Aurkeztu dute Organo erromantikoaren nazioarteko XIV. zikloa

Iure Eizagirre 2013ko urr. 1a, 17:54

Gaur goizean aurkeztu dute Organo erromantikoaren nazioarteko XIV. zikloa Bergarako udaletxeko batzar aretoan. Zapatuan, urriak 5, hasiko da zikloa eta hurrengo hiru larunbatetan organista bakarlari batez, abesbatza batez eta nazioarteko organista batez gozatzeko aukera izango da.

Urteetan San Pedro parrokian egin izan da zikloa baina duela hiru urte Santa Marinara lekualdatu behar izan zuten San Pedro eta barruko organo erromantikoa zaharberritzen hasi zirelako. Aurten, San Pedroko teknikariek ondorioztatu dute kontzerturen batean organoa soinurik gabe geratzeko arriskua dagoela eta erabaki dute ez dela aholkagarria emanaldiak San Pedron egitea. Beraz, aurten ere Santa Marinan izango dira kontzertuak.

Esteban Elizondo zikloko koordinatzaileak azaldu duenez, aurten murrizketak izan dira organo erromantikoaren zikloan eta hiru kontzertu emango dituzte herri bakoitzean -orain arte lau izan dira-. Aurrekontua eta krisi ekonomikoa izan dira horretarako arrazoiak.

Zapatuan hasiko da

Zapatuan, urriak 5, hasiko da zikloa Bergaran. Felician Rosca errumaniar organistak eskainiko du lehen kontzertua, 20:00etatik aurrera. Organista ez ezik, ikerlaria ere bada Rosca. Bigarren kontzertua urriaren 12an izango da, eta Gerardo Rifon organistak Landarbaso eta Loinatz abesbatzekin batera joko du.

Leire Iruin Bergarako kultura teknikariak adierazi duenez, urriaren 19koa izango da emanaldirik bereziena bergararrendako, izan ere, San Pedro parrokiko organista eta herrian organo irakasle den Aitor Oleak emango du kontzertua. Gainera, Maria Jesus Ugaldek zuzendutako Bergarako Airean Ahots Taldeak lagunduko du Olea.

Azkoitia eta Azpeitian ere bai

Organo erromantikoaren nazioarteko XIV. zikloak Azkoitian eta Azpeitian ere izango du presentzia, urtero moduan. Azkoitian ere hiru emanaldi izango dira eta Azpeitian, berriz, bat gehiago, urriaren 19an organo ikasleek kontzertua emango dute-eta.

Jesus Arrizabalaga Azkoitiko kultura teknikaria ere izan da gaurko aurkezpenean eta zikloak euren herrian hartutako garrantzia azpimarratzeko aprobetxatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak