Jon Suinaga bergararraren lehen eleberria

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urr. 3a, 09:00

Jon Suinagak (Bergara, 1967) lehen eleberria aurkeztuko du urriaren 23an Donostiako Koldo Mitxelenan. Allende los mares (Hiria) dauka izena liburuak eta XV. mendean dago kokatuta, euskaldunak, oraindik ere, baleak arrantzatzera joaten zireneko garaian. Eleberri historikoa da eta krimen bat dago tartean. Liburuaren azala Rikardo Azkargorta artista bergararrak egin du.

Jon Suinaga Injineru elektronikoa da ikasketaz eta lanbidez. Fagor Arrasaten egiten du lan. Baina idazteko eta irakurtzeko zaletasuna aspalditik datorkio. Ipuin laburrak idatziak ditu; komiki tirak eta komiki liburuak ere argitaratuak; Goienako iritzi zutabegile eta komiki-tira egile izana da… Orain, lehen liburu mardula, baina samur irakurtzekoa, idatzi du: 190 orriko intrigazko eleberri historikoa, Allende los mares.

"Beti gustatu izan zait idaztea, irakurtzen dudanaren gainean idaztea batez ere" diosku. Halako baten, "eleberri bat idaztea bururatu zitzaidan, gustuko ditudan gaien gainekoa, eta halaxe hasi nintzen". Puzzle bat bailitz, eleberri osoa idatzi zuen. Urte eta erdi eskaini zion garairi, dokumentatuz-eta.

Herrikidearen aholkuak

Behin liburua idatzita, hiru argitaletxetara bidali zuen eta Hiria-tik erantzun zioten. Argitaletxe horretan, herrikide batek ere idatziak ditu bi eleberri, Atejaun eta Tributo a Caissa: Martin Arriaranek. Eta haren aholkuak oso baliagarriak izan zaizkio mundu honetan hasiberria den injineru idazleari. "Martin Arriaran ezagutzen dut aspalditik eta harremana daukagu, batik bat, biok gustuko dugulako xakea eta Bergarako taldean aritu ginelako. Hark aholkatu zitzaidan argitaletxeekin harremanetan jartzeko orduan.

XV. mendean kokatua

Liburua XV. mendean dago kokatuta. Zergatia galdetzerakoan, zera dio: "Oso erakargarria egiten zait sasoi hura, Penintsulan gertatu zenagatik: Euskal Herrian Banderizoak zeuden, Oñaztarrak eta Ganboatarrak; Nafarroako eta Gaztelako erreinuak; euskal lurraldeak Nafarroako erreinuari kenduak izan ziren aurretik, 1200. urtean eta lurralde horiek behin eta berriro eskatzen zituzten sasoi horretan ere; Errege Katolikoak…". Osagai asko aurkitu zituen bere eleberria kokatzeko. Baina, horri guztiari, beste elementu bat ere gehitu nahi izan dio Suinagak, baleen arrantzarena: "Baleak oso gustuko izan ditut beti" dio.

Eta eleberri beltzak ere gustuko dituenez, argumentuaren haria osatzeko, krimen bat sartu du. Protagonista, baleen arrantzale bat da, krimen baten erdian murgilduta aurkitzen dena. Susmagarri nagusia denez, ihes egitera behartuta sentitzen du bere burua eta, hala, Gaztelako eta Nafarroako erreinuetan barrena murgilduko da...

Urriaren 23an Donostian eta 30ean Bergaran

Liburua urriaren 23an aurkeztuko dute, Koldo Mitxelenan, hain justu ere. Eta, astebete beranduago, 30ean, Bergarako Elkar liburu dendan liburua sinatzen egongo da egilea. Dena dela, Internetetik eros daiteke dagoeneko, 16 euroren trukean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak