Enrique Martinez Lozano: "Gizateriak eta planetak etorkizunik badute kontzientziaren eraldaketa bati esker izango da"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko ira. 13a, 10:00

Umearen psikologia ulertu eta bere barnetasuna zaintzen laguntzeko berbaldia egingo du Enrique Martinez Lozanok Bergaran. Mariaren Lagundia ikastolan izango da, datorren eguenean (19), 18:00etan, bailarako hainbat irakasleren ekimenez. Ondoren, Arantzazun ere izango da. Martinez Lozano hainbat liburu eta artikuluren egilea da, pertsonaren barnetasunarekin eta espiritualitatearekin lotutakoak gehienak. Apaiz izana, iaz sekularizatu zen.

Ze premia dauzka, orokorrean, neskatila edo mutiko batek?

Jakintzaren usadio guztien deskripzio klasiko bati erreparatuz gero, gizakian antzematen dugu dimentsio hirukoitz bat: gorpua, espiritua eta alde psikologikoa. Eta, alor bakoitzean, dagokion moduan erantzun beharreko premiak aurkituko ditugu, giza batasunez eta osotasunez hazi nahi badugu. Hortaz, jardun beharko dugu gorputzaren premiez (elikadura, atsedena, mugikortasuna); premia emozionalez (aitortua edo maitatua sentitzea harreman fisikoaren, begiradaren edo berbetaren bidez), eta premia espiritualez (bakea, zoriontasuna, isiltasuna, askatasuna, osotasuna, batasuna…).

Gaur egungo neskatila edo mutiko baten premiak eta duela 60 urteko batenak, esaterako, berdinak dira?

Ez dut uste premiak aldatuko zirenik, premia horiek adierazteko, hautemateko eta erantzuteko moduak baizik. Aldaketak batez ere zerikusia dauka testuinguru soziokulturalarekin eta kontzientziarekin. Baina gure erronka da premia horiei dagokion moduan erantzuten jarraitzea. Alde horretatik, adimen emozionalari edo adimen espiritualari azkenaldian ematen zaion balioa azpimarratzekoa da. Horrek ahalbidetzen du heziketa osoago bat.

Zer esan nahi duzu umearen barnetasunari buruz diharduzunean?

Barnetasunak gogora ekartzen dizkigu sakontasuna, oinarriak, erroak… Eta horrek gogora ekartzen dit Francisco Bernardez olerkari argentinarraren bertsoa: "Zuhaitza bizi da loretsu, lurpean daukanari esker" ("Lo que el árbol tiene de florido vive de lo que tiene sepultado"). Zentzu horretan, barnetasuna zaintzea da bizimodu osoa ahalbidetzeko baldintza.

Zela bereizten dituzu barnetasuna, espiritualtasuna eta erlijiotasuna?

Zentzu batean, barnetasuna eta espiritualtasuna sinonimo moduan har daitezke. Eta kontzeptu bien esanahia izan daiteke gizatasun-sakontasuna edo gizatasun osoa. Batzuetan, erlijiotasun kontzeptuak aurrekoekin antzekotasunik izan dezake. Baina hizkera arruntean, erlijioa da espiritualtasunak hartu duen forma historikoa. Irudi klasikoen arabera, espiritualtasuna da asetzen gaituen ura; ostera, erlijioa izango litzateke ura batzen duen ontzia. Edo, bestela, espiritualtasuna da denok konpartitzen dugun lurraldea eta erlijioa da orientazio-mapa bat. Horrek azaltzen du izan daitekeela espiritualtasun erlijiosoa, baina baita espiritualtasun laiko bat ere (Mariano Corbi), eta baita espiritualtasun ateoa ere (Andre Comte-Sponville). Erlijioek ez dute espiritualtasuna agortzen.

Zela landu dezakegu espiritualtasuna txikienekin eta zein da hori egiteko adinik egokiena?

Ezinbesteko baldintza da pertsona heldua bera, bere barnekotasunaz jabetzea eta horrek ematen dion aberastasunaz gozatzea. Izan ere, ezin dezakegu umea lagundu guk egindako bidea baino urrutiago. Horretaz gain, umea kontziente izateko moduko espazioak sortu eta praktikak garatu behar dira. Praktika psikologikoez ari gara, adimen emozional eta espiritualaz, umeari bere barnekotasunarekin ohitzen lagunduko dioten praktikez, bizi duenari izena jarriz eta hori kudeatzen ikasiz. Barnekotasunaren zaintza edozein adinetan sustatu beharko da, modu eta erreminta egokiekin, betiere. Gaur egun, geroago eta programa gehiago daude ume zein nerabeak 3 urtetik 18 urtera bitartean laguntzeko.

Familian zein lagunarte edo jendartean, ze zailtasun aurkitzen duzu umeen barnekotasuna lantzeko?

Positibismo eta zientifizismo zaharkituek zipriztindutako medio soziokulturalaren inertzia da oztopo nagusia. Gaur egungo aurkikuntza zientifiko berrienak beste norabide batean badoaz ere, indarrean irauten baitute. Beste arrazoi bat da guraso eta hezitzaileen esperientzia eta kontzientziarik eza alor honetan.

Argitara eman dituzun 12 liburuen artean, zeinetan lantzen duzu zehazki gai hau?

Vida en plenitud. Apuntes para una espiritualidad transreligiosa, liburuan jorratu dut gaia eta lagungarriak izan daitezkeen pistak ematen saiatu naiz, Madrilgo Editorial PPC argitaletxearen eskutik.

Umeen barnekotasunaren gaineko proiektu edo esperientziarik ezagutzen duzu Euskal Herrian?

Euskal Herritik kanpo, badira oso proiektu interesgarriak bi ikastetxe publikotan lantzen dihardutenak: Zaragozako Aulas Felices eta Valentzian ikasturte honetan ezarriko den Escuelas Conscientes. Proiektu zorrotzak dira, oinarri sendokoak eta asko eman dezakete. Lehenengoa Martin Seligman-en psikologia positiboan dago oinarrituta; bigarrenak Mindfulness-en garapenean du oinarria. Euskal Herrian nabarmenduko nuke Gasteizko Veracruz ikastetxean egiten ari diren lana barnekotasunaren hezkuntzan oinarritutako programa oso batekin. Aurki, horren gaineko liburu bat argitaratuko dute, Josean Manzanosek idatzia, Khaf argitaletxearekin.

Txikienengan barnekotasuna lantzeak ze onura ekar diezaioke jendarteari?

Barnekotasuna eta espiritualtasuna gizatasunaren sinonimo badira, eta kontzeptu horiek aintzat hartzen ez baditugu, gizakiari zerbait kentzen ari gara: oinarrizko atal bat anputatuko diogu eta, ondorioz, huts-sentipena eragingo diogu.

Oinarrizko dimentsio bati uko egitera behartuko genuke umea. Espiritualtasuna oinarrizko dimentsioa da, gorpuzduntasuna, afektibotasuna edo soziabilitatea diren moduan. Horregatik da garrantzitsua zaintzea adimen espirituala, dimentsio oinarrizko horiei, dagokion moduan erantzuten laguntzen digulako.

Barnetasuna lantzeak laguntzen digu pertsonak askeago, kontzienteago eta solidarioago hazten. Adimen espirituala da gure sakoneko identitatea ezagutu eta bizitzea ahalbidetzen duen gaitasuna. Gizateriak eta planetak etorkizunik badute kontzientziaren eraldaketa bati esker izango da, gauzak aztertu eta bizi izateko beste modu bati bide eginda.

Arantzazura zatoz bigarrenez jarraian. Zeri buruz jardungo zarete datorren astean, bertan elkartuko zareten 70 lagunek? 

Aurten krisi pertsonalen gaia jorratuko dugu, nire azken liburuaren tituluan oinarrituta: Crisis, crecimiento y despertar. Claves y recursos para crecer en consciencia. Oinarrizko uste sendo bati erreparatuz: "Erabakigarria ez da gertatzen zaiguna, gertatzen zaigunarekin egiten duguna baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak