EAJko Udal gobernu taldeak bidalitako prentsa oharrean adierazten duenez, "hondakinen eta zaborren bilketaren eskasia eta utzikeria biziaz igaro dira hainbat hilabete. Udako hilabeteetan bilketarik eta zabor ontzien hustuketarik egiten ez zela ikusi ahal izan dugu, eta ondorioz, herritarrok usain desatseginak eta zerbitzu txarrak jasan behar izan ditugu, zabor ontziak gainezka eta zabor poltsak lurrean utziz".
Horren aurrean, EAJko zinegotziek salatu dute herritarrek tasak ordaintzen jarraitzen dutela, "geroz eta altuagoak gainera, baina zerbitzuak okerrera" egin duela "nabarmen". Eta gehitzen dute: "Kamioi erdiak hondatu egiten dira, eta ondorioz, egun horietan, ez da zaborrik batzen. Bestalde, zenbait zabor ontzi ez dira garbitzen eta hondatzen direnak ez dira konpontzen, eta ontziren bat eramanez gero, ez da ordezkatzen. Material eta azpiegituren mantenu falta oso nabaria da eta egoera hori egunotan maiz errepikatzen ari da".
(EAJkoek bidalitako argazki bi).
"Ez da birziklapena sustatzeko bidea"
Jeltzaleek diote hori ez dela "Bergaran birziklapena sustatzeko bidea eta gainera, ontzi eta papera-kartoiarentzako oso ontzi gutxi" dagoela. Aldiz, zabor ontzi berde asko dagoela diote, baina horietan "ezin" direla "hondakinak banatu". Eta azaltzen dute: “Kale askotan ez dago birziklatzeko aukera ematen duen zabor ontzirik”. Horrekin batera, zera gehitzen dute: "Bilduk, soilik, atez atekoaren bidez egiten du birziklapenaren aldeko apustua. Bitartean, birzikla ezin daitekeen hondakinen inguruko zenbakiak handitzen dituzte. Argudioak behar dituzte atez atekoa beharrezkoa dela helarazteko herritarrei".
Hondakinen mahaiaren harira, EAJko Udal taldeak herritar guztiei jakinarazi nahi die "hondakinen mahaian gehiengoen interes eta iritziak defendatzen jarraitzen" dutela. Eta gehitu dute "norgehiagokaren aurrean elkarrizketaren aldeko apustua" egingo dutela.
Horrekin guztiarekin batera, "Bilduren Udal gobernuaren zabor biltze planei buruzko kezka" duela ere adierazi du. Eta horregatik guztiagatik, Udal gobernuari eskatu dio "azalpen bat ematea bergarar guztiei, eta baita ere zerbitzuen funtzionamendua hobetzea".