Goizane Arana: "Hizkuntzak bera nagusi den esparruak behar ditu"

Iure Eizagirre 2013ko urr. 14a, 12:57

Euskalgintzak Euskararen arnasguneak sendotu, garatu, hedatu tailerra antolatu du biharko eta 29rako. 19:00etan hasiko dira bi saioak Irizar Jauregian.

Zertaz ariko zarete tailerrean?

Arnasguneek euskararen biziraupenean duten garrantziaz ariko gara. Horiek sendotu eta hedatzea jarriko dugu jomugatzat. Gurean zein hutsune dauden aztertu eta espazio horiek irabazteko gakoak aurkeztu ondoren, konponbideak bilatuko ditugu.

Zeintzuk dira egun euskararen arnasguneak?

Mikel Zalbidek honela definitu zituen arnasguneak: Euskara 'bere kabian' sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe 'etxeko jaun' sentitzen den eremua. Izan daitezke geografikoak edo soziofuntzionalak: UEMAko herriak, adibidez, hutsuneak hutsune, arnasguneak direla esan dezakegu; era berean, Bilboko Kafe Antzokia ere arnasgunea da Bilbo barruan.

Zergatik dira garrantzitsuak?

Hizkuntza batek, garatuko bada, ezinbestean bera nagusi den esparruak behar ditu. Euskaldunok esparru guztietan euskaraz aritu ahal izateko guneak izatea ezinbestekoa da, horrek emango baitio bizi-indarra hizkuntzari, eta horiek zaindu eta hedatu ezean akabo euskararen etorkizuna.

Aldi berean gune geografiko horietan distentsio eta kontzientziazio falta nabaritzen ari da eta horretan eragitera gatoz.

Euskararen ezagutza gero eta handiagoa izanda ere, ez da gero eta zailagoa arnasguneak topatzea?

Euskararen ezagutzak gora egin du eta gune zabalagora iritsi da. Baina, era berean, arnasguneetan atzeranzko joera eman da, gune horietan euskararen ezagutzak behera egin duela diote datuek. Horregatik diogu arnasguneak sendotzean eta hedatzean dagoela gakoa, hor euskararen indarra handia baita, eta ezin dugu utzi atzeranzko joerak jarrai dezan.

Zer egin dezakete herritarrek gune horiek mantentzeko?

Horri erantzutera dator tailerra. Lehenengo lana hutsuneak identifikatzea izango litzateke eta gero hori horrela izatearen arrazoiak zeintzuk diren aztertzea.

Faktoreak asko izan daitezke eta hauen arabera, jarri beharreko neurri zuzentzaileak ezberdinak izango dira.

Datorren astean hasiko den tailerra nori zuzenduta dago?

Deialdi irekia egingo dugu eta gaiarekiko interesa duen orori zuzendua dago. Gero egia da dei berezia egin diegula euskalgintzan aritzen diren eragileei, iruditzen zaigulako norbaitek akuilu lana ondo egingo badu, hori beraiek izango direla.

Izena eman behar da?

Ez dago izena eman beharrik. Tailerrean azaldu eta listo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak