Bergarako EAJ haserre herrian ipini diren zintzilikarioekin eta alkatearen dimisioa eskatu du

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 16a, 17:33

Bergarako EAJk prentsaurrekoa eskaini du goizean eta elkartasuna adierazi diote Bergara Garbiak azaroko lehenengo asteburuan egin duen herri kontsulta deialdiari. Gainera, haserre agertu dira atzo, martitzena, herriko zenbait tokitan zintzilikarioak ezarri zituztelako. Ez daude konforme erabakiarekin eta udal gobernuaren jarrera kritikazeaz gain, Jaione Isazelaia alkatearen dimisioa eskatu dute.

Bergarako EAJ alderdiak prentsaurrekoa egin du gaur goizean. Bitoriano Gallastegi eta Aintzane Oiarbide azaldu dira kameren aurrean eta alderdiaren bozeramaleek "Bilduk harriduraz betetako bergararren borondatea zapaldu" duela esanez hasi dute agerraldia.

Hasteko, Bergara Garbia plataformak astelehenean egindako atez ate sistemaren aurkako protestak eta azaroaren 9 eta 10erako eginiko kontsulta deialdiak erantzuna eduki duela esan du Oiarbidek. Hain zuzen ere, martitzen goizean Labegaraietan eta San Lorentzon zintzilikarioak ipini zituzten eta EAJko zinegotziak gaineratu duenez, ez zeukaten  hori egin behar zutenaren berri.

Jeltzaleek Bilduren jarreraz ere egin dute berba: "Ez gara harritu Bilduren erantzun totoalitarioarekin". Oiarbidek esan du bi urtetik gora daramatzatela udal gobernuaren funtzionatzeko era ikusiz. Eta gaineratu du "oposizioko ordezkariei eta bergarar gehieneni bizkarrak behin eta berriz nola ematen dien sufrituz. Bi urte pasatxo atez atekoari buruzko informazio eskaerak ukatuz, beraien erabaki politikoak justifikatzeko datu manipulazioak sumatuz eta herri partaidetzaren funtsa nola indargabetzen ikusiz".

Oiarbidek hedabideei esan dionez,  EAJk uste du jarduera mota hori areagotu egin da alkate berriarekin: "Argi dago Bilduk kale egin duela lehenengo ahaleginean, baina bigarren alkate honekin bergararrak isildu eta euren borondatea zapatzead da helburu".

Bestalde, EAJko ordezkariek esan dute askotan eskatu diotela Udalari herri kontsulta egin dezan zabor bilketaren inguruan. "Hondakinen mahaia apurtu zenean alkateak honakoa esan zuen: Guk egin dugu galdeketa hauteskundeetan eta gehiengo nagusia dugu".

Bergarako EAJko bozeramaleen ustez, horrelako jarrerarekin "erabateko legitimitatea galdu dute herriaren izenean hitz egiteko eta inolako kontsulta edo galdeketak eskatzeko".

Alkatearen dimisioa eskatu dute

Jaione Isazelaiaren dimisioa ere eskatu dute prentsaurrekoan: "Jardunbide prepotente eta harroputz honek gogora ekartzen digu PPren gehiengo nagusia duen gobernuaren gobernatzeko era, Bilduk behin eta berriz kritikatzen duena".

Eta gehitu dute: "Bildu eskizonfrenia fasean sartu da eta alkate andreari eskatzen diogu ez dezala Bergarako Udala eta herritarrak gehiago kaltetu. Ez dezala gehiago burdinezko damarena egin eta utz dezala bere kargua behingoz kalte gehiago egin baino lehen".

Bergara Garbiari laguntza

Amaitzeko, Bergara Garbia plataformari laguntza emango diotela esan dute eta azaroaren 9 eta 10ean herri kontsultara bertaratzera deitu ditu herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak