"Inposaketari aurka egiteko" batuko da astelehenean Bergara Garbia plataforma eta kontzentraziora joatez gain, "balkoietan poltsa gehiago jartzeko" eskatu die herritarrei.
Hondakinen mahaia apurtzea, "aurrez hartutako erabakia"
Bilduk amaitutzat eman zuen Bergarako hondakinen mahaia aurreko astean eta horren inguruan honakoa adierazi du Bergara Garbia plataformak bidalitako prentsa-oharrean: "Argi geratu da erabakia aurretik hartuta zegoela eta aitzakiatzat erabili dute mahaiko gainerako partaideen malgutasun eza. Lehen bileratik adierazi zuen udal gobernuko batzordeak negoziaezina zela herritar guztiak kontrolatuko zituen sistemaren ezarketa".
"Hasieratik defendatu duten sistema mistoa inposatu dute gure ekarpenak eta beste leku batzuetan ezarritako sistemak kontuan hartu gabe", dio plataformak. Zentzu horretan, Zumaian, Azpeitian edo Donostian bilketa selektiboa egiteko beste sistema batzuk adostu dituztela ekarri du gogora.
Gainera, Udalaren jarrera kritikatu du plataformak: "Ez du bere hitza bete, negoziazioak iraun bitartean atez atekoaren inguruko obrak martxan jarri dituelako".
"Ez dute gure laguntza izango"
Aurrerantzean plataformak hartuko duen jarrera iragarri dute: "Ez dute gure laguntza izango beraiek nahi dutena egiteko, gure iritzia eta herritar askorena defendatzen jarraituko dugu". Horrela, Bilduri herri kontsulta egitea eskatuko diola ere jakinarazi du.
Dauden aukerak aztertzeko eta bere ekintzen berri herritarrei emateko asmoa du plataformak. Eta bergararren ekarpenak gustura jasoko dituztela ere ohartarazi du.