Azokak herritarren zaporea izan du

Imanol Gallego 2013ko ira. 14a, 20:33

Goiz jaiki dira gaur Bergararrak. Azokako poztuak zabaldu bezain laster plaza inguruko kaleak jendez bete dira. Aurten, azoka berrantolatu dutenez, San Martin eta Munibe plazak izan dira gune nagusiak, eta aurten lehen aldiz azokak seminarioa utzi eta Ariznoa eta Monzon plazetara mugitu da.

Batzuentzat toki aldaketa sorpresa izan arren, gehienek begi onez jaso dute berrantolaketa hau "orain dena gertuago dago" zioen erosle batek. Eguraldiak lagunduta jendea erosteko gogoekin irten da, eta saltzaile batek edo beste "krisia nabaritzen zela" aipatu arren, ondo saldu dutela ere aipatu dute. 

Barazki eta  frutak erosteaz gain, jendeak azokan bertan hamaiketakoa egiteko aprobetxatu du. Gazta tarta zati ederrak eta txosnetako odoloste eta taloak izan dira mokadutxo aukeratuenak.

Sariak eta omenduak

Sarietan ez da sorpresa handirik egon. Barazki lehiaketan parte hartu duten 20 postuetatik onena Martuteneko Jose Manuel Zabalegi izan da. Bere atzetik, Tomas Larrañaga antzuolarra eta Esosi Etxebarria soraluzearra izan dira. Fruta lehiaketan 8 parte hartzaile baino ez dira egon, eta lehen saria Igorreko Urtzi Sarrionaindiak eskuratu du. Bigarren saria Kontxi Izagirre antzuolarrarentzat izan da eta Sonia Isasi Igorrearrak lortu du hirugarrena.

Gazta lehiaketa konplexuagoa izan da, epaimahaiak guztira 32 gazta dastatu behar izan ditu-eta. Aurten gainera hiru gazta onenek oso puntuazio antzerakoa lortu dute. Jon Etxeberriak lortu du lehen postua eta Elgoibargo Mausitxa baserriko Jesus Ansola eta Arabako Hermanos Auditana gaztagileen aurretik.

20 urte baino gehiago azoka antolatzen lan egin ostean Regino Valle, Carlos Arrondo eta Felipe Altunak omenaldia jaso dute. San Martin plazako taula gainean herritarren esker ona eta txaloak jaso ondoren, aurreskua dantzatu diete. Bukatzeko, Jaione Isazelaiak alkateak, "omenaldi honekin ez dizuegu agur esan nahi, hurrengo urtean ere hemen nahi zaituztegu-eta" gogorarazi die.

Hiruek umore onarekin hartu dituzte hitzok eta adin kontuengatik "errelebo" hitza aipatu duten arren, ziur hurrengo urtean ere parte hartuko dutela.  

Txomingeroak Iralan

Udalak mahaiak jarri, eta koadrila bakoitzak bere janaria eroan du. Batzuek lan handia hartu duten arren, gehienek tabernetatik ekarri dituzte jaki gozoak. Entsalada, arroza, haragia, urdaiazpikoa... janariak itxura ederra zuen.

Hala ere, herri bazkari informal honetan, garrantzitsuena jatekoa izan beharrean umorea izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak