboa da 2012an. Gipuzkoan gauza bera: 3.900 etorri ziren hona eta joan ziren 6.100. Gipuzkoaren kasuan konpentsatzen da estatuko beste toki batzuetatik datorrelako Gipuzkoara lan bila. Estatu mailako mugimenduekin konpentsatzen da. Azkeneko 20 urteotan, batez ere 2007ra arte, Espainia eta Euskadi izan dira inmigrazio lekuak; orain emigrazio lekuak dira.

Zeintzuk dira gaur egun etorkinen zailtasun nagusiak?

Etorkinek euren egoera erregularizatu nahi dute. Hori lanaren bidez lortzen dute. Lehen, Erregimen Orokorraren bidez egiten zen. Hiru hilero katalogo bat argitaratzen zen eta lan eskaintzaren bat bazegoen horren barruan, lan eta erresidentzia baimena lortzen zuten etorkinek. Baina 2008tik aurrera ez dago katalogorik. Hortaz, beste modu batzuk daude egoera erregularizatzeko. Arraigoaren sistema da hori. Hiru urtez jarraian erroldatuta egonez gero, nahiz eta egoera irregularrean egon, urtebeterako lana lortuz gero, baimena lor daiteke.

Zergatik dago hemen beste toki batzuetan baino etorkin gutxiago?

Hemengo lan merkatua oso zaila da, esku lan kualifikatua eskatzen du. Industria da nagusi. Zerbitzuek ez dute beste leku batzuetan daukaten indarrik eta nekazaritza oso txikia da. Horregatik dator etorkin gutxiago hona. Erraztasun gehiago aurkitzen dute Mediterraneo aldean, esaterako, Bartzelonatik Murtziara. Hiri handietan ere aukera handiagoak aurkitzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoan etorkinak populazioaren %6,8 dira; Espainian, %12, 1. Batez bestekoaren erdia daukagu hemen. Doblea

Etorkinekiko irudia aldatu egin da azkeneko urteotan?

Krisiaren eraginez badaude aldaketa batzuk. Aurreiritzi eta zurrumurruak handitu egin dira. Azkeneko bi urtetako Ikuspegi txostenean hori argi ikusten da.

Arrazistak gara gipuzkoarrak?

Ez da posible horri erantzutea. Denetik dago. Orain, azkeneko bi urteotako datuak kezkagarriak dira. %17tik %20ra doan tarte baten oso erantzun kezkagarriak lortzen dira. Esaterako, egoera irregular baten aurrean etorkina kanporatu behar dela esaten dutenak geroago eta gehiago dira. Legeak ere ez du hori esaten. Edo beste erlijio batzuetakoek euren eraikin erlijiosoak izateko eskubideaz galdetzean, %20k erantzuten du ezetz. Konstituzioa baino harantzago doa hori. Jendearekiko errespetua ez edukitzea da hori. Populazioaren zati baten lehentasun nazionalaren ideia oso barneratuta dagoela erakusten du horrek. Halere, badago jende multzo handi bat onarpen onekoa, %40koa-edo. Beste bat, gauza batzuetan bai baina beste batzuetan ez dagoena etorkinen eskubideekin oso ados. Eta beste zati bat, %20koa, etorkinekiko oso erantzun kritikoak ematen dituena. Multzo hau handitu egin da azkeneko urteotan. Hauek darabilten ideia hauek gaur egun Europan eskuin muturrak darabil.

Europan handituz doaz eskuin muturreko joerak?

Espainian eta Portugalen ez dago halako partidurik. Taldetxoak daude. Baina Europan badaude eta geroago eta indar handiagoa daukate: Frantzian, Suedian, Norvegian, Danimarkan Holandan, Britainia Handian. Hemen ez daude eta eskerrak! Baina eskuin muturrekoen ideiak hemen zirkulatu egiten dute, nahiz eta forma politikorik hartu ez. Hori hala izango den denbora askoan? Ez dakigu. Tinkotasuna behar du Estatuak ideia xenofoboen aurrean.

Gizarte zerbitzuetara geroago eta diru gehiago bideratzen dela eta etorkinek eroaten dutela diru guztia… Halakoak sarri entzuten ditugu. Gezurrak dira?

Zurrumurruen eta estereotipoen barruan sartzen da hori. Ez du errealitatearekin zerikusirik. Datu ofizialek ez dute hori baieztatzen. Baina zurrumurruen aurka zaila da borrokatzea. Bartzelonan sare bat sortu dute zurrumurruen aurka. Horrelako zerbait egin nahi dugu hemen.

Gu eta besteak?

Bai, hori da diskurtso horren abiapuntua. Beti ikusten da gure mundua beste guztiarenaren aurka. Bestea ez da gizartearen parte. Nik neure eskubideak ditut eta horien lehentasuna aldarrikatzen dut. Besteen eskubideak bigarren mailan daude. Arriskutsua da ideia hori. Gizartea eraikitzen da guztiondako eskubide berdinekin.

Dauden baino etorki gehiago dagoela uste dugu?

Bai. Urtero galdetzen digu jendeari ea zenbat etorkin dagoen uste duen eta erantzunak beldurgarriak izaten dira. Jendeak erantzuten du %25ekoa dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak