Iñaki Espartza: "Porrota da ekidin gura duguna, ilusioa asmo hutsal bilaka ez dadin"

Jon Berezibar 2013ko ira. 18a, 02:00

Bergarako UNED zentroko zuzendaria da Iñaki Espartza. Bi mila ikasletik gora daude aktiboan Errege Seminarioan ikasten. Bergarakoa gainera, estatu mailan saio presentzial gehien dituen zentroetako bat da. Hori da euren apustua, zuzendariak berak azaltzen duenez.

Erakundeak 38 urte bete ditu Bergaran. Oraindik ere azalpen eta aurkezpen beharra dauka?

Erakunde beteranoa da, egia da, baina gertatzen dena da, ez-presentziala den heinean eta gure ikaslea unibertsitatetik kanpo egon den pertsona denez, ahalegintzen garela gure burua eta eskaintza aurkezteko ahalik eta zabalkunde handiena izaten. Ondo azaldu behar zaio jendeari eskola presentzial eta ez-presentzialen arteko aldea. Norberaren egoerara ondoen egokitzen den aukera hartu behar du ikasleak eta horretan oinarritzen da gure lana. Esperientziak eta urteek erakusten dute beharrezkoa dela, orientazio hitzaldietan jendez betetzen baita aretoa. Jendeak galdetu eta informatzeko hilabete hauetan etengabe deitzen du.

Zein izaten da zalantza nagusia?

Asko dira inoiz ere ez direnak unibertsitatean ibili ala orain dela urte asko ezagutu zutenak dira. Erritmoaren kontua ondo ulertzea ere oso garrantzitsua da. Hamazortzi urteko gazteen ardura bakarra prestakuntza akademikoa da eta lanaldi osoa eskaintzen diote horri. UNEDek ematen du beste aukera bat, malgutasun handiagoarekin. Honekin batera, motibazioak daude, mota askotakoak. Izan daiteke lanean dagoen pertsona bat, formazioa osatu behar duena ala bere garaian bukatu ez zituen ikasketa horiei berrekin gura dien bat ala interes bereziren batekin ikastea erabakitzen duena. Pertsona bakoitzak profil bat dauka, bere beharrekin eta horren araberako eskaintza egokitua dugu guk eta orientatzaileak planteamendu errealista bat egiten laguntzen dio. Ekidin nahi duguna da porrota ze ilusioz beteta hasten den hori, informazio egokirik gabe, asmo hutsaletan gera daiteke. 

Nola osatzen da Bergarako UNED-eko ikasleria?

Zaila da jakitea eta gainera hasierako motibazioa aldatzen doa urteetan aurrera egin ahala. Hiru aipatu ditut baina profilak askoz ere ugariagoak dira, esango nuke, ikasle bakoitzak bere profil zehatza duela. Kategoria orokorrez bai, hitz egin genezake. Batzuetan geu ere harritu egiten gara pentsatzen dugulako ezagutzen ditugula ikasleen profil guztiak eta beti dago berriren bat. Komunean dutena da badutela beste interes ala lan nagusi bat eta horrek mugatzen duela duten ahalmena UNEDen sartzeko. UNED bakoitzaren bizitzan sartu behar da eta bakoitzari dagokion neurrian. Pertsonaren ahalmen eta helburuen arabera egokitzen da UNED, arrakasta helburu eta hartutako erronka horiei aurre eginez.

Eta zehazki Bergarako zentroan, ikasketa mota ala interes aldetik, berezitasunik badago?

Ikasketa motetan ez baina badaude berezitasunak Bergaran egoteagatik, hain zuzen. Gure titulu berezko tituluetako bat da Hotzezko estanpazioa eta horrek zentzua dauka Bergaran gaudelako eta bertako industriaren beharrei erantzuteko sortu zelako. Ikasketa eta eskaintzaren aldetik esango nuke ez dagoela alde handirik. Bergarako zentroak daukan nabarmentzeko ezaugarria da presentzialitatea. UNEDek Espainian zehar 62 zentro ditu eta horietako batzuk ez dute presentzialitaterik. Horrek esan nahi du ikasle eta irakasleen arteko harremana birtualki bideratzen dela eta tutoretzen bitartez gauzatu. Elementu bereizgarri bat da hori eta horrek beste giro bat sortzen du gure zentroan. Hezkuntzaren kalitatea horrela hobetu egiten da eta baita ere, batez ere hasierako urteetako ikasleentzat, orientazioan oso lagungarria da, inondik inora.

Hasitako zenbatek lortzen dute amaitzea?

Zaila da esatea baina UNED-Bergaran bataz beste urtero titulazio guztiak kontuan hartuta eta 2000 inguru ikasle daudela, 50-60 pertsonak amaitzen dituzte ikasketak. Ibilbidea baina oso luzea izan daiteke pertsonaren arabera. Akademikoki aktiboan 2.000 ikasle inguru ditugu Bergaran prestakuntza ofizialetan.

Langabeziaren hazkundeak eraginik ba al du matrikulazioan?

Epe luzeagora begiratu behar da hori. Datu estatistikoak dio EAE-n gazteen langabezia tasa %40a dela eta gazte horiek formakuntza dutenean langabezia tasa hori %17ra arte jaisten da. Emaitza oso argia da. Goi mailako prestakuntza akademikoa daukaten pertsonentzat errazagoa da lana aurkitzea ala lan merkatura sartzea.

Eta finantziazio mailan, sumatu duzue beherakadarik?

Unibertsitate guztien egoera larria da orokorrean eta zehazki batzuena oso larria da. Izenik ez dut aipatuko baina beste erkidego autonomoetan egoera askoz ere larriagoa da, porrotetik gertu daude unibertsitatea asko. Tasen igoera sinestezin bat eragin du horrek, bi urtetan %60 hazi arte. Gurean, baditugu gure arazoak eta saio presentzialak bermatzeak, noski, kostu altua dauka eta hartu ditugu neurriak. UNED orokorrari dagokionez, arduradun nagusia Espainiako Gobernua da eta erabakien eskuduntza berari dagokio. Tasen igoerari dagokionez, esango nuke, igoera errealista izan dela aurtengoa, egoera zein den ikusita. Bataz beste, %1,5 igo dira tasak. Finantziazioaren ikuspegitik eta UNED-Bergarari dagokioenez, neurri baten bakarrik dator finantziazioa Madrildik eta diru kopururik handiena bertako erakundeetatik dator: Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa, Bergarako Udala, UNED bera eta espero dezagun hemendik gutxira Eusko Jaurlaritza bera ere batzea . Krisiak ukitu gaitu, noski, baina erakundeen erantzukizuna aipagarria dela esan beharra dago eta pozik gaude babesarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak