Deba erreka garbitzeko deialdia egin dute Bergaran

Irati Goitia 2013ko ira. 25a, 17:49

Urriaren 13an Deba erreka garbitzeko deialdia egin dute Bergaran, Mankomunitateak antolatu duen Erreka astearen baitan.

Auzolanean Deba erreka garbitzeko deialdia egin dute Bergaran urriaren 13rako. Epeletik Osintxurako tartea garbituko dute.  Handia da garbitu nahi duten erreka tartea, eta jendea animatu nahi dute auzolanean parte hartzera.

"Jendea behar dugu. epeletik Osintxura arteko tartea garbituko dugu. Horretarako talde ezberdinetan banatuko gara eta puntu ezberdinetatik jaitsiko gara errekara. Hitzordua herriko hiru gunetan jarri dugu: Labegaraietan, herriko plazan eta Osintxun. Goizeko 8:30ean elkartuko gara", adierazi du Uxue Zabaletak.

Labegaraietako kiroldegian elkartuko direnek San Antoniotik Epelera bitarteko tartea garbituko dute. Herriko plazan elkartuko direnek erdigunea, poligonoa eta Mekolalderainoko tartea. Eta azkenik, Osintxun elkartuko direnak Osintxun bertan jaitsiko dira errekara.

Izena eman behar da

Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute seguru kontuengatik. Izena Agorrosinen, kultur etxean eta udaltzaingoan eman daiteke. Edo errekagarbitzeko@gmail.com helbidera idatzita, irailaren 30a baino lehen. 14 urtetik gorakoek eman dezakete izena. Hala ere, adin txikikoek parte hartzeko aukera izango dute gurasoen laguntzarekin.

Gomendio batzuk ere eman dituzte auzolanerako animatzen direnendako. "Arropa egokia eta eskularruak ekar ditzatela, baita bizikleta toki batetik bestera mugitzeko ere", zehaztu du Zabaletak.

Bailarako egitasmoa

Mankomunitateak antolatu duen Errekaren astearen baitan antolatu dute erreka garbitzea Bergaran, baina helburua da Deba ibaia Eskoriatzatik Osintxura arte garbitzea. Hala, beste herrietan ere egingo dira erreka garbitzeko deialdiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak