'Hiru': aktore finak eta gidoi landua, arrakastarako formula perfektua

Txomin Madina Milikua 2013ko urr. 5a, 14:35

Eskola garaian lagunak ziren hiru emakumek ume bana izan gura dute eta horretarako gizon berarengana jotzen dute. Horixe da, labur esanda, egubakoitzean goraino bete zen Bergarako Zabalotegi aretoan eskaini zuten HIru antzezlanaren muina. Horrela esanda ez dirudi aparteko kontua. Baina abiapuntuak askorako, askoz gehiagorako ematen du.

Juan Carlos Rubiok idatzitako lanaren indarguneetako bat hiru lagunen arteko dinamika ederki definitzea da. Angela (Ana Elordi) funtzionarioa da, alarguna, eta berak dioen bezala ez-alaia. Txaro (Loli Astoreka) bestalde, telebistako aurkezle arrakastatsua dugu, aldaketaren aldeko emakume indartsua. Eta Mertxek (Miren Gojenola)  osatzen du hirukotea: lodia izandakoa, abokatu ironikoa. Hain pertsonalitate ezberdinak ederki uztartzen ditu obrak, bakoitzak ematen dituen aukerak eta harremanei ahalik eta zuku gehien atereaz. Eta horretan asko laguntzen dute hiru aktoreek. Laugarren bat ere bada: Jose Ramon (Zuhaitz Gurrutxaga), aita izateko aukeratu duten gizon, antza denez, perfektua. Eta, antza denez baita ere, obrako pertsonaia zentzudunena.

Aktoreak, bikain              

Ondo idatzitako pertsonaiak baina, ez dira ezer ondo irudikatuko dituzten aktore barik, eta horretan ere esan behar da agertokian dauden lauak primeran moldatzen direla. Eta profesional apartak ere badirela gainera: Zabalotegin izandako argiztapen arazoen aurrean lasai asko jarraitu zuten, ezer gertatuklo ez balitz bezala.

Hausnarketarako bidea

Aurretik azaldutako abiapuntuak gainera, barre artean hausnarketari ere ematen dio bidea. Zer da adiskidetasuna? Zergatik gara garenen lagiunak? Noraino egin ditzakegu gauzak gure lagunengatik, edo gure lagunekin egitearren? Galdera horiek datoz burura obra ikustean. Baita amatasunari edo familiari buruzkoak ere. Zelakoa izan behar du familiak? Eta umea izatea zein puntura arte da kapritxo?

Ordu eta erdi pasatxoko funtzioaren ostean, txalo zaparrada ez zen nolanahikoa izan, eta obra guztian zehar entzundako barre algarak ere ez. Gauzak ondo egiten badira, saria izan ohi duten seinale.

Eguenean, Aretxabaletan

Atzo Bergaran egindako emanaldia ez da, baina, egunotan Hiru Debagoienean ikusteko izango dugun aukera bakarra. Izan ere, eguenean Aretxabaletan egingo du geldialdia obrak. 19:30ean hasiko da antzezlana Arkupeko Zaraia aretoan, eta sarrera 4 euro kostako da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak