Espoloiko zuhaitzetako eltxoen kontra neurriak hartzeko eskatu diote Udalari

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urr. 10a, 14:13

Espoloiko hainbat bizilagunek egindako eskaria da. Horri erantzunez, Udaleko lorezaintza zerbitzuak oharra kaleratu du hainbat azalpen emateko eta dio, "urteko sasoi honetan ezin daitekeela tratamendu hori egin".

Espoloiko hainbat bizilagunek bertako platano zuhaitzetan aurkitzen den eltxo motaren aurkako neurriak hartzeko eskatu diote Udalari. Izan ere, Platanoen tigrea –Corythucha ciliata– deritzon eltxoa asko ugaldu da.

Hori horrela, Udaleko lorezaintza zerbitzuak oharra kaleratu du zenbait azalpen emateko eta adierazi dute urteko sasoi honetan ezin daitekeela tratamendu hori egin. Gehitzen dutenez, urtero, udaberrian, egoeraren diagnostikoa egiten du lorezaintza zerbitzuak "eltxo horren aurkako tratamendua burutu ala ez erabakitzeko, baina aurtengo udaberriko diagnostikoak ondorioztatu zuen arazoa ez zela larria eta tratamendurik ez egiteko erabakia hartu zen".

Baina "udako eta udazkeneko tenperatura altuek eltxo mota hori espero baino gehiago ugaritzea" ekarri dutela ere azaldu dute, nahiz eta "udazkenean, hotza heltzen den heinean, desagertuz" joango den eta "neguan zuhaitzen azalaren azpian, babesean, ezkutatuko da datorren udaberrira arte".

Horiek horrela, "oraingoz ezin daiteke inolako tratamendurik aplikatu", Udaleko lorezainen arabera. Datorren udaberrian "egoera aztertu eta horren arabera erabakiko da nola jokatu".

Horrekin guztiarekin batera, lorezaintza zerbitzutik gogora ekarri nahi izan dute, negu partean platano zuhaitzak, bi urtetik behin egiten duten bezala, inausi egingo dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak